Bitxikeria

bottleXIX. mendean jaurtia eta XXI.enean topatua

Botila baten barnean gordetako mezurik zaharrena kausitu dute Australian. Duela mende eta erdi pasatxo botata uretara, berriki topatu dute Australiako hego-ekialdeko Wedge uhartean. Herbehereetako ginebra botila batean zegoen mezua. Alemanez idatzita dago, eta 1886ko ekainaren 12ko data du. Mezuaren arabera, egun hartan jaurti zuten Alemaniako Paula itsasontzitik, Australiako hego-mendebaldeko kostaldetik 950 bat kilometrora zegoenean. Ontziko kapitainak emandako datuak biltzen ditu: data eta itsasontziaren kokapena, baita itsasbidearen nondik norakoak ere. Horrekin batera, eskaera bat: mezua jasotzen duenak bidal dezala Alemaniako Itsas Behatokira edota gertuen dagoen Alemaniako kontsuletxera. Botila aurkitu duen familiak, Illman sendiak, itsas arkeologo batengana jo zuen, mezua iker zezan. Bada, Alemaniako eta Herbehereetako adituen laguntza jaso ostean, mezua benetakoa dela egiaztatu dute. Nola? Paulari zegokion nabigazio liburua arakatuta. Bertan agertzen denez, 1886ko ekainaren 12an jaurti zuen botila kapitainak, eta bai data bai itsasontziaren koordenatuak bat datoz mezuak dioenarekin. Antza, Alemaniako Itsas Behatokiaren ekimenez, 1864 eta 1933 artean milaka ginebra botila bota zituzten Alemaniako itsasontziek, itsasoko korronteak aztertzeko asmoz. Harrezkero mende eta laurden igarota, balioko al die, oraindik ere, mezuak?