Turismoa

handiaAltzoko Handiak badu interpretazio zentroa

Altzon bertan, noski. Non bestela? Hemendik aurrera, bisitariek badute nora joan, Handia filmak are ezagunagoa bihurtu duen pertsonaiari buruzko xehetasunak ezagutu nahi badituzte. Bertan, bost hizkuntzatan ikusi ahal izango da Gure Haundie dokumentala, Eriz Zapirainek Koldo Izagirreren gidoiaren arabera zuzendutako ikus-entzunezkoa. Halaber, Migel Joakin Eleizegiren benetako tamainako irudi bat ere jarri dute, pelikularako sortutako elementu batzuekin eta Altzoko Handia haurrentzako txotxongilo operan erabilitako hainbat panpinarekin batera. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz osatu du proiektua Altzoko Udalak, turistak Gipuzkoako barnealdera erakartzeko asmoz. Ziur Eleizegik ez zuela usteko bera jaio eta berrehun urtera museoa izango zuenik sorterrian! Bizirik zela, batera eta bestera ibili zuten, jendeak ikus zezan; bada, orain berari joango zaio jendea bisitan herrira.