Sare sozialak

artizarraAditu euskaldunen unibertsoa saretuko du Artizarrak

Ikertzaile profesional euskaldunen arteko harremanak ahalbidetzeko asmoz, Artizarra aditu euskaldunen sare soziala sortu du UEU Udako Euskal Unibertsitateak. Adituen elkarlana eta eztabaidaguneak bultzatzeko ez ezik, komunitate zientifiko-profesional euskalduna ezagutarazteko ere jaio da. Hots, “euskaldunen sare sozial tekniko-zientifiko-profesionala da”. Aspalditik erabili izan ditu gizakiak izarrak, orientatu ahal izateko. Bada, egitasmoaren bultzatzaileen hitzetan, “Artizarrak ere erreferentziazko topagune izan nahi du”. Bestelako erreferentziak ere biltzen ditu sare sozialaren izenak: Artizarrak gainerako planeta gehienen kontrako errotazioa dauka, eta UEU ere ohituta dago “kontrakarrean” ibiltzera. Horregatik guztiagatik izendatu dute horrela sare sozial berria. Dagoeneko badago izena ematea, www.artizarra.eus gunean sartuta. Nolanahi ere, aurkezpen ofiziala maiatzaren 9an egingo dute, Bilboko Bilborock aretoan.