Gerra ez dadin hemen hasi

gerra

Aldizkari hau inprentara eraman genuenean, 19 egun falta ziren diru bilketa bukatzeko, www.goteo.org webgunean. Ordurako, 11.106 €€ zeuzkan Gerra hemen hasten da dokumentala sortzeko egitasmoak, 199 finantza kidek emanak. Joseba Sanz ari da dokumentala egiten, Saudi Arabiak Yemengo herritarren aurka erabiltzen dituen lehergaiak1 Bilboko portutik ateratzen direla, edo zirela, salatzeko. M. Egimendi. Argazkiak: Joseba Sanz.

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak eta Kontzientzia Eragozpen Mugimenduak osatu dute Gerra hemen hasten da batzordea. Hortxe aurkeztu zuen Joseba Sanzek dokumentala egiteko proposamena: “Ignacio Robles suhiltzaileak iaz egin zuena ezagutu nuenean, berehala irudikatu nuen buruan istorioa: hemendik armak esportatu, handik errefuxiatuak etorri, zuzeneko lotura dago”. Roblesi Bilboko portura joatea egokitu zitzaion, iazko martxoaren 13an, zamaketa lan bat ikuskatzera. Zerbait susmatuta, iritsi bezain pronto galdetu zuen zer zegoen kontainerretan. Erantzun hau jaso zuen: “Lehergaiak, Saudi Arabiarako”. Berak horretan ez zuela parte hartuko esan eta alde egin zuen. Espedientea ireki zioten, baina, zigorra baztertuta, faltatzat hartu dute haren jarrera, “ziurrenik, polemika gehiago ez eragiteko”. Izan ere, epaiak argi dio zorrotz jokatuko dutela, horrelakoren bat berriro gertatuz gero: lanik eta soldatarik ez hiru eta sei urte bitarteko epean.  
Oraindik ere aldaketak egon daitezkeen arren, dokumentalaren narrazioa bi pertsonaia nagusiren bidez osatzea aurreikusi du Sanzek. Bata, Ignacio Robles suhiltzailea. Bestea, Solidarios sin Fronteras erakundearen Yemengo koordinatzaile Faten Al Osimi. Honen elkarrizketa grabatzeko, Sanz bisatua lortzen saiatu da azken hiruzpalau hilabetean, baina “oso zaila da, ia ezinezkoa, gaur egun Sana hiriburuan sartzea. Kazetari batzuek lortu dute Djibutitik Yemen hegoaldeko Aden hirira ferryz iristea, baina Sanako aireportua blokeatuta dago eta itsasorako bidea ere bai”. Hala ere, Sanzek baditu kontaktuak han, zazpi aldiz joan zelako Yemenera gerra hasi baino lehen, bidaia agentzia bateko gida lanetan. Hortaz, eta besterik ezean, kamerari yemendar bat kontratatu dute, elkarrizketa hemendik igorritako gidoiari jarraituz grabatzeko. Bestalde, hemendik bidalitako armamentua ere aurkitu nahi dute han: “Espainiako gerra materiala topatu da Saudi Arabiako armadaren esku, esaterako, Zaragozako Instalaza enpresak fabrikatutako granada jaurtigailu bat; edo Pegaso 600 gerra kamioia, Andaluzian egiten dena; baita beste ibilgailu txikiago batzuk ere. Zailagoa da, ordea, hemendik ateratzen dena aurkitzea, lehergaiak eztandan txikitzen direlako”.
Bi pertsonaia nagusi horien artean txertatuko ditu Sanzek gainerako elkarrizketak: hainbat kolektibo, Gernikako Astra Koordinadora, Eibarko Armagintzaren Museoa, armagintzan jardundako langileak, historialariak, bestelako adituak... Armagintzan diharduten enpresak gonbidatzeko asmoa ere badu, “beren burua defenda dezaten, hala nahi badute. Prest gaude baldintzak nolabait negoziatzeko”. Halaber, Eusko Jaurlaritzari eta EHUri ere eman nahi die hitza: “Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen ditu armagintzan diharduten euskal enpresak. Beraz, Giza Eskubideen Zuzendaritzako norbait edota Jonan Fernandez bera elkarrizketatzea interesgarria izango litzateke. Bestetik, EHUko batzorde etikoak ere esan beharko luke zerbait, EHUk lankidetza eta prestakuntza hitzarmenak dituelako armagintzako enpresa batzuekin”.
Crowdfunding sistema aukeratu dute dokumentalerako dirua biltzeko: “Eusko Jaurlaritzari edota beste erakunde batzuei ezin diegu eskatu, oso dokumental kritikoa egingo dugulako, eta ez dugu nahi haiek gure mezua baldintzatzerik”. Hasierako asmoa euskara hutsean egitea bazen ere, azkenean elkarrizketak jatorrizko hizkuntzan azaltzea erabaki du Sanzek, azpitituluak jarrita: “Ez da off ahotsik egongo, beraz, elkarrizketatuek konfiguratuko dituzte bai egitura bai hizkuntza”.
Helburu lorgarriak
Horrelako ekimenei eta mobilizazioei esker zerbait lor daitekeela uste du Joseba Sanzek: “Armagintzan diharduten puntako enpresa teknologikoak geldiaraztea oso zaila izan arren, diru kopuru handiak eta lanpostu asko daudelako tartean, lor daiteke arma horiek ez ateratzea Bilboko portutik. Intsumisioak, adibidez, soldadutza desagerrarazi zuen, logikaz, eta gai honen logika ere eztabaida ezina da: ez da posible Yemenen batez ere zibilen aurka erabiltzen ari diren lehergaiak Bilboko portutik ateratzea. Inork ez badu horren berri, jarraitu egingo du garraio horrek, baina jendeak jakiten badu zer gertatzen ari den, ezinezkoa izango da. Ospitaleak, eskolak, azokak eta etxeak bonbardatzen ari dira lehergai horiekin!”. Bestalde, produkzio militar txikia duten enpresen gainean ere presioa eragin daitekeela dio Sanzek: “Euskal Herrian, ehun enpresa baino gehiago ari dira armak egiten, baina, adibidez, Gipuzkoako CAFen ekoizpenaren % 5 baino ez da militarra. ITP eta Sener bizkaitarrek ere produkzio zibil handia dute. Posible litzateke, armen ordez, Eusko Jaurlaritzak bioteknologia edo biomedikuntza sustatzea. Bizitza, alegia, eta ez heriotza”.
Gerra hemen hasten da dokumentala irailean aurkeztea espero dute. Anartean, www.goteo.org webgunera jo daiteke zuzeneko informazioa jasotzen jarraitzeko edota, maiatzaren 14ra arte, diru ekarpenak egiteko.

