Amak baino hobeto

“Kontatuko al diguzu hemen, publikoki eta kameren aurrean, zein hoteletan egin duzun lo eta zure lagunetako zeinekin hitz egin duzun atzo gauaz geroztik?”. Horixe galdetu zioten aurrekoan,
AEBetako Senatuan, Facebooken sor-tzaile eta jabea den Mark Zuckerbergi, 87 milioi erabiltzaileren datuak Cambridge Analytica enpresaren esku jarri, eta hark hauteskundeen emaitzetan eragiteko erabili zituela jakin ostean sortutako zurrunbilo guztiaren erdian. “Nahiago dut ez egin” erantzun zuen Zuckerbergek.
Egia da Facebooki, eta Google, Amazon eta enparauei, datu asko nahita ematen dizkiegula, espresuki, beren tresnetan argazkiak, egoerak eta abarrak argitaratzen ditugunean. Horrela, guri buruzko informazio zabala ematen diegu. Baina tira, gero aukera izaten da norberak nahita argitaratutako informazio hori, modu errazagoan ala zailagoan, azkarrago edo motelago, kentzeko, ezabatzeko edo zuzentzeko.
Okerragoa da konturatu gabe ematen dugun informazioa. Sakelako aplikazioa instalatzean, adibidez, Facebookek gure telefonoko kontaktuen zerrenda osoaren kopia bat gordetzen du berarentzat, baita sakelakoan instalatuta ditugun aplikazioen eta instalatzen zein desinstalatzen ditugunen zerrendak ere. Deskargatu zuen jardueren historiala, zuek zeuek egiaztatu nahi baduzue.
Alabaina, hori ere ez da okerrena, baizik eta aipatu enpresek algoritmo eta makinaria ahaltsuak erabiltzen dituztela, geuk emandako eta haiek lortutako datuak oinarri kalkulu konplexuak eta gutako bakoitzaren profil zehatz-zehatza egiteko: joera politikoa, erlijiosoa, sexuala, zaletasunak, klase soziala eta maila ekonomikoa, erosketa ohiturak, osasun eta kirol ohiturak... Bada, norberak emandakoak ez bezala, datu hauek ezin dituguk ikusi, ezta noski ezabatu edo zuzendu ere. Facebooken idatzi dugun guztia ezabatu arren, sare sozialak gordeta izango ditu guri buruzko kalkulu horiek guztiak, eta ezin dugu ezer egin ikusteko edo ezabatzeko.
Azken asteotako gertakarien ondorioz, nire Facebook kontua ezabatzea erabaki dut. Beranduegi, seguruenik: Facebookek amak baino dezente hobeto ezagutzen nau honezkero. Hitzez hitz.

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/EzabatuFacebook
Azalpenak, sustatu.eus agerkarian, zure Facebook kontua ezabatzeko edota sare sozialak zuri buruz gordetzen duen informazioaren historiala eskuratzeko.

http://dataselfie.it
Chrome eta Firefoxerako gehigarri bat. Zure profil zehatza egiten du, Facebooken ematen duzun denbora tartean zer egiten duzun aztertuta. Beldurgarria benetan.

https://labur.eus/Azkune
Gorka Azkuneren azalpen argigarriak, Berrian, Cambridge Analytica auziari buruz...