“Pazientzia behar da askotan, baina kosta egiten da zaleei hori eskatzea”

iribar

Iribar (Zarautz, 1943) “cojonudo” dela dio Athleticzaleen kantu batek. “Jainkoa” da, zenbaiten ustez, edota “el puto amo”. Elkarrizketa honetarako argazki saioan, ondotik igaro zirenetako batzuek “gure txapelduna” edo “erregaitza!” zioten. Ibaiganen hartu gintuen, beltzez jantzita, Athleticen atea zaintzen zuenean bezala. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Jainkoa, gure txapelduna, erregaitza... Zelan egiten zaio aurre mitoa izateari?
Hitz potoloak dira horiek guztiak, kar-kar! Bilbon gaude, ezta? Egia esan, halakoek eguna alaitzen dizute. Hainbeste denbora joan ondoren, eskertzen dira.
Ia 40 urte erretiratu zinela, baina oraindik autografoak sinatzen dituzu.
Bai, zorionez! Jendeak gogoan nauka, baina Athleticen jarraitu dudalako. Lehenengo jokalari, gero entrenatzaile, orain ordezkaritza lanetan... Horrek asko laguntzen du. Hala ere, zorionez, ni bezalako jokalari mordoa eduki dugu Athleticen, oso onak, mitoak, zuk esan bezala. Baina nik, nolabait, klubean jarraitzearen abantaila daukat.
Ia bizitza osoa eskaini diozu Athletici. Engantxatuta zaude?
Pixka bat bai, kar-kar! Ondo dago hitz hori. Oporrak hartzen ditugunean ere, zerbait faltako balitzait bezala da. Nire bigarren etxea da hau, familia balitz bezala tratatzen dut hemengo taldea. Neurri batean, horixe garela uste dut: familia handi bat. Elkarren arteko harremana ere horrelakoxea da.
Etxeko jokalaria izan zara beti, baina orain hori ez da hain sarri ikusten...
Orain ere badaude, eta meritu izugarria dute. Futbola hainbeste globalizatu denez, normala da lehiakortasun handiagoa egotea, jokalariak batera eta bestera ibiltzea. Urte batetik bestera, taldeak asko aldatzen dira; diru asko sartu da, eta horrek zaildu egiten du jokalari batek bizitza osoa talde bakar batean ematea. Gure garaian, gauzak bestela kudeatzen ziren, baina orduan ere bazeuden tentazioak. Batzuok erabaki genuen Athleticen jokatu nahi genuela, eta hementxe gelditu ginen. Ez neu bakarrik, baita beste jokalari pilo bat ere.
Futbolarena beste burbuila bat da?
Arrisku hori egon daiteke. Dirutza horrek ez du neurririk, kopuruak urtero dira handiagoak. Dena beraientzat hartzen duten jendea eta enpresak sartzen ari dira, eta gainerako klubak, zerbait egin eta goian ibili nahi badute, diru horren mendean daude, nolabait. Gu, zorionez, oraindik kirol kluba gara, eta lehiakorrak izateko aukerei eusten diegu. Burbuilaren arriskua aspalditik ari naiz sumatzen eta esaten, baina gero eta dirutza handiagoa mugitzen da, eta gero eta enpresari gehiago ari dira lehiatzen hor egoteko.
Zer iruditu zitzaizun Iñigo Martinezekin sortu zen ika-mika?
Futbolak horretarako ere ematen du, normaltzat hartzen ditut ika-mika horiek auzokoak garen bi talderen artean. Beti izan dira eta beti egongo dira, neurri txikian edo handiagoan, jokalariaren arabera.
Ikurrina atera zenuen Atotxan, legeztatu aurretik, Kortabarriarekin batera. Nola gogoratzen duzu une hura?
Urte asko pasa badira ere, ahaztezina da. Egun benetan zoragarria izan zen, alde guztietatik. Hitzak ere ez dira ateratzen. Hango giroa, hango sentimendua, hango algara, hango poza, hango txaloak... une hunkigarria izan zen, oso hunkigarria. Oraindik ere barru-barruan daukat, eta jende askok ere bai. Askok gogorarazten didate nola bizi izan zuten hura, eta nola hunkitu ziren.
Euskal selekzioaren hautatzailea izana zara. Zer etorkizun ikusten diozu?
