Txikiak handi

eibar

Futbolaren zorotik kirolaren alde zoragarrira joateko bidea erakutsi du Eibar taldeak: bere historian aurrenekoz, 1. mailan izango da datorren denboraldian. 2.B mailatik igo berritan, eta bere mailako aurrekonturik xumeena izanda. Marrazo artean arrain txikiak ere badirela erakutsita, betiere lana serio eta artez eginez gero, eta oinak lurrean ongi bermatuta. Haatik, eibartarren maila igoerak are nabarmenago utzi ditu futbol profesionalaren kontraesan lotsagarriak. Izan ere, legea tarteko, abuzturako 1,7 milioi euroan handitu beharko du taldeak bere kapitala, derrigor. Ustez futbol taldeen diru kontu ia beti ustelak zuzentzeko egindako legeak, arriskuan paratu du ekonomikoki osasuntsu dagoen taldea, neurrigabekerian inoiz erori ez dena (kapitala handitu ezean,2.B mailara jaitsiko dituzte). Jokoan lorturiko balentriak lagunduko ahal dio bulegoetako aferak gainditzen... Bitartean, eibartarrak zoriondu beharko: kiroletik harago, tarteka arrain txikiek handi eta handikien artean zeresana badutela gogorarazi baitute.