Jolas eta solas

Hona hemen Pernandoren egia: jakinda ere, ez bada erabiltzen, jai dago. Edozein hizkuntzari aplika dakioke, baina euskarari gagozkiola, are nabarmenagoa da. Azken urteotako joerak ere halaxe erakusten du: euskararen ezagutzak gora egin arren, ezin gauza bera esan erabilerari buruz. Ugariak dira erabilera sustatzeko, mingainak askatzeko, egitasmoak eta saiakerak. Helduei begirakoak dira asko eta asko. Horiek bezain garrantzitsuak dira hizkuntza transmisioa ardatz dutenak, hots, gurasoen eta seme-alaben artean euskararen erabilera bultzatzea xede dutenak. Egunerokotasunean, aisialdian... euskara herrenka ibil ez dadin, gurasoei zein haurrei bultzada ematen diete, modu askotan: jolasean euskaraz eginez, seme-alabek eta gurasoek ekintzetan batera parte hartuz, etab. Askotariko egitasmoak dira, zein bere ezaugarriekin, baina helburu berarekin: familian euskaraz jardutea. Hiru ekarri ditugu ondorengo lerrootara, ikusteko eta ikasteko euskara ez dela ikastetxe edota euskaltegiaren lau hormen barruan geratzen. Euskara, bizi, erabiltzen delako bizi baita. Euskaraz bizi nahi bada, erabiliko delako baita. Serio zein olgetan. Eñaut Mitxelena, M. Egimendi.

errenteria

“Haurrak oso motibatuta etortzen dira; gurasoen parte hartzea indartu behar da”

Errenteriako Familia Jolasean egitasmoak familian euskaraz jolas egiteko aukera eskaintzen du. Errenteriako Udalak bultzatutako ekimena da, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearekin elkarlanean. Ordu eta erdiz aritzen dira, astero, herriko auzoetan, Ane Rubio eta Nagore Alonso dinamizatzaile eta hezitzaileen ardurapean. Rubiok berak azaldu dizkigu egitasmoaren nondik norakoak.

