5 Test d’Obertura Intercultural

paia

Penintsulako eztabaida nekagarrien artean, bada izugarri gogaikarria egiten zaidan bat: katalanak euskaldunen aurretik dabiltzan auziarena. Gu baino gehiago dira hiztun proportzioan, hedabideetan oso presente dago katalana… baina Rodoreda eta Mogelen hizkuntzak ez dira enbor bereko ezpalak, eta, alderaketa oro amorragarri bada, sarrera honetara dakardana odola gaiztotzeko modukoa da. Hobe genuke baten zein bestearen dohainak goratzea, asko baitira Kantauriko zein Mediterraneoko altxorrak. Harribitxi interesgarria iruditzen zait niri, behinik behin, Kataluniako hizkuntza eta kultura ikasteko Intercat gunean aurkitutako Test d’Obertura Intercultural delakoa. Kultura arteko Irekitasun testa bolada baterako Kataluniara bizitzera doan jendearentzako galdetegia da: 20 galderatan, mundua etxeko lanpasetik ikusteko dugun modua neurtzeko balio digu. Hamaikagarrenak, adibidez, honela dio: “Milango ikaslea zara. Erasmus beka bati esker Finlandiako unibertsitate batera joango zara. Samien kultura, Finlandiako literatura eta Eskandinaviako zibilizazioa bezalako ikasgai ugari eskaintzen zaizkizu. Zein hartuko dituzu?.” Erantzunek argi erakusten dituzte irekitasun mailak. Hamaseigarrena, bestalde, jakin beharrekoa da: “Gironako Unibertsitateko ikaslea zara; ikasturte bukaerako afaria antolatzea egokitu zaizu. Gelako bi mutil pakistandarrak dira eta neska bat japoniarra. Mutiletako bat, gainera, barazkijalea da. Nola aukeratuko duzu jatetxea?” Erantzunetako bat estereotipoa elikatzeko egina izanagatik (merkeena), zentzuzkoa lekua haiekin adostearen aldekoa da. Hogei galdera eta launa erantzun posibleren ondoren, testak zure kultura arteko gaitasunen berri ematen dizu. Gure lurraldeko kultur kontsumitzaileek testa egingo balute, kultur miopiarik izatekotan, betaurreko egokiak bilatzeko pistak izango genituzke. Datu deigarria: testeko itaun guztiei oker erantzunda ere, ebaluazioa positiboan egina dago, zilborkeria txepelenaren kasuan ere, ikusmira4 berriak izateko funtsezko osagaia borondatea baita.