Memoria bizia

gorINPUNITATEARI STOP
Askoren Artean
Gor, 2018

Historia ezaguna da, baina ez dago sobera gogora ekartzea. 1978ko uztailean, Iruñean sanferminak ospatzen ari zirela, Espainiako Polizia zezen plazan sartu zen, kolpeka eta tiroka, eta osteko istiluetan German Rodriguez gaztea hil zuen. Beste gazte bat hil zuten, Joseba Barandiaran, Donostian, hiru egun geroago, lehenengo hilketarengatik protestan ari zela. Gertaera haien 40. urteurrenaren harira, ekitaldi eta jarduera ugari antolatuko dituzte, hemen aipagai dugun disko hau, adibidez. Arrisku bikoitza izaten dute honen moduko diskoek: abesti gehienak gai beraren inguruan sortuak izanik, laua eta aspergarria suertatzea; eta, alderantziz, estilo eta mota askotako taldeak agertzen direnez, heterogeneoegia izatea. Lan honek, baina, ongi asko saihestu ditu biak, eta, sakabanatuegia izan gabe, askotariko kantak bildu ditu. Badaude kantautoreak (Fermin Balencia), rap kutsuko kantuak (La Chula Potra), rock’n’roll beteranoak (Balerdi Balerdi, El Drogas, Los Del Rayo) eta talde gazteagoak (Altxatu, Streetwise).

Gotzon Hermosilla