Jomugan dago Larrunen etorkizuna

larrun

Larrun mendiaren silueta (905 m) nabarmentzen da, zeruertzean, Lapurdiko kostaldeko edozein lekutatik ia. Tontor puntazorrotz deigarria du, eta antena luze bat ere bai. Inguruko turismo kanpainetako ikur nagusietako bat da, gainera, San Inazio lepotik tontorrera doan kremailera trena dela eta. Urtean 360.000 bisitari izanda, Pirinio Atlantikoetako Departamentuan turista gehien erakartzen duen lekua da. Kalapita piztu du, ordea, azken urtebetean, Larrun 2020 proiektua dela eta. Euskal Herrian pil-pilean dagoen turismo ereduaren inguruko eztabaida Larrungo magalera iritsi da. Unai Oiartzun.

Tren ttipia eraberritzeko proiektu zabala aurkeztu zuen Pirinio Atlantikoetako Departamentuak, iazko ekainean. Egungo azpiegituretan konponketak ez ezik, desadostasunak eragin dituzten berritasunak ere aurreikusten ditu proiektuak: beste bi tren martxan jartzea, edo mendi kaskoa inguratzeko zaldain bat eraikitzea, besteak beste. Larrun Ez Hunki kolektiboa sortu dute inguruko herritarrek, proiektua geldiarazteko helburuarekin. Urruñako, Azkaineko eta Sarako herriko etxeak, ordea, departamentuarekin elkarlanean jardutearen alde agertu dira. Mugaren beste aldean, Berako Udala (Nafarroa) ez dago proiektua babesteko prest.
1924. urtean jarri zuten martxan Larrungo kremailera trena, turistak tontorrera eramateko xedez. Izan ere, ikuspegi panoramiko ederraz goza daiteke bertan. Société Anonyme des Chemins de Fer Basques enpresak kudeatu zuen hamarkada askoan. 1994tik aurrera, Veolia enpresa multinazionalak kudeatu zuen. 2012an, Pirinio Atlantikoetako departamentuak hartu zuen bere gain; harrezkero, EPSA erakunde publikoak kudeatzen du. “Urrats positiboa izan zen hori, multinazionala tresna publiko batekin aberasten ari baitzen” adierazi du Ellande Alfaro Larrun Ez Hunki kolektiboko kideak. Trenaren azpiegiturak, ordea, ez dira hamarkadatan aldatu. Horretan ados daude eztabaidan parte hartzen ari diren eragile guztiak.
Aurreikusitako lanen oinarrian segurtasuna eta irisgarritasuna daudela baieztatu dute, hain zuzen ere, proiektuaren aldekoek. “Baitezpadakoa da berrikuntza” adierazi du Battitte Laborde Sarako auzapezak. Trenbidea zahartua dagoela, tontorrean komunik ez dagoela eta San Inazio lepoan autoetarako aparkaleku nahikorik ez dagoela arrazoitu du Labordek, besteak beste. Gainera, gogoratu du EPSAk Gourette eta Arette eski estazioak ere kudeatzen dituela, haietan diru asko inbertitu duela, eta Larrunek ez dituela behar-beharrezko konponketak ukan. Atsekabez dio 2018. urtea ere konponketarik gabe joango dela. Lanak ez dira hasi, eta, ondorioz, agerian gelditu da 2020koa ez dela data errealista.
Benetako helburuari buruzko zalantzak
XX. mendearen lehen hamarkadetan, bi tren ibili ziren Larrunen. Urtean 70.000 bisitari inguru hartzeko gaitasuna zuen, modu horretan. Gaur egun, lau tren daude, eta urteko bisitarien kopurua bost aldiz handiagoa da. Larrun 2020 proiektuaren baitan, beste bi tren martxan jartzea aurreikusten du departamentuak. Gasolioz ibiliko lirateke; hala, elektrikoek matxurarik izango balute, haietara jotzeko aukera legoke. “Segurtasun” neurria dela adierazi du Battitte Labordek. Larrun Ez Hunkiko Ellande Alfaroren ustetan, ordea, bisitari gehiago garraiatzeko erabiliko dituzte: “Egunik onenetan, 4.000 bisitari igotzen dira orain. Beste bi tren jarrita, 6.000 ere izan daitezke”.
Larrun Ez Hunki plataformako kideen beste kezka nagusia da Larrun mendiaren kaskoan egin nahi duten obra. Proiektuan, trenaren ibilbidearen amaierako geltokitik abiatzen den pasarela luzea ikus daiteke. Terraza, kontzertuak ikusteko harmailak, txirristak eta hotel esklusibo gisa funtzionatuko luketen hiru bagoi ere agertzen dira. “Bistan da benetako helburua dela erakargarritasun turistikoa garatzea” salatu du Alfarok. Izan ere, 2015ean departamentuak egindako azken ikerketen arabera, Larrungo bisitarien kopurua egonkortu egin da azken urteotan, hau da, ez da handitu. Bada, Ellande Alfaroren aburuz, mendi kaskoari begirako proiektua horretara dago bideratuta. EPSA enpresak kudeatzen dituen atrakzioen artean, Larrungo trenak baino ez ditu irabaziak eragiten. “Gouretten eta Aretten diren galerak konpentsatzeko atera nahi diote ahalik eta etekin handiena” iradoki du Alfarok.
