Norvegia

fjordZuhaitzen eraztunak, II. Mundu Gerraren ondorioen erakusle

Ingurumenak ere pairatzen ditu gerraren ondorioak. Askotan, ageriko txikizioak izaten dira, baina ez beti. Berriki, Alemaniako, Norvegiako eta AEBetako ikertzaile talde batek II. Mundu Gerraren arrastoak topatu ditu Norvegiako Kafjord-eko fiordoko zuhaitzetan. Haien eraztunak aztertu dituzte, zuhaitzen adina eta historia ezagutzeko balio dutelako. Hala, ondorioztatu dute gerraren eraginez hazteari utzi ziotela, zenbait urtez. Alemaniako itsas armadaren ontzirik handiena izan zenarekin, Tirpitz gerraontziarekin, du zerikusia: 1942. urtetik aurrera, Norvegiako kostaldea zaindu zuen, aliatuen inbasioak saihesteko. Etsaien hornikuntza konboietarako mehatxu larria zenez, Tirpitz hondoratzea lehentasun bilakatu zen RAF Erresuma Batuko Aire Armadarentzat. Alemaniako itsas armada ontzia ezkutatzen saiatu zen. Laino artifiziala baliatuta, adibidez, 1943. eta 1944. urteetan, gerraontzia Kafjordeko fiordoan zenean. Lainoa sortzeko, osagai korrosiboak baliatu zituzten. Horren berri bazuten historialariek, inguru hartako biztanleen orduko testigantzei esker. Orain, Mainzeko (Alemania) Johannes Gutenberg Unibertsitateko ikertzaile talde batek zuhaitzetan ere topatu ditu arrastoak. Izan ere, Tirpitz ainguratua egon zen inguruan, pinu eta urkien % 60k hazteari utzi ziotela egiaztatu dute: urte haietan, eraztun oso-oso gutxi sortu zitzaizkien. Ikertzaileen ustez, laino artifizialaren eraginagatik. Are, hamabi bat urte igaro ziren zuhaitzak berriro ere ohiko erritmoan hazten hasi ziren arte. Hau da, laino artifizialaren eragina nozitzeari utzi arte.