Euskara

euskaltzaindiaEuskaltzaindiak bederatzi jardunaldi antolatuko ditu bere mendeurrena ospatzeko

Ehun urte beteko ditu Euskaltzaindiak datorren urtean, eta egitarau zabala antolatuko du mendeurrena ospatzeko. Ekitaldi instituzional, akademiko eta artistiko-kultural ugari izango dira, eta dagoeneko jakinarazi dituzte zenbait. Zehazki, egitarau akademikoa ezagutarazi dute: aurtengo irailetik 2019ko irailera bitartean, bederatzi nazioarteko jardunaldi egingo dituzte, euskararen lurralde guztietan. Euskaltzaindiaren jardun, eremu eta aztergai guztiei buruzkoak izango dira. 2018an, bi hitzordu izango dira: irailean, Baionan, Ipar Euskal Herritik euskararen batasunari egindako ekarpena aztertuko dute; eta urrian, Arantzazun, euskararen batasuna bera. 2019an, berriz, hauexek izango dituzte hizpide: urtarrilean, Iruñean, hizkuntza eskubideak;  otsailean, Gasteizen, ahoskera; martxoan, Bilbon, dialektologia; maiatzean, Bilbon berriro, literatura; ekainean, Gasteizen, onomastika; uztailean, Donostian, gramatika; eta irailean, Donostian bertan, teknologia berriak eta euskara. Mendeurrenerako propio sorturiko Euskara ehuntzen lelopean egingo dira ekitaldiok. “Euskaltzaindiak euskararekin, euskal kulturarekin eta euskal gizarte osoarekin duen konpromisoa berriztatzeko” baliatuko dute urtemuga, Andres Urrutia euskaltzainburuak esan duenez.