Mendi tontorra dela kontuan hartuta, Larrungo kaskoa dagoeneko badago nahiko andeatuta. Telekomunikazioetako antena handiaz gainera, bi benta daude. “Horietako batek, bereziki, sarraskia egin zuen bere garaian, hormigoia nahi bezala paratu baitzuen” azpimarratu du Asier Calderon Larrun Ez Hunkiko kideak: “Dagoena kentzea zaila izango da, baina ez dugu onartuko mendia are gehiago kaltetzea”. Battitte Laborde Sarako auzapezak nabarmendu du herria Natura 2000 sareari lotua dagoela, eta, hortaz, ez dagoela Larrun urratzearen alde. Zaldainari dagokionez (honek eragin du ika-mikarik handiena), iritzia erabat argitu gabe, departamentuak aurrera eraman ahal izango duen ere zalantzan jarri du: “Diru laguntza handiak lortu beharko dira horretarako”.
Eredua bera dago eztabaidan
Hain zuzen ere, Europa mailako diru laguntzak dira proiektuaren finantzaketaren adar nagusietako bat, mugaz gaindiko proiektua denez gero. Asier Calderonek argi du horixe izan dela zaldaina Berako lurretara luzatzeko arrazoia: “Laburragoa ere izan zitekeen, baina interesatzen zitzaien Berako aldea ukitzea”. Hegoaldean, ordea, ez dute proiektua begi onez ikusi. Berako Udalak  kontrako jarrera erakutsi du hasieratik. Josu Iratzoki alkateak uste du Larrun mendia nahikoa kaltetua dagoela dagoeneko. Berako Udalak aho batez baztertu du kaskoan pasarela eraikitzeko aukera: “Mendiari beste koska bat kentzeko modua besterik ez da”.
Nafarroako Gobernuak ere ez du proiektua babestu. Lurraldeko beste natur gune batzuetan masifikazioa gertatu denean, bisitarien kopurua arautu egin dela azpimarratu du Iratzokik: “Urederran, adibidez, inguruan kalterik eragin gabe aldi berean zenbat lagun izan daitezkeen ikertu dute. Hala, bisitarien jarioa txartelen bidez zaintzen da, lekua aldez aurretik hartuta”. Gaur egun, 450 lagun egon daitezke, gehienez, Urederra ibaiaren iturburuan.
Iparraldeko herriko etxeak, alabaina, ez daude bisitarien kopurua arautzearen alde. Battitte Labordek uste du Larrunen erakargarritasunaz baliatu beharra dagoela, Euskal Herriko ataria izan dadin. “Larrungo trenean inkestak egiten dituzte, eta bisitariei bidean ikusten dutenari buruzko azalpenak jasotzea interesatzen zaie gehien. Zentzu horretan, gure burua saltzen asmatu behar dugu, beste sektoreak indartzeko. Hasteko, laborantza”. Euskal Hirigune Elkargoan kalitatezko turismo eredua garatzeko lanean ari direla azaldu du Labordek.
Ezin ukatu turismoak eragin handia duela eskualdean. Sarako plazan bertan, esaterako, hiru hotel daude. Larrungo trenaz gainera, leizeak ditu bisitariak erakartzeko gune nagusi. “Turismoak lanpostuak sortzen ditu” dio Labordek, baina Calderonek salatu du lanpostu horiek, gehienetan, prekarioak izaten direla. Larrun Ez Hunki plataformako kidea ez ezik, LAB sindikatuko ordezkaria ere bada, Beran. “Oreka bilatu behar da. Turismoa ona da, baina neurri batean, eta ezin da zalantzan jarri bertan bizi direnen bizimodua; kasu honetan, mendiaren biziraupena” diosku.
Berako eta Sarako mendizale asko jada ez dira Larrunera igotzen. “Masifikatuta dagoelako, mendiko botekin igo eta jendea takoiekin topatzen duzulako” argitu du Calderonek: “Bestalde, trenaren erabiltzaile askok uste dute bidean ikusten dituzten animaliak beraientzat jarri dituztela, eta han joaten dira ukitzera, haurrak gainean jartzen dizkiete... Tamalgarria da”. Edonola ere, denen ikurra da Larrun, balio historiko handiko parajea. Horrexegatik egin dute bat plataformako kideek, departamentuaren proiektuari aurre egiteko. Oraingoz, lozorroan dago, bidean topaturiko zailtasunengatik.