Ar Redadeg

redadegBretoiaren aldeko lasterketara joateko bidaia antolatu dute Oiartzunen

Maiatzaren 4tik 12ra egingo dute Bretainian Ar Redadeg, bretoieraren aldeko lasterketa; 2008. urtetik, bi urtean behin egiten da. Aurten, Kemper-en abiatuko da, eta Plougerne-n amaituko. Korrika du eredu, eta ekimen bien arteko harremana estua da: bretoiek Iparraldeko AEKren laguntza jaso zuten haiena sortzeko, eta Korrika egiten den aldiro Bretainiako ordezkaritza zabala etortzen da Euskal Herrira. Era berean, Iparraldeko AEK-k ere beti bidaltzen du ordezkaritza, eta bretoieraren aldeko lasterketako kilometroa ere hutsik egin gabe erosten du.  Aurten ere izango da Ar Redadeg babestera joateko aukera, Oiartzungo Oiartzun-Karaez senidetza elkarteari esker (herri gipuzkoarra Bretainiako Karaez herriarekin senidetuta dago). Autobusa antolatzeko, AEKren laguntza izango dute. Maiatzaren 9ko ilunabarrean, asteazkenean, abiatuko da autobusa, eta 13ko arratsaldean, igandean, itzuliko da. Egun horietan, lasterketaren atzetik ibiliko dira. Hartara, lasterketan parte hartzeaz gain, behin baino gehiagotan ikusi ahal izango dute. Bidaiak 50 euro balio du, eta garraioa ez ezik, lotarako tokia ere hartzen du barne (aterpetan hartuko dute ostatu). Izena emateko orduan, oiartzuarrek dute lehentasuna, baina edonork eman dezake (apirilaren 1etik 15era oiartzuarrek eta apirilaren 16tik 30era gainerakoek). Bi modu daude horretarako: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera idatzi edota Oiartzungo Intxixu AEK euskaltegira deitu: 943493957. Beraz, fite ibili, jada entzuten dira eta Ar Redadeg-en oihartzunak: Adi dadi, adi dadi, Ar Redadeg!