Zinema

shape‘The Shape of Water’ garaile Oscar sarietan

Lau garaikur eskuratuta, Guillermo del Toro zuzendari mexikarraren The Shape of Water filma izan zen nagusi Oscar sarien 90. edizioan. Sarietako bi kategoria nagusietan eskuratu zituen: film onenarena eta zuzendari onenarena. Horiekin batera, musikarik eta produkzio diseinurik onenarenak ere jaso zituen. Kopuruari baino ez erreparatuta, Christopher Nolan-en Dunkirk lana izan zen bigarren; guztira, hiru Oscar jaso zituen, hirurak alor teknikoetan: film edizio, soinu edizio eta soinu nahasketa onenarenak. Emakumezko eta gizonezko aktore onenen sariak, ordea, beste bi filmetako protagonisten eskuetara joan ziren: emakumezkoena Frances McDormandek jaso zuen, Three Billboards Outside Ebbing, Missouri filmean jokaturiko paperarengatik, eta gizonezkoena Gary Oldmanek, Darkest Hour pelikulan Winston Churchill politikari ingelesa gorpuzten egindako lanarengatik. Sari gehiago ere banatu ziren (guztira, 24 kategoria saritzen dituzte), martxoaren 4an, Los Angelesko (AEB) Dolby antzokian, non emakumeek pairatzen duten sexu jazarpenaren aurkako aldarriak ugariak eta ozenak izan ziren.