NABIL talde lekeitiarrak...

NABIL... bere hirugarren lana kaleratu du, Oroimenen mosaikoa izenekoa. Lehenengo eta bigarren diskoetan kontzeptu gisa ura eta lurra elementuak erabilita, oraingoan aireari heldu zaio txanda. Unai Egiak (Txapelpunk, Ekon, Rat-Zinger, Mitosia) gidatutako proiektuaren azken emaitza hamar abestiz osatutako lan kontzeptuala da, pop-rocka, kantautore musika eta elektronika ukituak dituena. Abestien musika eta hitzak Egiarenak dira batez ere, baina Unai Zendoiaren laguntza izan du hainbatetan. Ibon Agirrek (Minusculo), berriz, programazioetan lagundu die. Diskoa Iraun Urkaregi taldeko gitarristak grabatu, ekoiztu eta nahastu zuen 2013ko udaberrian Lekeitioko Bedroom Studiosen, eta Jose M. Rosillok masterizatu zuen Madrilgo Audiomatic estudioan.