Ingurumena

svalbardMilioi bat hazi baino gehiago jaso ditu dagoeneko Svalbard-eko biltegiak

Hamar urte betetzeaz batera, beste marka bat hautsi du Svalbardeko Munduko Hazien Ganberak (Global Seed Vault): 70.000 hazi pasatxo jasota, milioi bat baino gehiago ditu jada. Duela hamar urte zabaldu zuten Munduko Hazien Ganbera, Ozeano Artikoko Svalbardeko uhartedian (Norvegia). Mendi izoztu baten barnean egina, biltegiak helburu argia du: mundu osoko hazien laginak gordetzea, aniztasuna babesteko eta gosete, larrialdi edota hondamendi egoeretan baliatu ahal izateko. Urtean bitan zabaltzen dute biltegia hazi lagin gehiago jasotzeko. Azkeneko aldian, esan bezala 70.000 hazi baino gehiago jaso zituen. Hala, dagoeneko 1.059.646 hazi daude. Nolanahi ere, biltegiko hiru gelak betetzeko asko falta da; izan ere, 4,5 milioi hazi lagin biltegiratzeko edukiera du. Errekor berria ez ezik, bestelako berrikuntzak ere ekarri dizkio urteurrenak biltegiari: iaz, klimaren ondorioz izotza urtu egin zenez, ura sartu zen biltegiko korridoreetan; bada, etorkizunean arazoak saihesteko, konpontze lanak egiten hasi ziren, zeinak dagoeneko amaituta dauden.