Ikastolak

kilometroakUrte osoko ekimena izango da Kilometroak jaia

2020tik aurrera, bestelako eredua izango du Kilometroak Gipuzkoako ikastolen aldeko jai erraldoiak. Egun, urriko lehen igandean egin ohi da, eskuarki ikastola batek antolatua. 2020tik aurrera, ordea, urte osoko ekimena izango da. Hala, ekitaldiak edo “beste hainbat jaialdi txiki” urte osoan egingo dituzte, Gipuzkoako eskualdeetan, eta haien antolaketaz beste ikastola batzuk arduratuko dira. Nolanahi ere, hitzordu nagusia, urriko jaia, alegia, ikastola batek antolatuko du. Bi urteko gogoetaren ostean hartu dute erabakia. Eredua aldatuta, halako jai jendetsua antolatzeak dakarren “zama handia” arindu nahi dute, besteak beste. Era berean, jaiaren moldea ere aldatu nahi dute, helburu ekonomikoez harago ikastolen eredua bera zabaltzeko, auzolanari eta bestelako balioei garrantzia emanda. Gainera, azken urteotan sorturiko zenbait kezka larriri ere erantzuna eman nahi diote, esaterako, gazteen alkohol eta droga kontsumoak edota euskararen erabilerak eragindakoei. Ikastolen Elkarteak azaldu duenez, gainerako lurraldeetako ikastolen jaiak ere gogoeta prozesuan dira, zein bere erritmoan. Bien bitartean, aurten Urretxu-Zumarragan eta datorren urtean Zarautzen, orain arteko ereduari jarraiki egingo da Kilometroak,  bide berriari keinuak eginda, hori bai.