Gasteizko bizkarrezur berdeak, 25 urte

gasteiz

Europako hiriburu berdeenetako batean bizi dira gasteiztarrak. Hala berretsi zuen, iragan martxoan, FAOk,  Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak. Domina ez dute egun batetik bestera lortu: 25 urteko lanaren zuzeneko ondorioa da Arabako hiriburua inguratzen duen “eraztun berdea” sendotzea. Bidea ez da samurra izan, presio ugari izan baitira, eta oraindik ere badaude,  batik bat hirigintzaren aldetik. Estitxu Ugarte.

Europako hegoaldeko korridore ekologikoaren erdian dago Gasteiz, Alpeak eta Iberiar Penintsulako iparraldeko mendiak lotzen dituen eremuan, hain zuen. Lautada batean, Gasteizko mendiak hegoaldean ditu, Badaiako mendilerroa ipar-mendebaldean, eta Zadorra ibaia iparraldean. Hiria eta mendia elkartzen dituzte Gasteiz inguratzen duten milaka nekazaritza lursailek.
Hiria zabaldu ahala, 50eko eta 60ko hamarkaden artean, hirigintzaren garapenak ingurugiroa kaltetu eta baserriko bizimodua hankaz gora jarri zuen; nekazaritza lurrak ez ziren guztiz abandonatu, baina hiriaren zabalkuntzak ingurumena andeatu zuen: txabola asko inongo kontrolik gabe eraiki ziren, zabortegiak sortu ziren… Bat-batean, urte luzez baratzea eta lur emankorra izandako eremu zabala nork jorratu gabe geratu zen.
Eraztun berdearen proiektua
Arazoari aurre egiteko ordua zela iritzita, Udalak inguruko lurrak berreskuratzeko eta lehengoratzeko erabakia hartu zuen. Hiritarrek lan horretan esku hartu behar zutela uste zuen garaiko Jose Angel Cuerda alkatearen gobernu taldeak, eta, hala, lan egin zuen Gasteiz inguruko natura eremua berezkoa senti zezaten. Halaxe jaio zen, 90eko hamarkadan, Ingurumen Ikerketarako Gunea. Helburu nagusia izan zen hiritarren olgetarako eremu berde bat sortzea, baita, bide batez, paisaiaren balioak berreskuratzea ere.
Hogeita bost urte bete dira erabaki hura hartu zutenetik, eta, egitasmo ugari abiatu ostean, emaitza bistakoa da: 800 hektareako inguru berdea du hiriak, non garrantzi handiko sei parke ekologiko dauden, hala nola Armentiako erkametz basoa, Errekaleor eta Zadorra ibaien sistemak, edo Euskal Herriko hezegune kontinental baliotsuena: Salburukoa. Hain zuzen, Salburuko hezegunea eta Zadorra ibaia Natura 2000 sarean eta Ramsar zerrendan daude, “babes bereziko gune” izendatuta.
Egun, Eraztun Berdea Gasteizko hiri egituraren gako nagusietako bat da, eta hiritarren pentsamoldea aldatzen ere lagundu du. Laguneko 58 metro karratuko gune berdea dago Arabako hiriburuan, bidezidor eta bidegorri artean 90 kilometroko ibilbidea, eta herritarrek tokiko 250.000 zuhaitz landatzen lagundu izan dute, hiru urtean,  73 gunetan.
Salburuko harribitxia
Gasteizko azpiegitura berdearen bizkarrezurra ibaiak dira, bai eta hezeguneak, parkeak eta kaleko zuhaitzak ere, eta Salburua da harribitxia. Hezegunea berreskuratzeko jarraituriko prozesua eredugarria da; izan ere, natur ingurune garrantzitsua leheneratzeko ez ezik, uholdeak ekiditeko ere balio izan du. Beste toki batzuen artean, Salburuko parkean ere egiten du gainezka Arabako Lautadaren azpian dagoen akuifero kuaternarioak. XIX. mendean, hezegunea lehortzeko lanak egin ziren, lurrak nekazaritzarako erabili ahal izateko. 1994an, baina, Gasteizko Udalak, Ingurumen Gaietarako Zentroaren eskutik, hezegunea leheneratzea erabaki zuen. Lehenengo, Betoñuko urmaela leheneratu zuten, aintzirako kanala itxiz. Geroago, Arkautikoa birsortu zuten, eta gainerako urmaelak ere bai.
Berrehun hektareako parkean barrena ibiltzeko, urmael nagusiak lotzen eta inguratzen dituzten ibilbideak eraiki dituzte, eta, Ataria izeneko interpretazio zentroari eta hegaztien bi behatokiei esker, hango natur aberastasuna ezagutzeko eta parkeaz gozatzeko aukera dute gaur gasteiztarrek.
Larragorri parkea, hiria ixteko
Hogeita bost urtean egindako aurrerapena handia bada ere, asko dago egiteko oraindik: hiriko hegoaldean, andeaturiko eremuak konpondu behar dira, eta korridore ekologikoak zabaldu, batik bat Eraztun Berdea ixteko eta hiriko gune berdeen arteko lotura finkatzeko.
Hala, Lasarteko  antzinako legar hobien gainean Larragorri izeneko parkea eraikita, Udalak Eraztun Berdea hegoaldetik ixtea aurreikusten du. Zenbait lan egingo dituzte bertan: Abendaño, Batan eta Zapardiel errekak desbideratu egingo dituzte, eta berdegune handi bat egokituko dute hor, uholde arriskuari irtenbide naturala emateko asmoz. Halaber, baltsa handi bat sortuko dute, eta esparru zabal horrek aisialdirako gune bat eta oinezkoentzako zein txirrindularientzako ibilbideak hartuko ditu.
Salburuaren bikia izateko xedea du Larragorri parkeak. Gainera, aukera emango du mendian beherako errekek hiriko araztegietan eragiten dituzten arazoak konpontzeko. "Hegoaldean, beste Salburua bat behar dugu. Batan eta Zapardiel ibaiek hiria bera eta hiriko araztegia kolapsatzen dituzte, eta parkean egokituko den baltsa berriak hori bideratzeko balioko du" adierazi dute Ingurumenaren Ikerketarako Gunearen arduradunek.
Aurreikusitakoaren arabera, hiru urteko epean Larragorriko obraren lehenengo faseari ekingo diote, baina, lehenengo, Lasarteko legar hobiak eta inguruko lurrak desjabetu behar ditu Udalak. Egun Lasarte inguruko lurren erabilerari buruz udal alderdi politikoen artean adostasun handia badago ere, urte askoan egundoko tirabiren iturburu izan da. Izan ere, bere garaian, Vital Kutxak etxebizitzak eraiki nahi izan zituen, eta, higiezinen burbuilak eztanda egin zuenean, lehengo PPko Udalak  errepide bat egiteko proiektua abiatu zuen.
Hortaz, Gasteizko Mendiak hirigintza proiektuetatik babestea da Larragorri parkea sustatzeko bigarren helburua: "Gasteizko Mendiak hiriaren arima dira, miraria da gaur egun ere egoera bikainean izatea. Halako natur eremua oso erakargarria da, hiritik gertu-gertu dagoelako. Alta, mendien kudeaketa tradizionalari eta komunalari esker, elite ekonomikoek ez dituzte natur inguruneak okupatu, beste herrialde batzuetan bezala”. Hala mintzo da Luis Andres Orive, Eraztun Berdearen sustatzaile nagusi eta Gasteizko Ingurumenaren Ikerketarako Gunearen zuzendaria.