Ostiral arratsalde eguzkitsua. Errenteriako Kaputxinos auzoko Fuentepelayo plazatxoan, 6-8 urte bitarteko hamar bat haur jolasean ari dira, zalaparta alaian, Rubiok eta Alonsok gidatuta eta zainduta. Harrapaketa jolasaren aldaera batean ari dira. Horrela jardun ohi dute, eskuarki. “Erronka izeneko harrapaketa jolasa asko gustatzen zaie; Kanguro Jauna izenekoak ere sekulako arrakasta dauka; Krokodiloaren aintzira-k ere bai... Asko jolas kooperatiboak dira, eta beste batzuk, berriz, betiko jolasak, baina euskaraz”. Horixe da, hain zuzen, Parkean Jolasean egitasmoaren helburu nagusia: “Familiek euskaraz jolasten ikastea, haurrek eta gurasoek euskaraz jolasteko baliabideak eduki ditzaten, haien artean euskaraz egiteko”. Hots, aisialdian ere euskara erabil dezaten. “Azkenean, ematen du eskola dela euskararen gotorlekua edo. Haurrek txip hori dute: euskaraz egiten dute, baina eskolan. Hortaz, egitasmoaren helburua da haiek konturatzea parkean edo kalean daudenean ere euskaraz jardun behar dutela, edo jardun dezaketela. Txipa aldatzea lortu nahi dugu”.
Apiriletik ekainera, astero hitzordu bat izaten dute: ostiraletan, 17:30etik 19:00etara, herriko auzoren batean. Eguraldi ona eginez gero, kalean egiten dute jolas. Bestela, inguruko aterperen batean. Duela bizpahiru urte jarri zuten martxan egitasmoa, baina aurten hasi dira auzoz auzo egiten. “Lehen, hirigunean egiten zen, Merkatu Zaharreko eraikinean, eta familiek aldez aurretik ematen zuten izena. Gerora ohartu ginen horrela ez zela guztiz betetzen proiektuaren helburua, familia mota jakin batengana baino ez ginelako iristen: hirigunekoak eta euskaldunak. Baina auzoetan behar handiagoa dago. Oraingo moldea haietara heltzeko eta hango familiekin elkarrekintzan aritzeko modua da”. Rubiok dioenez, “auzoetan, familia erdaldun gehiago sumatzen ditugu. Hirigunean antolatzen ditugun saioetan, haurrek euskara gehiago erabiltzen dute, bai beren artean bai gurasoekin. Beste zenbait auzotan, haurrek guregana euskaraz jotzen dute, baina gurasoekin ez dute hala hitz egiten. Alde hori nabaritu dugunez, auzo horietan lan handiagoa egin behar delakoan gaude”.
Zortzi urte arteko haurrentzat da Familia Jolasean, eta, egun, ez dago izena eman beharrik. Nahikoa da hitzordura gerturatzea. “Antzeko kopuruak izaten ditugu, 10-15 haur” dio Rubiok. “Gustura parte hartzen dute, oso motibatuta” erantsi du. “Gurasoek gehiago parte hartzea falta da. Hortxe dugu lan handiagoa. Umeei esaten diegu gurekin jolastera hurbiltzeko, eta gurasoei esateko haiek ere hurbil daitezela. Dena den, normalean, ez da hala gertatzen”. Horrenbestez, “gurasoen parte hartzea indartu behar da. Agian, egitasmoari buruzko informazioa ez zaie ongi heldu, eta ez dute honen berri”.
Halere, pozik dira egitasmoak orain arte eman duenarekin. “Eguraldiak nahikotxo baldintzatzen du, baina lagun izan dugunean oso saio politak atera zaizkigu. Haurrak parkean beti jolas beretan aritzen dira, beti erdaraz, eta ikusten dugu helburua pixkanaka betetzen ari dela. Orain, adibidez, euskaraz ari dira; haien artean bakarrik ariko balira, ordea, ez lukete egingo. Ongi atera zaizkigun saioetatik gustura atera gara: nahiz eta familia osoak ez, haurrek euskaraz egiten dute”. Hala, euskara eskolatik kalera ateratzeko beharra nabarmendu du: “Umeak ohartu behar dira kanpoan ere euskaraz jardun dezaketela, eta jardun behar dutela. Aldaketa hori haurrak txikiak direnean burutzen bada, beharbada gerora euskaraz jardungo dute, inork bultzatu gabe. Aldaketa hori egiteko edo motibazio hori pizteko, bultzada behar dute orain”. Horretan buru-belarri jarri behar, beraz: “Lan handia egin behar dugu bai gurasoek bai hezitzaileok, bai irakasleek... Zaila izan arren, ez da ezinezkoa. Hizkuntza kalera atera behar da, eta hortxe erabilera sustatu. Honelako proiektuei esker lortzen da hori”.

andoain

“Umearekin euskaraz egin nahi duela esaten digu guregana etortzen den jende askok”

Gurasoak eta seme-alabak euskararen bidaian kide izan daitezen, Bidaide egitasmoa dute martxan Andoainen. Andoaingo Udalak eta AEK-k elkarlanean garatua, AEK-k kudeatzen du, Olatz Peñagarikanok (Anoeta, 1990) dioen moduan, herriko beste zenbait eragile eta norbanakoren “ezinbesteko” laguntzarekin: herriko ludoteka, Urki dantza taldea... Hain zuzen, Peñagarikano eta Ainara Loiarte  dira proiektuaren dinamizatzaileak.

