E-uskaltegiko Blog-Blog bloga aurrerabidean

egelaUrtebeteko ibilbidea osatuko du, hil honen amaieran, AEKren E-uskaltegiko blogak. Euskara online ikasten dute E-uskaltegiko ikasleek, eta bertako irakasleekin partekatzen eta argitaratzen dituzte, Blog-Blog izeneko blogean, interesgarriak iruditzen zaizkien kontuak, testuak, irudiakā€¦ gehienak euskararen eta hizkuntzaren ikasprozesuaren ingurukoak. Haatik, gune irekia da; beraz, edonor sar daitekeenez, gustura jasotzen dituzte E-uskaltegiko kide ez direnen ekarpenak ere, www.egela.aek.eus/blog helbidean. Hainbat kontu aurki daitezke bertan: elkarren ondoan egon ez arren, inauterietan mozorrotuta agertzeko prest izan diren ikasleen argazkiak; mintzamena lantzeko, AIZU!ko berriak ondo baino hobeto kontatzen dituzten ikasleak; inguruko paisaia elurtuen argazkiak bidaltzen dituztenak... Guztiak balio du, jakina, euskara modu atseginean ikasteko.