Liher

liherMr. Bungle – California
Erritmo eta estilo aldaketek, abestien barnean, bidaia bat egitera gonbidatzen dute entzulea. Konplexua izanik, baina konplexu barik, Kaliforniako taldeak eromenera gerturatzen gaitu eta, askotan, zirku esperpentiko batean gaudelako sentsazioa sortzen digu. Jazza, rocka edota Ekialde Hurbileko musika uztartzen dute, denetariko instrumentazioa erabiliz.
Refused – The Shape of Punk to Come
Punka jarrera bat zela eta musikan forma berria hartuko zuela esatera etorri zen talde suediarraren lan hau. Estiloekin eta intentsitateekin jolasteko erak miresmena eragiten du, entzunaldi bakoitzean. Une dantzagarrietatik eta jam ukituetatik igarota, rocka egiteko bestelako bideak ireki zituen, etorkizunerako.
Morgan – North
Talde honen lehena, a zer lana! Areto guztiak bete dituzte aurkezpen biran, erabat ulergarria. Carolina de Juan abeslari, pianista eta konpositorearen ahotsak erlaxarazteko eta gustura sentiarazteko gaitasuna du, indar guztia erakusteari uko egin gabe. Taldeak entzulea guztiz harrapatzen du, zuzenean, eta, une batzuetan, ileak tente ere jartzen ditu.