‘Jenisjoplin’ nobelak 111 Akademiaren Saria irabazi du

ilustratu

Uxue Alberdik idatzi eta Susa argitaletxeak plazaratutako Jenisjoplin eleberriak jasoko du 2017ko 111 Akademiaren Saria. Izan ere, akademiako kideen ustez, idazle elgoibartarraren eleberria izan da iaz argitaratutako obrarik onena. Hori erabakitzeko, hiru bozketa txandatan garatu da aukeraketa prozesua, urtarrilean hasi eta apirilaren 8an amaituta. Lehenengo txandan, 2017an gogokoen izan zuten liburuaren alde bozkatzeko eskatu zitzaien akademiako 198 kideei, baina lehen bozketa hartan saridun izendatzeko behar zen botoen % 30 lortu zuen obrarik egon ez zenez, 111 Akademiak ohiko prozedura jarraitu, eta beste bi bozketa txanda egin zituen. Hirugarren eta azken txandan, Uxue Alberdiren Jenisjoplin eta Maddi Zubeldiaren Deserria haurtzaro izan ziren finalistak, eta, azkenean, Alberdiren lana izan zen garailea. Saria banatzeko ekitaldia maiatzaren 10ean egingo da, Andoainen. Eleberriak Nagore Vargas du protagonista, Bilbon bizi eta irrati libre batean diharduen gaztea.


oierZAURI BOLODIA (Oier Guillán, Txalaparta, 2018) euskal kulturaren eta sorkuntzaren gaineko begirada zorrotz, kritiko eta autokritikoa da. “Hala ere, edo horrexegatik, utopikoa eta ederra”, argitaletxearen hitzetan. Krisian dagoen aktore baten egunerokoan,  idazlearen alter egoa den pertsonaiak kulturaz hausnartzen du, amateurismoa vs. profesionaltasunaz, hizkuntzaz eta politikaz, sorkuntza prozesuaz. Hogeita hamar urteetako krisialdian sinesten ez duen arren, ezin uka dezake bere buruari nahi baino gehiagotan galdetzen diola zertan ari den. Undergroundean hasi eta idealista porrokatua zen protagonista profesionalizatu egin da, apurka-apurka, eta bide horretan etorriko zaizkio nekea, desengainua, prekaritatea eta, azkenik, bere burua berrasmatu beharra.

 

tretatxuTRETATXU
Hektor Ortega
Txertoa, 2018

XVIII. mendeko Bizkaiko bidelapur baten biografia da liburu hau. Bautista Landa Tretatxu (1716-1761) lapurra izan zen, baina ez edonolakoa, auzitegietan agiri sorta lodiak eragin zituenetakoa baizik. Legez kanpo pare bat urte baino egin ez arren, milaka orrialde idatzi zituzten haren kontrako salaketa eta frogekin. Gehienak gorde egin dira, eta ikertzaileen esku daude. Horiek baliatu ditu Hektor Ortega historialari eta kazetariak Landaren bizitza berreraikitzeko.

girgileriGIRGILERI ANDEREA
Maialen Hegi-Luku
Elkar, 2018

Munia ez du ezerk beldurtzen, ezta etsiarazten ere. Tarteka, bazterrak eta, batez ere, bere burua harrotzeko, mundua hankaz gora jartzeko gutiziak harrapatzen du. Ez du atzera begiratzeko xederik, ezta bere gaitasun handiez dudatzeko arrazoirik ere. Alta, askotan, oldarrak lehertzen du, eta gogo-indarrak errausten zaizkio, hobekien ezagutzen duten ezagunak lekuko. Hala, bizia lokarri ulergarririk gabeko bi egoera errepikakorren arteko etengabeko noraeza bilakatzen zaio.