Teknologia

skinSukarraren berri, bat-batean

Gorputzaren tenperatura jakin, termometroa erabili gabe; eta termometroak bere lana egin arte zain egon gabe, gorputzaren tenperatura ezagutu. Aukera hori eskaintzen du SkinTemp izeneko tiritak, izen bereko Kataluniako enpresak Eurecat Centre Tecnològic de Catalunya-rekin batera aurkeztu duenak. Tirita ipini eta, aplikazio bati esker, segundo bat igaro baino lehenago igortzen ditu sakelakora gorputzaren tenperaturari buruzko datuak. Hots, denbora errealean, itxaronaldirik gabe. Prozedura ezin sinpleagoa da: tiritaren gainetik pasatu behar da sakelakoa, besterik ez. Aplikazioak, gainera, makina bat aukera eskaintzen du: azken ordu, egun edota asteetako datuen jarraipena, grafiko edota taula bidez; sukarrik handiena izandako uneak jasotzea; beste norbaiti ohartarazteko aukera... Bartzelonako (Katalunia) Mobile World Congress kongresuan aurkeztu zuten SkinTemp. Oraingoz, gorputzaren tenperatura neurtzeko baino ez du balio. Halere, etorkizunean, kontu gehiago neurtzeko gai izango da; izan ere, glukosa maila, bihotz taupaden maiztasuna, tentsioa edota odoleko oxigeno maila neurtzeko ere patentatu dute.