Gaztelugatxe bisitatzeko sarrera kobratuko zenukete?

ikamika

Bisitari ugari erakartzen ditu Gaztelugatxek, are gehiago Game of Thrones telesailaren pasarte batzuk bertan grabatu zituztenetik: iaz, Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren lekurik bisitatuena izan zen, Bilboko Guggenheim museoaren ostean. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxeko jarduera arautzeko asmoa agertu du: bisitari kopurua mugatzeko, gehiegizko bisitek eragiten dituzten arazoak saihesteko eta ingurunearen babesa ziurtatzeko, baita Gaztelugatxek turismoan duen eragina Bizkaiko kostalde osora zabaltzeko ere. Planak 85 proposamen jaso ditu, baina bat bilakatu da hizpide nagusi: Gaztelugatxen sartzeko sarrera ordainarazteko aukera. Ezer finkorik ez da erabaki oraindik, baina gaiak piztu du zeresana. Zer iruditzen zaizue Gaztelugatxe bisitatzeko sarrera ordaindu behar izatea? Bermeoko AEK-ko C1 mailako taldea.

1. David
Argi dago Gaztelugatxe turistaz lepo dagoela, batez ere asteburu eta jaiegunetan. Ez nago batere ados sarrera ordaintzearekin, eta, horren ordez, hara joateko garraio kolektiboa erabiltzera derrigortuko nuke, ingurua bere horretan mantentzeko. Kobratuko nituzke, adibidez, bisita gidatuak edo antzeko zerbitzu gehigarriak.
2. Jon Ander

Ondo deritzot sarrera ordaintzeari Gaztelugatxe bisitatzeko. Gaur egungo egoera jasangaitza da: trafiko arazoak, aparkaleku gutxi, jende asko eta zerbitzu murriztuak. Horri aurre egiteko beharrezko inbertsioa berdintzeko, bisitariek ordaintzea ondo legoke.
3. Imanol R.
Urtez urte, harriz harri, boluntario talde batek Gaztelugatxeko baseliza eta ingurua jagoten ditu, eta ez dut uste sarrera kobratzea bidezkoa denik. Ados nago kontrola jarri behar dela, baina azter ditzatela beste aukera batzuk.
4. Imanol A.
Ondo irudituko litzaidake Gaztelugatxerako sarrera ordaintzea, baina epea mugatuko nuke, apiriletik urrira, adibidez. Hala eta guztiz ere, tarte horretan, ekainaren 23a eta 24a salbuetsiko nituzke, bermeotarrontzat garrantzitsuenak baitira urteko bisita egiteko.