“Euskararen transmisioa sustatzeko, ezinbestekoa da gurasoek umeekin euskaraz egitea. Ez badute entzuten, ez badute egiten, eurek ere ez dute egingo. Hortaz, erabilera akademikotik atera nahi genuen, eta egunerokotasunera ekarri, pixka bat aisialdiari begira: bai haurrei bai gurasoei elkarren artean euskaraz egiteko tarte bat eskaini”. Hori da, Peñagarikanok azaldu digunez, Bidaide egitasmoaren abiapuntua. Helburua, beraz, argia da: “Heldu zein umeek euskaraz egitea haien eguneroko harremana”.
Bidaide ez zen hutsetik hasi Mintzalaguna egitasmoa, 2011n abiatua, izan zen hazia. “Urteak aurrera joan ahala, bestelako beharrizanak sortu ziren. Hutsunea sumatzen genuen familien esparruan, gurasoek eta haurrek euskaraz egiteari dagokionez”. Horren harira, Gurasolaguna ekimena sortu zuten, gurasoentzat propio. Egitasmo horrek ere bilakaera izan zuen, tailerrak eta bestelako ekintzak antolatzen hasi baitziren. “Horren adar gisa sortu zen Bidaide”.
Urte osoan, sei hitzordu antolatzen dituzte. “Iruditzen zaigu maiztasun hori ongi dagoela; ekintza gehiago egingo bagenitu, agian jendea nazkatu egingo litzateke”. Aurtengo ikasturtean honakoak izan dituzte: gozogintza tailerra, jolas kooperatiboak,  ipuin kontalaria, eskulanen tailerra eta dantza tailerra. Maiatzean, euskarazko aplikazioei buruzko saioa egingo dute.“Urtetik urtera zertxobait aldatzen saiatzen gara”.
Peñagarikanok jakinarazi duenez, “2013/2014 ikasturtean hasi zen martxan. Formatua aldatu egin zen, baina harrera ona izaten ari da”. Batez beste, 20 bat lagun elkartu ohi dira saioetan, “guraso eta haur. Elkarlanean aritzen gara, umeak ez dira bakarrik aritzen. Jolasa bai, baina elkarrekin”. Horixe baita Bidaiden parte hartzeko baldintzetako bat: haurra helduren batekin agertzea. Horrez gain, gutxi-asko, baina “euskaraz jakitea” ere eskatzen dute, “haurrarekin oinarrizko komunikazioa bermatzeko”. Bestela, parte hartzea doakoa da, eta izena eman besterik ez da egin behar. Adin tarte jakinik ere ez dute zehazten: “Normalean, 5 eta 8 urte bitartekoak izaten dira, gazteagoak ere bai. Baina ez dugu mugarik jartzen. Hori tailerra antolatzen duenak zehaztu ohi du, jardun motaren arabera”.
Parte hartzearekin gustura dira. “Gurasoen eta haurren arteko harremana euskaraz izan dadila transmititu nahi dugu, eta uste dut lortzen ari garela. Gustura gaude,  jendea hurbiltzen zaigulako, eta pozik sumatzen ditugulako. Gero, hemendik kanpo benetan erabilera zein den, ez dakigu. Hori da arazoa”. Nolanahi ere, transmisioarekiko kezka “sumatzen dela” dio, eta gurasoek “argi” daukatela umeekin euskaraz hitz egin behar dutela. “Egin kontu, guregana etortzen den jende askok hauxe esaten digu: ‘Umearekin euskaraz egin nahi dut, harreman hori bermatu nahi dut’. Horixe da, askotan, gakoa”.
Motibazio horri bide ematen dio Bidaidek, eta “gurasoek eskertzen dute”. Horrenbestez, egitasmoarekin jarraitzeko asmo irmoa dute. Beharra ere badago: “Ikastolari esker, asko euskaldundu da herria, baina egunerokotasunean gazteek ez dute erabiltzen”. Ondorioz, lanean jarraitu behar,  aisialdian ere euskarari leku egiteko. “Dibertitzeko ere balio du euskarak, ezta? Bada, ongi pasatzeko eta familian euskaraz egiteko aukera ona da Bidaide”. Hala, Peñagarikanok egitasmoan parte hartzera animatu du jendea.

testi“Sarea sortu nahi dugu umeekin euskaraz aritu nahi duten gurasoen artean”

Rozio Luces (Montevideo, Uruguai, 1978) Getxoko Egizu euskara elkarteko teknikaria da. Egizuk hainbat programa antolatzen ditu, Getxoko Udalaren laguntzaz, gurasoen eta umeen arteko harremanean euskararen erabilera errazteko. Besteak beste, Olgetan Euskaraz eta, aurten lehendabizikoz, Binbili-Bonbolo.

