Bertsoz bertso, esaeraz esaera...

... 25 edizio osatu arte. Horixe lortu du Sopelako Esaera Zaharren Txapelketak. Algortako Lauaxeta AEK euskaltegiko bi irakaslek 90eko hamarkadan sortutako jokoak ibilbide luzea egin du, eta hurrengo edizioa, 25.ena, apirilaren 28an jokatuko da, arratsaldeko saioan Amets Arzallus eta Onintza Enbeita bertsolariak izango direlarik. Hasierako helburua euskaltegiko ikasleekin joko bat egitea izan bazen ere, gaur egun Sopela herri osora zabaltzen da egitasmoa: bertsoak, atsotitzak, euskara, kalea, musika, bazkaria, sariak, jai giroa... guztiak batzen dira Txapelketan. Apiril ona ezagutzeko, ehun urte bizi beharko dio aurtengo karteleko esaera zaharrak. Agian ez da hil osoa ona izango, baina bukaera polita izango du 28an herri bizkaitarrera hurbiltzen direnentzat. Hasi, hortaz, taldeak osatzen eta atsotitzak xehetasunez ikasten, eta eman izena E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. posta helbidean apirilaren 23a baino lehen. Gero eta gutxiago falta da egun eder bat euskaraz igarotzeko! M. Egimendi.

aitor“Probatu ez duenak ez daki zer den hau”

Aitor Fdez. de Martikorena (Begoña, 1970) 1995ean joan zen lehendabizikoz Esaera Zaharren Txapelketara, lehiatzera. 1998an, Sopelako AEKren ardura hartuta, Txapelketaren antolatzaileetako bat bihurtu zen, eta hortxe jarraitzen du: antolatzaile, epaile, aurkezle...
Sopelako Esaera Zaharren Txapelketa konplexua da antolatzeko: 100 atsotitz aukeratu, bertsolariak eta musikariak lotu, sariak eta diru laguntzak lortu, bazkaria antolatu... Lan horietako batzuk egiten ditu Fdez. de Martikorenak, atsotitzak hautatu, kasu, hainbat irizpideri jarraituta: “Esanahi aldetik, errepikapenik ez egotea; ahal dela, euskalki guztiak edo gehienak islatzea; luzeak eta laburrak tartekatzea...”. Hainbat iturritara jota, hiru mila atsotitzeko zerrenda osatu du, eta hortik aukeratzen ditu edizio bakoitzerako behar diren ehunak. Haatik, guzti-guztiak ez dira esaera zaharrak: asmatutako ‘atsotitz’ bat ere sartzen dute, “gatz eta piper apur bat ematearren lehiaketari”. Hala, saria zozkatzen dute  esaera hori zein den asmatzen dutenen artean. 100 atsotitzeko zerrenda hori Txapelketa aurretik ematen da ezagutzera; besteak beste, AEKren webgunean paratuta (dagoeneko badago aurtengoa).
Parte hartzaile kopuruaren arabera prestatzen dira goizeko ibilbideak. Hiruzpalau tabernak osatzen dute ibilbide bakoitza, eta bakoitzean hiruzpalau talde lehiatzen dira, bi, hiru edo lau kidez osatutakoak. Horiez gain, musikariak behar dira, giroa alaitzeko; baita bertsolariak ere, bertso idatziak kantatzeko; eta epaileak, puntuazioa jasotzeko eta erantzuna ondo eman den erabakitzeko. Ibilbideko taberna bakoitzera heldutakoan, epaileak bertso bat ateratzen du karpetatik, edozein, eta bertsolariari ematen dio, kanta dezan. Talde batek dagokion bertsoa asmatzen badu, bi puntu jasoko ditu. Asmatzen ez badu, errebotea egokitzen zaio zozketa bidez aukeratutako taldeari, eta hark, asmatuz gero, puntu bat irabazten du. Taldeko eledunak eman behar du erantzuna, atsotitza hitzez hitz esanda.
Goizeko jardunean, ibilbide bakoitzeko talde irabazleak saria lortzen du (bazkaria edo afaria, oro har), eta arratsaldeko finalaurrekora pasatzen da. Elkarrekin bazkaltzen dute guztiek, Ander Deuna ikastolan, arratsaldean finalaurrekoak eta finala jokatu aurretik.
Bertsolariei dagokienez, goizekoek aurretiaz idatzitako bertsoak kantatzen dituzte, kalean. Arratsaldeko biek, aldiz, aurkezleak ateratzen dituen atsotitzei buruzko bat-bateko bertsoak botatzen dituzte, oholtza gainean. Aurten, Amets Arzallus eta Onintza Enbeita izango dira, baina Sopelatik dagoeneko igaro dira Maialen Lujanbio, Andoni Egaña... “Onenak ekartzen saiatzen gara”. 
Arratsaldeko saioa herri bazkariaren ostean egiten da. Agertokian, prozedura bera erabiltzen da goizeko irabazleekin, bi finalistak geratu arte. Irabazlearen saria, asteburuko egonaldia Euskal Herriko landetxe batean. Halere, badira sari txikiagoak ere. “Adibidez, AEK-ko ikasle ohi batek bere supermerkaturako 30 €-ko txartela ematen du, baina gehienak tabernek emandako afari edo bazkariak izaten dira”. Bestalde, lehiaketa goizean tabernaz taberna egiten denez, “tabernariei eskatzen diegu edariak doan ateratzeko, edo pintxoak jartzeko; dena den, tabernak bazkaria edo afaria eman badu sari, bada, hori da bere ekarpena, eta hartzen duguna ordaindu egiten dugu”.
Txapelketa amaituta, askotan geratzen omen da jendea bertan, “giro apartak erakarrita. Probatu ez duenak ez daki zer den hau”. Duela hiru urte lortu zuten errekorra talde kopuruari dagokionez: 37k eman zuten izena. Guztira, 80 lagun inguru bildu ohi dira lehiakideen eta laguntzaileen artean, baina horiei Txapelketa jarraitzeko batzen diren herritarrak gehitu behar zaizkie. Ondo betetzen dute, hortaz, helburu nagusia: euskara kalera atera eta ikusgai jartzea.

