233 gradu zentigradu

azurmendiNerea Azurmendi

'Zentsurak basamortu kulturala ekarri zuen' zioen aspaldi-aspaldiko elkarrizketa batean Joan Mari Torrealdaik, gaia sakonki jorratu eta pairatu izan duenak. Formalki,  Franco hil eta urte pare batera amaitu zen zentsura Espainiako estatuan. Ameriketako Estatu Batuetan, aldiz, askoz ere lehenago ohartu ziren adierazpen askatasunaren garrantziaz, 1791koa baita norberak nahi duena sinesteko eta esateko eskubidea bermatzeko Lehen Emendakina.
Herrialde batean zein bestean, jakina, agintariek beti aurkitu izan dituzte askatasunez mintzatzeko, idazteko eta jarduteko eskubideari iskin egiteko bidezidorrak. Esan daiteke azkenaldian, lege eta jarreretan bultzaturiko aldaketak lagun, oso modu eraginkorrean ari direla.
Espainian, Nacho Carreteroren Fariña liburu bahitua da azken asteotako adibide nagusia; ez, ordea, bakarra. AEBetan, adibide bat aipatzearren, Minnesotako Dulutheko ikastetxeetako irakurgaietatik Harper Leeren To Kill a Mockingbird (Urretxindor bat hiltzea) eta Mark Twainen The Adventures of Huckleberry Finn (Huckleberry Finnen abenturak) maisulanak ezabatu dituzte, haien 'ukitu arrazistak' ikasle afroamerikarrak umilia ditzakeelakoan. Bada, gogoetatxo bat: Unamunok euskarari eta euskaldunoi buruz bereak eta bi esan zituela kontuan harturik, kenduko ditugu haren liburuak liburutegi publikoetako apalategietatik, eta ezkutatuko ditugu biltegietako zokorik ilunenetan?
Urlia, sandia eta berendia mintzea horren erraza izanik, non jarri beharko genuke sentiberatasunaren eta adierazpen askatasunaren arteko muga? Hauxe apirileko dilema. Argitu bitartean, une egokia izan daiteke hainbat kontu gogora ekartzeko: paperak 233 gradu zentigradutan hartzen du su (Bilbon, 1981ean frogatu zen enpirikoki; zaharrenak akordatuko zarete); suak basoa mortu bilakatzen du; eta Ray Bradburyren Fahrenheit 451 hor dugu irakurtzeko. Euskaraz ere badago, orain urte batzuk itzuli zuen Nagore Tolosak Txalaparta argitaletxerako, zentsura behin baino gehiagotan salatu duen horretarako.