Armagintzaren museoa: armak eta askoz gehiago

eibar

Eibarren dago, hirigune bete-betean. Aspaldi bihurtu zuten kultur etxe Agirre y Aranzabal arma lantegi zaharra. Orain, Portalea du izena eraikinak, eta bosgarren solairuan dago Armagintzaren Museoa. Bi gune handitan banatu dute eremua: alde batean, Armeria Eskolako arma bilduma historikoa dago, urtez urte osatu eta aberastu dena; bestean, Eibarko industriaren bilakaera osoa erakusten da. Bertan ikusi daiteke nola igaro ziren XX. mende hasieran armak besterik ez ekoiztetik hogeita hamar urteren buruan beste produktu mota ugari ere sortzera. Dibertsifikazio horren lekuko dira, besteak beste, Orbea bizikletak eta ALFA josteko makinak. 2007an ireki zuten lehenengo fasea, eta 2009an bigarrena. Mikel Arrillaga.

1912an sortu zuen eibartar talde batek Armeria Eskola. Helburua zen armagin gazteek ofizioaren oinarri teoriko eta praktikoak ikastea eta, horrela, armagintzari bultzada ematea. Asmoa gauzatu baino lehen, hainbat bidaia egin zuten Bartzelonara, Berlinera... Azkenean, Liegen (Belgika) aurkitu zuen Pedro Goenaga zinegotziak eredu egokia: École d'Armurerie Leon Mignon. Hasiera aldera sortu zuten museoa ere, 1914ko ekainaren 24an, hain zuzen ere. Eibarko industriaren lorpenen erakusleiho izan nahi zuen, batetik, eta ikasleentzako tresna pedagogiko garrantzitsua, bestetik. 580 arma zituen orduan, luzeak eta motzak, baita arma zurien sei modelo ere. Museoaren arduradun Marina Barrenaren arabera, “arma gehienak herriko fabrikatzaileek emandakoak ziren, norbanakoek eta orduko Gerra Ministerioak, probatokikoak. Bildumarekin batera, ikasleen lanak ere erakusten ziren”.
Bildumak gorabehera handiak bizi izan zituen. Gerraostean ia hondoa jota egon ondoren, 1962. urtean museoa finkatzeko eta sendotzeko erabakia hartu zuten Armaginen Batzordeak eta Jose Ormaechea Eskolaren zuzendariak. Espainiako armategi garrantzitsuenei gutunak bidali zizkieten, armak eskatzeko. Garai hartako agintari askok ere jaso zuten eskabidea: Marokoko Hassan erregeak, Tunisiako Burguiba presidenteak... Orduko arma lantegiek (Armas Bost, Victor Sarasqueta, Star-Bonifacio Echeverria, Astra Unceta y Compañía, Gabilondo) arma egin berri batzuk eman zituzten, eta Arabia Saudiko erregeak ere lau fusilekin aberastu zuen museoa. Alabaina, Marina Barrenaren esanetan, “orduan ere, Eskolaren beharrak zirela eta, armek kaxatan sartuta bukatu zuten”. 2000. urtera arte egon zen bilduma Armeria Eskolan.
Urte hartan, Udalaren esku gelditu zen. Marinaren hitzetan, “ordura arte, ez zen inoiz museo arrunta izan. Ez zegoen ordutegirik, ez zen irekita egoten, baina bilduma ezaguna zen, eta ikusi nahi zuenari erakutsi egiten zitzaion”. Hori guztia ikusita, eta jendearen eskaerari men eginda, museoa udaletxean zabaltzea erabaki zuten. “2007an ireki genuen lehenengo fasea, 400 arma ingururekin, eta zabaldu eta astebetera beste 400 bat erosi genizkion Starri. Gaur egun, ia 1.000 daude ikusgai. XVI. mendekoa da zaharrena, giltza formakoa; gehienak, ordea, XIX. eta XX. gizaldietakoak dira”.
Ibilbide historikoa
XIV. mendetik hasi eta gaur arteko bilakaera erakusten du gune honek. Industriaren eboluzioa mendez mende eta hamarkadaz hamarkada ikusten da. XX. mendearen hasierara arte, Eibarren armagintza zen nagusi, eta gainerako jarduera ia guztiak harekin lotuta zeuden, zuzenean edo zeharka. Urteek aurrera egin ahala, baina, armak soilik eginez jai zutela konturatu ziren, eta beste produktu batzuk ekoizten hasi ziren. Barrenaren arabera, “armagintzari buruzko legeria gero eta zorrotzagoa izateak izan zuen eragina erabaki horretan”.
Baina ez horrek bakarrik. Lehen Mundu Gerran, armen salmentak gora egin zuen, eta milioidun ugari sortu. Hura bukatu zenean, krisi larria iritsi zen, eta enpresek beste bide batzuk hartu behar izan zituzten. Orbea enpresan, esaterako, errebolberrak egiten hasi ziren, baina krisiaren eraginez bizikletak eta haurrentzako autoak egiteari ekin zioten. Hala ere, egoera latza zen, eta langile batzuk handik irten eta ALFA kooperatiba sortu zuten. Errebolbergintzan saiatu ziren hasieran, baina 1936rako ohartu ziren josteko makinekin etekin handiagoak eskuratzen zituztela. Marinaren esanetan, “teknologiaren ikuspuntutik, oso erraza zen aldaketa egitea: arma baten kolpekariak josteko makinarako balio dezake, eta eskopetaren kanoiak bizikletaren koadroa egiteko”.
XX. mendearen erdialdetik aurrera, produktu ugari agertu ziren: Lanbretta, telebistak... Arduradunaren hitzetan, “produktu batzuk izugarri bilakatu dira, baina grapagailuak, esaterako, hasierakoak bezalakoak dira”.
Marinaren esanetan, “museoko pieza gehienak Eibarko familia askok lagatakoak dira, donazioak, alegia. Oso gauza gutxi erosi ditugu”. 2017an, 6.000 bisitari izan zituen museoak, eta aurrerantzean gehiago izatea espero dute.