 

esaera“Helburua ez da garaipena, ondo pasatzea baizik”

Garbiñe Herraiz (Bilbo, 1972) duela 20 urte hasi zen Txapelketan parte hartzen. “Bitan edo” huts egin ei du, eta, taldea gutxitan errepikatu arren, behin baino gehiagotan irabazi du sari nagusia, baita beste sari batzuk ere.

Hainbat talde motarekin (lagunekin, euskaltegiko beste irakasle batzuekin, ikasleekin...) hartu izan du parte Herraizek: “Uribe Kostako AEKn nenbilela ezagutu nuen Txapelketa. Garai hartan, Leioako AEK-ko irakasle eta ikasle batzuk animatu, eta, batzuetan, denon artean eratzen genituen taldeak; beste batzuetan, berriz, irakasle bakoitzak bere ikasleekin osatzen zuen”. Aurten, duela sei urteko lagunekin ariko da: “Kostatu zaigu errepikatzea, ez da oso talde ‘sentimentala’ izan, kar-kar!”.
Lehiatzeko estrategia aldatu egiten da taldearen arabera, baina Herraiz taldekide guztiek atsotitz guztiak ezagutzearen aldekoa da: “Talde askotan, atsotitzak banatu, eta taldekide bakoitzak bereak bakarrik ikasten ditu. Hasieran, denok atsotitz guztiak ikasten genituen, baina Txapelketan erantzuna hitzez hitz bota behar denez, onena da taldekide guztiek esaera zahar guztiak ezagutzea, eta zehatz-mehatz ikastekoak besterik ez banatzea”.
Dena den, “helburua ez da garaipena, ondo pasatzea baizik”. Lehenengo xedea, hori bai, “goizean ez geratzea puntu barik, kar-kar! Oso egun polita da. Goizean, denok hartzen dugu parte; arratsaldean, ostera, sailkatuta egon ez arren, beti egoten da jendea agertokira arretaz begira, bertsolaria zein atsotitzi buruz ari den asmatzen saiatzen, telebistako lehiaketetan bezala. Horregatik ere hobe da atsotitz guztiak ezagutzea, dibertigarriagoa baita; izan ere, bertsolaria zuk irakurri gabeko atsotitz baten gainean ari bada, ez zara enteratzen”.
Zailena da, Herraizen ustez, “aurreko urteko esaerak ahaztea. Ez ditugu guztiak gogoratzen, jakina, baina batzuk hor geratzen dira, buruko txokoren batean”. Bertsoa entzutean, gerta dakizuke pentsatzea “halako esaerak balio du bertso honetarako, baina ezin da izan, ez dagoelako aurtengo zerrendan... Zein ote da baliokidea aurtengoen artean?”. Alabaina, hitzez hitz erantzutea ere ez da samurra, epaileek zorrotz jokatzen dutelako: “Final batean gertatu zitzaigun, atsotitz klasiko batekin (Kalean uso, etxean otso). Zerrendan, Kalean uso, eta/baina etxean otso ageri zen. Bada, guk txarto esan genuen, asmatu genuen atsotitza, baina ez genuen bota zerrendan zegoen moduan”.
