Ez da egun bakarreko kontua

m8

Euskal Herrian, milaka eta milaka emakume irten ziren kalera, bakoitzak ahal edota nahi izan zuen bezala, martxoaren 8an: 230.000, mugimendu feministaren arabera. Mobilizazio erraldoia, mugarria, harrotasuna, ahalduntzea... berbak barra-barra eta non-nahi entzun ziren. Esku artean duzun AIZU!ren zenbaki honetan ere nabaria da lanuztearen eragina: testurik gabe aurkituko dituzue Ilustratu atala osatzen duten orrialdeak, 38. eta 39.a, alegia.  Bestalde, mobilizatutako andreen nolakotasunari ere erreparatu zion mugimendu feministak: “Belaunaldiarteko mugimendua garela ikusarazi genuen; gazte ugari egon zela azpimarratu nahi dugu, baina baita pentsiodun andana ere”. Egun haren oihartzun ozena ez da oraindik isildu, eta, hain zuzen ere, pentsiodunen martxoaren 17ko manifestazioek eman zioten jarraipen indartsua emazteen protestari. Bistan denez, bada zer eskatu eta aldarrikatu jendarteko hainbat sektoretan, eta bada horretarako gogoa ere. Zerbait ari da mugitzen, bero heldu da udaberria.