Horma

hormaAnjel Lertxundi
Erein, 2017

C2 maila

Horma da pareta, baita jela ere. Ederki aukeratu du Anjel Lertxundik bere azken lanaren izenburua: gero eta zirrikitu urriagoko pareta suntsiezin bat da, alzheimerrak Fidel narratzaile/protagonistaren eta bere amaren artean altxatua, nobelaren izateko arrazoi nagusia; etengabe pareta jo eta erreboterik inoiz ez etortzea edozeinen adorea izozteko modukoa da.
Horma da, halaber, bikote harreman bat bukatzen denean bikotekide ohien artean usu geratzen den gauzarik irmoena, non argazki zaharrak ez ezik, nahigabe, amorru edota kulpa berriak ere itsasten diren. Nahiz eta jakin joera horrek ez dakarrela ezer onik… edo bai, “azkenean beste orrialde batean egotea”, adibidez, edo nobela bat bukatzea.
Nahiko lan du Fidelek amaren gaixotasunak altxaturikoa zeharkatzeko eta bikotekidea izandako Martak alde egindakoan sortutakoa handitzeko ahaleginean. Nahiko lan, aldi berean, bere ogibide maitetik, itzulpengintzatik, duintasunez aurrera egitea lortzeko. Bere bizitzako lanbidea, bederen, garbi izan du gaztetatik, liburuekiko eta hizkuntzekiko (eta nagusiki liburuok euskarara ekartzeko) grina garbi eta tinkoari esker. Ez horren garbi, ordea, bere bizipenak interpretatzeko kodea.
Pareta eta izotz arruntei ez bezala, baina, Horma honi beroa dario, Fidelena, maitasunik sakonenak eragiten dion eskuzabaltasunarena eta liburuekiko duen pasioarena.
Usoa Alberdi Fernández