Helmholtz Hammond organoa

Museoan (eta denboran) aurrera egin ahala, 60ko hamarkadara iritsitakoan, bisitariak organo batekin egingo du topo: Helmoltz Hammond du izena.
1957. urtearen bueltan, kontzertua eskaini zuten Astelena pilotalekuan. Hammond organoa zen instrumentuetako bat. Bertan ziren Armagintza Eskolako hiru ikasle ohi ere: Jose Luis Elorza eta Ibaceta anaiak, Jose eta Jesus. Organoaren soinuak txunditurik, lanari ekin zioten, eta, bost urteren buruan, piezaz pieza eta atalez atal kopiatzea lortu zuten, inolako planorik gabe. Helmholtz izena jarri zioten, fisikari alemaniarraren omenez. Marinaren arabera, “oso material ona eta lortzeko zaila erabili zuten. Gainera, Eibarko lantegi txiki askok ere hartu zuten parte. Pieza guzti-guztiak eibartarrek marraztuak, kalkulatuak eta diseinatuak ziren, eta bertan egin ziren”. Denbora asko lanean eman ondoren, behin helburua lortu zutenean, Hammond Organ Company jatorrizko organoaren egileari deitu zioten. Handik hiru egunera, enpresa amerikarreko hiru arduradun etorri ziren Eibarrera; tartean, ingeniari nagusia. Dena ongi aztertu ostean, kopia zehatza zela ikusita, hauxe galdetu zieten eibartarrei:

- Nondik atera dituzue planoak?
- Hemendik (erantzun zien Ibacetak atzamarra burura eramanda).

Ez zen erabat egia, jakina baita Ermuko elizako Hammond-ari barrenak atera zizkiotela eta hura erabili zutela eredu. Hammond-eko ingeniariak ikusi zuen Chicagoko (AEB) lantegitik kanpo Eibarren soilik egin zitekeela organoa, eta bat bertara eramateko agindu zuen. Guztira, 50 organo inguru saldu ziren.

ORDUTEGIA ETA PREZIOAK:
Urritik ekainera:
Asteazkenetik larunbatera: 16:00-20:00
Igandeetan:
10:00-13:00
Astelehenetan eta astearteetan, itxita
Uztailean eta irailean:
Asteartetik ostiralera:
16:00-20:00
Abuztuan:
Asteartetik ostiralera:
10:00-13:30
Bisita gidatuak:
aurrez adostu behar dira, telefono honetara deituta: 943 708 446. Hilaren hirugarren larunbatean, doakoak dira: euskaraz 17:00etan eta gaztelaniaz 18:30ean.
Tarifak:
Orokorra:
3 euro
Murriztua:
1,50 euro
(erretiratuak, langabeak eta
26 urtetik beherako ikasleak, aurretik egiaztatuta).
Doan:
7 urtetik beherakoak eta Museoaren Eguna (ostegunero).
Bisita gidatuak:
18-22 laguneko taldeak: sarrera eta 40 euro.
Talde txikiagoak:
73 euro, sarrera barne.