Sarrionandiaren obra oinarri, film luzea egingo dute

ikusgarri

Joseba Sarrionandia idazlearen unibertsoa jasoko du Gure oroitzapenak izeneko film luzeak. Adabaki Ekoizpenak ekoiztetxeak sustatuta, hamabi piezaz osatuko da, beste hainbeste zuzendarik eginak: Asier Altuna, Oskar Alegria, Mireia Gabilondo, Özcan Alper, Itziar Leemans, Josu Martinez, Eugène Green, Fermin Muguruza, Maider Oleaga, Ane Muñoz, Maialen Sarasua eta Carlos Quintelak. Sarrionandiaren lanak abiapuntu hartuta, egile bakoitzak norberaren begiradatik helduko dio idazle iurretarraren obrari. Jakina, Sarrionandiaren unibertsoa osatzen duten gai ugari jasoko dituzte piezek: itsasoa, haurtzaroa, deserrotzea, portua, mina, maitasuna, tortura... Filma ez dute amaitu oraindik, baina ekoizleek jakinarazi dutenez, “ondo bidean” udazken hasieran ikusi ahal izango da.


umoreMAIATZAREN 17tik 20ra, kale antzerkiak hartuko ditu Leioako bazterrak, XIX. Umore Azokari esker. Leioako Udalak antolatua, kale arteei eskainitako Euskal Herriko jaialdi garrantzitsuena da. Aurten, guztira 42 konpainiak hartuko dute parte, eta 100 emanaldi baino gehiago eskainiko dituzte. Horien artean, 14 erabateko estreinaldiak izango dira. Euskal Herriko ordezkaritzari dagokionez, 21 konpainia izango dira, beste horrenbeste lanekin. Horietatik 15, gainera, lehen aldiz ikusi ahal izango dira. Ohi den moduan, orotariko diziplinez gozatzeko aukera egongo da: antzerkia, dantza eta zirku garaikidea, nagusiki, baina baita magia, suan oinarrituriko ikuskariak edota umorezkoak ere. Egitarau osoa www.umoreazoka.org gunean dago ikusgai.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

LABURREAN

FANT Bilboko fantasiazko zinemaren 24. Jaialdia maiatzaren 4tik 11ra izango da. Inoiz baino film luze gehiago izango ditu sail ofizialak aurten: guztira, 18. Nolanahi ere, sail ofizialetik at ere eskaintza arras zabala izango du. FANT Laburrean sailean, esaterako, 20 lan eskainiko dituzte, horietako 11 euskal egileenak. Bestalde, Joe Dante zinema zuzendariak jasoko du FANTastikoaren Izarra saria. Errementari lanaren zuzendari Paul Urkijo ere sarituko dute, eta Tobe Hooper eta George A. Romero zuzendariak, 2017an zenduak, omenduko dituzte, FANT Maisuak sailaren barruan.

KALE ANTZERKIA, dantza, zirkua, kontzertuak... hainbat ekitaldi izango dira, Hendaian, maiatzaren 24tik 27ra, 34. Antzerkiaren Maiatza Festibalean, Hendaiako Herriko Etxeak eta Théâtre des Chimères antzerki taldeak antolatuta. Euskal egileen artean izango dira, besteak beste, Phiko&Jole, Mr. Pitxitxi lanarekin; Ertza dantza konpainia, Meeting Point ikuskizunarekin; edota Banakike, Ilargi arrantza antzezlanarekin.

MAIATZAREN 3an, 4an eta 5ean egingo da, Bilboko Zorrotza auzoan, IX. Clown jaialdia. Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatuta, guztira sei emanaldi izango dira. Euskal Herriko egileei dagokienez, Idoia Sanchez Artiedaren Ah ze komeria!, Shakti Olaizola bihurrikariaren Baldin bada, eta Cía. Nogusanoren A pan y agua ikusi ahal izango dira. Danimarkako Lotta&Stina-k, berriz, Rola Bola lana eskainiko du, eta Cía. Levelibular talde argentinarrak Portamundos. Umorezko film laburren ikustaldia ere izango da, Zinebiklub-en eskutik.