Lortu ote da lehen xedea?

Aurtengo martxora bitartean, azken urtebetean, behintzat, hilero iritsi zen (batzuetan pare bat aldiz hilean) Bilboko portura Bahri ontzi-enpresa saudiarabiarraren zamaontzi bat, armak eta lehergaiak jasotzera. Iragan martxoaren 8an, ordea, “gauza interesgarri bat” gertatu zela dio Sanzek: lehenengo aldiz, ez zuen burutu Bilbon aurreikusita zeukan geldialdia, eta itsasontzia Santanderren agertu zen, non dagoen erakustera behartzen duen sistema amatatuta. Gauza bera gertatu zen apirilaren 12an: Santanderren zamatu zen ontzia. Eta maiatzaren 19ko zamaketa ere Santanderren egingo dela agertzen zen apirilaren amaieran Bahri enpresaren webgunean. “Oraindik ez dakigu aldaketa hori behin betikoa den; azken finean, Burgosetik datorren materiala ateratzeko berdintsu zaie Bilbotik edo Santanderretik egin” dio Sanzek. “Ez dakigu lortu dugun Bilboko portua uztea, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren eta Greenpeaceren azken urteko mobilizazioei esker, edo amarruren bat den”. Izan ere, dagoeneko gertatu ei dira hainbat irregulartasun: “ontziaren kokalekuaren berri ez ematea, kubiertatik enpresaren Bahri izena ezabatzea, enpresaren webgunetik edo portukotik Bilboko geldialdia desagertzea...” Orain, gainera, badute susmoa Bahri beste konpainia batzuk azpikontratatzen hasi dela armak eta lehergaiak garraiatzeko, operazio hauek nolabait ezkutatzeko.  Dena den, lehen xedea lortu dutela uste du Sanzek: “Zamaketa Espainiako beste portu batzuetan egiten jarraituko dute, baina erresistentzia aurkitzen badute guztietan, agian aldatuko dira gauzak. Motrilen (Granada, Espainia) ere hasi dira protestak”.
Hala, Santanderren, dagoeneko, jazo da gurean gertatu ez den zerbait: arma garraioa hango portutik egiten hasi zela ikusita, Pasaje Seguro Cantabria taldeak milaka sinadura bildu, eta Kantabriako Gobernua presionatu zuen, Podemos alderdiak parlamentuan aurkeztutako galdera baten bidez. Horren ondorioz, Merkataritza, Turismo eta Industria sailburuak adierazpen bat irakurri zuen, azaltzeko Kantabriako Gobernuak ez duela horrelako zamaketarik nahi eta gaia Portu Agintaritzaren Kontseilura eramango duela: “Ziur aski, ez du arrakastarik izango, portuen eskumena Estatuari dagokiolako, baina hemen urtebetean lortu ez duguna han hilabetean erdietsi dute. Hemen ere egon dira galderak Eusko Legebiltzarrean, Podemos eta EH Bildu alderdien eskutik, baina Arantza Tapia sailburuak erantzun du ezin dutela ezer egin, zamaketak Espainiako Gobernuaren baimena duelako. Portuko presidente Asier Atutxak, berriz, adierazi izan du ez dakiela zer dagoen kontainerretan, eta portuko lana garraiora mugatzen dela”.