Olgetan Euskaraz duela zazpi-zortzi urte jarri zuten martxan: “Euskaraz dakiten gurasoak saretzeko; horiei baliabideak emateko, seme-alabekin euskaraz jardun dezaten; umeek ikusteko esparru horietan helduek euskaraz egiten dutela eta euskaraz bizi gaitezkeela...”. Hasiera batean, talde guztiek euskaraz egiten zuten, baina gero talde mistoak osatzen hasi ziren, “oraindik euskaraz egitera animatzen ez direnekin edo ezer ez dakitenekin”. Talde hauetan, kanten eta jolasen itzulpena ematen diete, eta ele bitan aritzen dira, “nahiz eta, askotan, ez dagoen zertan hizkuntza jakin kantatzeko eta jolasteko”. Talde misto horien helburua ere bada guraso horiek euskara ikastera animatzea: “Horrela, batzuek euskara gehiago erabiltzea eta baten bat euskaltegira joatea lortzen dugu”.
Ekimen honen jatorria Gurasolagun talde batean dago: “Guraso batzuek umeekin batera jardun nahi zuten. Aisialdia aprobetxatu nahi zuten umeekin egoteko eta baliabideak eskuratzeko, gehienak euskaldun berriak izanik txikitan ez zutelako euskaraz jolastu edo kantatu”. Beraz, haien proposamenari erantzuteko sortu zen proiektua.
Parte hartzen duten ume gehienak D eredukoak dira, baina badira B eredukoak ere. Astean behin, ordubetez elkartzen dira 2 eta 5 urte bitarteko haurrak gurasoekin, haur kanta tradizionalak (Jira Bueltan bildumakoak) eta berriagoak (Pirritx, Porrotx eta Marimototsenak) abesteko, baita aho korapiloak, asmakizunak eta bestelako jolasak ere: “Batzuetan, umeek eurek proposatzen digute kantaren bat. Beste zenbaitetan, errepikatu egin ditugu aurreko asteko jolasak, haiek hala eskatuta”. Saioak bideratzeko, hainbat laguntzaile dituzte: “Erretiraturiko andereñoren bat, aisialdiko begiraleak, ipuin kontalariak, neu ere bai noizbait... Jolasarekin eta ahozkotasunarekin sentsibilitatea daukan edonork egin dezake, materiala hainbat karpetatan sailkatuta baitugu”.
Hasieran, udaberrian antolatzen zen Olgetan Euskaraz, baina “gurasoek proposatu ziguten neguan egitea. Ikastetxeetan egitea pentsatu genuen orduan, haiek ere nolabait inplikatzeko. Gainera, haien baliabideak eta azpiegiturak erabil ditzakegu (haur hezkuntzako psikomotrizitate gela, gimnasioa...)”. Iaz arte, ikastetxeko jolastokian egindako ginkanarekin eta askariarekin amaitzen zuten zikloa; aurten, baina, Urdaibaiko Basondo fauna babeslekura joan dira egun pasa. “Egun osoko irteera horretan, taldeetako gurasoek elkar ezagutzeko aukera izan zuten”.
 Urtarrila eta martxoa bitartean, hainbat talde osatzen dituzte Getxoko auzoetako eskoletan: “Batzuetan, ume bat edo bi etortzen dira guraso batekin, beste batzuetan bi guraso ume batekin edo birekin... talde bakoitzean dozena bat lagun izaten dira guztira”.
Gurasoek oso iritzi ona dute: “Gehienetan, ahal badute, errepikatu egiten dute. Bi urterekin hasten diren askok 5 bete arte jarraitzen dute; gero, adin horretan eskolaz kanpoko ekintzak hasten direnez, zaila izaten dute gurekin jarraitzea. Dena den, guk ez diegu aterik ixten. Aurten, adibidez, 7 urteko bat egon da, arreba txikiarekin etorrita. Halere, horiei programa ez zaie hainbeste gustatzen, besteak txikiagoak direla ikusten dutelako eta egun osoa eskolan eman eta gero nahiago dutelako kalean egon”.
Egunotan, beste egitasmo bat abiatzen ari dira: “Ume txiki-txikiekin lantzeko baliabiderik eza antzeman genuen: sehaska kantak, altzoan jolastekoak, esku jolasak, haur hizkera jorratzekoak...”. Ondorioz, Binbili-Bonbolo antolatu dute, maiatzerako, jaioberriekin aritzeko. Jira Bueltan eta Bularretik Mintzora materialak izango dituzte oinarri hiru ordu laurdeneko lau saio osatzeko, astean behin. Berriz ere, “jolas egitea eta, batez ere, seme-alabekin euskaraz aritu nahi duten gurasoen arteko sarea sortzea” izango dute xede.