AEK Ar Redadeg ekimenean

redadegAbiatzear da bretoieraren aldeko Ar Redadeg ekimena (maiatzaren 4tik 12ra izango da). Aurten, hamar urte eta 5 edizio beteko dituela ospatzeko, mahai-ingurua antolatu, eta Europan egiten diren Korrikaren antzeko ekimenak gonbidatu dituzte parte hartzera. Hauek izango dira partaideak: Korrika (Euskal Herria), Correlingua (Galizia), Correlengua (Katalunia), Course Lingua (Val d'Aran), Le Passem (Bearn), Ar Redadeg (Bretainia), Ras Yr Laith (Gales) eta An Rith (Irlanda). Esperientziak partekatzeaz gain, beste gai garrantzitsu batzuk ere jorratuko dira mahai-inguruan. Batetik, ofizialki sortuko da Hizkuntzen aldeko lasterketen Europako sarea. Bestetik, bilkura amaituko da Hizkuntzen aldeko lasterketen Europako sare horretako partaideek elkarrekin osatuko dituzten proposamenak eginez eta jasoz, ekintza hauek nazioartean aurrerapausoak egin ditzaten.
Mertxe Mugika (AEKren koordinatzaile nagusia), Asier Amondo (Korrika arduraduna) eta Jakes Bortayru (Iparraldeko koordinatzailea eta Korrika batzordeko kidea) izango dira bertan. Halaber, elkarrekin korrituko dute, edizio bakoitzean ohikoa izan den moduan, Ipar Euskal Herriko AEK-k erositako kilometroa, maiatzaren 12an.