Ez gaude ohituak harmailak beteta ikustera

leireLeire Etxaniz
Pilotaria

Lehen Mailako Emakume Master Cup eskuz binakako txapelketa irabazi du, bigarren urtez jarraian, Etxanizek (Etxebarria, 1990), Olatz Arrizabalagarekin batera. Eibarko Astelena pilotaleku historikoan jokatu zuten finala, harmailak ikuslez gainezka zirela. Iaz, Emakume Master Cup lau eta erdiko txapelketa irabazi zuen. Gaztetan esku pilota utzi, eta palan jokatzen hasi zen; horretan ere, txapelketa mordoxka irabazi izan du.  Futbolean ere aritu zen, Artibai eta Eibar taldeetan. Umeak eta emakumeak entrenatzen aritzen da hainbat klubetan, bai pilotan, bai palan bai futbolean.

Gallastegi, Atano X.a, Beloki eta Eugi, Arrizabalaga eta zu... Astelenan txapeldun. Hori ezin du edonork esan!
Bada, ez. Egia esan, ez genuen espero Astelena betetzea. Antolatzaileek lortu zuten, eta halako egun handian gu txapeldun izatea oso pozgarria izan zen.
Astelena gainezka, giro paregabea, telebista zuzenean, eta txapela etxera.
Egun oso-oso biribila izan zen. Nire ustez, partida bikaina egin genuen; besteek, beharbada, akats gehixeago egin zituzten, eta baliteke horrek erabaki izana partida.
Ohituak al zaudete harmailak beteta ikustera?
Ez. Palan ere jokatzen dugu, baina partida horietan agian 20 pertsona hurbiltzen dira ikustera. Esku pilota txapelketari esker, jendea hasi da pilotalekura etortzen, eta horrek geu ere motibatzen gaitu.
Hiru Master Cup txapelketa, hiru txapel. Markak ezarriko dituzu...
Ez dut pentsatzen horretan. Txapelketak antolatzen jarraitzen badute, pozik hartuko dugu. Neskek esku pilotan jokatzeko bultzada urte askoan ematen bada, denontzat izango da oso pozgarria, eta aukera polita.
Zerk egiten zaitu hain arerio gogorra?
Agian, pazientzia handiak, luzaroan egon ahal naiz partida jokatzen. Fisikoki akitu egiten ditut, beharbada, eta horretaz baliatzen naiz partidak aurrera ateratzeko.
Katedrala da Astelena. Emakumeek bertan jokatzeak zer dakar berekin?
Finala bertan izango zela jakin genuenean, nik uste denok geundela irrikan han jokatzeko. Ederra izan zen profesionalek bezala guk ere han jokatzeko aukera edukitzea eta pilotalekua beteta ikustea.
Pilotari askori gertatzen zaizue: gaztaroan utzi behar, eta pala aukera bakar.
Beti gertatzen da berdin: gaztetan esku pilotan ibili, eta gero erremintara jotzen dugu neska gehienok. Txapelketa honi esker, eskola mailetan-eta dabiltzanek aukera izango dute, agian, esku pilotan jarraitzeko.
Zer eman dio Emakume Cupek esku pilotari?
Gauza asko. Eskola mailetan aritzen direnek ikusten badute badabiltzala neska batzuk, dagoeneko erreferenteak, eta ikusten badute haiek aukera asko dituztela telebistan-eta agertzeko, jende gehiago, umeak-eta, animatuko da esku pilotan jokatzera.
Zer gehiago behar da emakumezkoen esku pilota normalizatzeko?
Txapelketa gehiago. Urtarriletik martxora, binakakoa jokatzen dugu;  urritik abendura, lau eta erdikoa. Tartean ez dago ezer. Mutilen moduan, txapelketa jakin batzuk eduki beharko genituzke.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Kirolak.
Eta tristatu? Eguraldi txarrak.
Zerk eragiten dizu barrea? Lagunekin egoteak.
Eta negarra? Norbait ez dagoenean edo...
Zerk haserrarazten zaitu? Ez dakit... Ez naiz erraz haserretzekoa.
Bizio bat: txokolatea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Kirolaz lotutako zerbait.
Eta orain, zer ez duzu izan nahi? Medikua.
Pilotaleku bat: Eibarkoa.
Pilotari bat: Bat... Oinatz Bengoetxea eta Olatz Arrizabalaga.
Gogoan duzun partida... Lehenengo binakako txapelketako finala, Zornotzan.

Eñaut Mitxelena