Etorkizuna badauka, baina zaila da iragartzea noiz lortuko den ofizialtasuna. Iaz, ez zen jokatu anaiarteko partidarik ere; nire iritzi apalean, ez zen erabaki ona izan. Uste dut nolabait bilatu behar dugula modua partidak jokatzeko, nahiz eta arrakasta handirik ez eduki. Sua piztuta eduki behar da, oso garrantzitsua da urtero, behin edo bitan, jokatzea. Nik 18 denboraldi egin ditut hautatzaile, Xabier Expositorekin eta Mikel Etxarrirekin, eta jokatzeko helburua eduki izan dugu beti. Nola edo hala, bete dugu. Gainera, euskal selekzioak oso maila ona eduki du, dauka eta edukiko du, eta ez futbolean bakarrik. Euskaldunok oso kirolzaleak gara, eta badugu punta-puntakoak izateko trebezia kirol askotan. Hori aprobetxatu egin behar da.
Asko sufritzen ari zara Athleticen aurtengo denboraldiarekin?
Gorabehera handiak izan dira. Sufritu… apur bat bai, baina ohituta ere banago horrelako egoeretara, urte asko daramatzat eta. Azken hamarkada honetan, gaizki ohituta egon gara, zorionez. Helburuak bete ditugu, denboraldi politak egin ditugu, joko polita erakutsi dugu, jendea nahiko gustura egon da... baina aurten tokatu da alde txar samarra. Jende gaztea sartzen eta jartzen ari da, eta hori geuk egin beharreko lana da, lehiatzeko daukagun moduarengatik. Beste talde asko zelairatzen dira ondo prestaturiko eta eskarmentu handiko jokalariekin. Gureak, aldiz, esperientzia gutxirekin hasten dira, sartzen ditugu jokatzera esperientzia eta kalitate handiko jokalarien aurka, eta hori pixkanaka-pixkanaka landu behar da. Pazientzia ere behar da askotan, baina kosta egiten da zaleei hori eskatzea. Dena dela, egia esan, gure zaleak oso konprometituak eta askojakinak dira.
Bestelako une gogorrak ere izan dira, Spartak-en aurkako partidan, kasu.  Nork du futboleko bortizkeriaren errua?
Ufa, galdera potoloa da hori! Zaletuen ondoan sartu den jende horrek ez dauka zerikusirik futbolarekin eta kirolarekin. Bai, ordea, protagonismo nahiarekin. Protagonista izan nahi dute, horixe behar du jende horrek. Ez dute partida ikusten, liskarra eta bazterrak nahastu besterik ez dute bilatzen. Probokatzaile hutsak dira, eta Europan gero eta larriagoa da kontua. Oso lasai ibiltzen dira, ezagunak izan arren. Nahi dutena egiten dute, hortxe jarraitzen dute, eta hori oso arriskutsua da. Futbolak gehiago izan beharko luke lagunak egiteko, lehiakortasunak sor ditzakeen arazoak ondo bideratzeko. Hemen, oso adibide onak eduki ditugu nazioarteko partidetan. Newcastle etorri zenean edo Manchesterrera joan ginenean, zaleak elkarrekin ibili ziren. Hala behar du. Geu askotan izan gaituzte eredu, kanpoko zaleekin eduki dugun harreman politarengatik.
Poliziek Bilbon egindako bilera batean konpromiso handiagoa eskatu zieten klubei...
Zelai barruan, normala da erantzukizuna eskatzea, baina zelaitik kanpo gertatu dira gauza asko. Taldeak nola izan behar ditu kontrolpean halakoak? Athleticek debekatu behar die hirian egotea? Liskarzale ezagunei sarrerarik ez ematea izan liteke irtenbide bat, ez zaie eman behar, baina gaia oso konplexua da. Ziurtasuna bermatzea denon arteko lana da, eta neurriak ere adostuak izan behar dira.
Kirolari buruzko hiztegia egiteko eman zenuen zure omenaldiko dirua, zergatik?
Nire kirol garaian hutsune izugarriarekin egin nuelako topo, eta beste jokalari batzuk ere ni bezala zeudela sentitzen nuelako. Aldageletan, asko ziren euskara galdutakoak, herrian debekatu egin zietelako. UZEIk aukera hori eskaini zidanean, oso ideia ona iruditu zitzaidan. Buru-belarri jarri ziren, eta Kirolkidea hiztegia oso polita atera zen. Pozik nago hartu nuen erabakiarekin, erabili zelako garai hartan komunikabideetako jendea egiten ari zen lanerako, eta gizartean ere zabaldu zelako, ikastetxeetan eta abar. Kirol arloko berben euskalduntzean urte batzuk irabazi genituela uste dut. Gainera, niri futbolak asko eman dit; beraz, neuk ere zerbait eman behar nion futbolari.
Entzuten da euskara jokalarien artean?
Bai, dakitenen artean egiten dute, beste edozein tokitan bezala. Euskalduna bazara, euskaraz egiten duzu euskalduna denarekin. Batek ez badaki, bada... normalean, erdaraz moldatzen dira. Ez dago ezberdintasunik beste enpresa edo erakunde batzuekin. Halere, garrantzitsua da ezagunak garenok euskaraz egitea, behar-beharrezkoa da oraingo jendartean, euskara erakargarria izatea nahi badugu.
Zergatik merezi du euskara ikastea?
Euskaldun zaharra naiz, eta badakit zailtasun handia dela batzuentzat, gehienbat heldu samarrak direnentzat, baina ahaleginak merezi du. Hizkuntza guztiek aberasten dute asko pertsona. Zer hobeto, Euskal Herrian bizi bazara, euskara jakitea, erabiltzea, hobetzea... baino? Ikas daiteke, eta norberak eduki dezakeen poz hori izugarria da. Nik ezagutzen ditut euskaraz ezer jakin ez, eta orain ni baino hobeto hitz egiten dutenak. Meritu izugarria daukate, oso harro eta gustura sentitzeko moduan dira.

Kolkotik  

Beldurrik handiena eragin zizun aurrelaria?
Errespetua bai, baina beldurra inork ez.
Gehien mindu zintuen gola?
Ez zen sartu zidatena izan, sartu ez nuena baizik. 1977ko Errege Kopako finalean, Esnaolak nik jaurtitako penaltia gelditu zuen, eta Betisek finala irabazi zuen.
Gaztetan, zein atezain miresten zenuen?
Lev Yashin. Nahiz eta gehiegi ikusi ez jokatzen, nire ustez munduko onena zen.
Eduki duzun entrenatzailerik onena?
Asko, baina batez ere Juanito Otxoa, Athleticera etorri nintzenean nire aldeko apustu garbia egin zuelako.
Zer gomendio emango zenioke 12 urteko atezain bati?
Gozatzeko. Normalean, adin horretan gol asko jasotzen dira, baina geldialdi politak ere egiten dira.
San Mames ez beste futbol zelai bat?
Wembley mitikoa zen. Belarra oso ondo egoten zen nik jokatzen nuen garaian ere. Xarma berezia zuen.
Athleticek eman duen jokalaririk handiena?
Ez dut gustuko bakarra aukeratzea, besteak gutxiestea da. Azken finean, jokalari asko bihurtu dira mito.
Zein selekziok irabaziko du Errusiako mundiala?
Hiruren artean dagoela esango nuke: Alemaniak, Brasilek edo Espainiak.
Zer eman dizu futbolak?
Gustuko lan batean jardutea, jende asko ezagutzea, lagun asko egitea, ogibidea, gozamena... Ezin da gehiago eskatu, asko da.
Eta zeuk zer eman diozu?
Bota ahal didaten lorerik politena da jendeak esatea ni jokatzen ikusiz asko gozatu zuela. Bada, neuk disfrutatu dudana harmailetara eraman badut, polita iruditzen zait.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria?
Euskal selekzioa, ofizialtasuna lortuta, mundialean lehiatuko dela.
Zerk alaitzen dizu eguna?
Eguzkiak. Etxetik irten eta gauzak egiteko gogoa ematen dit.
Zerk ematen dizu amorrua?
Kirolean, ezinak. Gauzak hobetzeko ezer egin ahal ez izateak, baina horri ere aurre egin behar zaio. Ezin denean, ezin da.
Eta beldurra?
Beldurra uxatzen saiatzen naiz. Lagun txarra da, lotu egiten zaitu. Baikorra izan behar da, eguneroko une onez gozatu. Bizitzan, bestela ere, oztopo eta ardura asko izaten dira.
Lotsatzen zaitu zerbaitek?
Gauza askok, oso lotsatia izan naiz, baina orain pixka bat irekiagoa naiz. Adinari eta esperientziari esker izango da...
Bi hitzetan, nolakoa da Jose Angel Iribar?
Ez dakit naizen, baina oso hurbilekoa eta jatorra izan nahiko nuke.