Esan bezala, “hirutan edo” irabazi du Herraizek finala. Beste batzuetan, “goizean sailkatu bai, eta arratsaldean beste sariren bat irabazi dugu, afari bat edo”. Aurreneko aldiz irabazi zuenean, beste irakasle batekin eta ikasle batekin jardun zuen: “Ikasleari atsotitz laburrenak utzi genizkion, hori izan zen gure estrategia”. Azkenekoa, berriz, 2006an, "irakasle talde batek irabazi genuen”. Beste batean, Herraizen ikasleek osaturiko taldea nagusitu zen: “B1 mailakoak ziren, bertsoak inoiz entzun gabeak, eta irabazi egin zuten! Haientzat itzela izan zen, eta niretzat ere bai. Oso ondo ikasi zituzten atsotitzak. Ni beste talde batean egon nintzen, baina nik irabazteak baino ilusio handiagoa egin zidan haiek irabazteak! Ikasgelan ikasi genituen esaerak, jolasen bidez; beraz, denek zuten atsotitz guztien ezagutza orokorra, eta gero eurek egin zuten banaketa zehatza. Ez zuten inongo itxaropenik, baina goizeko ibilbidea irabazi zutenean, ezin sinetsirik zeuden! Arratsaldera, bat-bateko bertsoekin apur bat beldurtuta heldu ziren. Batek esaten zuen auzokide errumaniarrei hobeto ulertzen ziela agertokiko bertsolariei baino, kar-kar!”.
Parte hartzen duten ikasleei mintzamenean nabaritzen omen zaie, “pozarren erabiltzen dituzte gogoratzen dituzten esaerak. Baita neuk ere! Egun horretan bertan, bazkaritan, nik ez dakit zer pizten zaigun buruan, baina hor aritzen gara guztiok, tapa!, atsotitzak bota eta bota. Esaera zaharren bidezkoa izaten da komunikatzeko modu nagusia; auskalo zenbat baliatzen ditugun elkarrizketa arrunt batean!”.

testi“Atsotitzak hizkuntza aberasteko modu ezinbestekoa dira”

Josu Landetak (Getxo, 1965) Gabi Basañezekin batera antolatu zuen, 1992an, Txapelketaren lehenengo edizioa, beste formatu batekin. Algortako Lauaxeta AEK-ko irakasleak ziren, eta Altxorraren bila moduko joko bat asmatu zuten euskaltegiko ikasleekin egiteko.

“Lotura handia geneukan bertso eskolarekin; askotan, goi-mailako ikasleak hara eramaten genituen apur bat trebatzera, bertso dinamika harekin hizkuntza aberasten baitzuten. Gabi tematuta zebilen euskararen irakaskuntza bertsoen bidez lantzeko formula baten bila, eta horrela bururatu zitzaion jokoa. Esaera zaharrak asmatzeko, bertso idatzi batzuk utzi genituen, pista gisara, Algortako hainbat tabernatan”. 1994an, Sopelako euskaltegia zabaldu, eta hara joan zen Basañez. Txapelketa bertan antolatzea erabaki zuten orduan. Horrela hasi zen Sopelako Esaera Zaharren Txapelketa gaur ezagutzen dugun moduan, zeinaren bigarren edizioa 1995ean egin zen.
Landeta ia edizio guztietan egon da. Gainera, hainbat modutan hartu izan du parte: goizeko saiorako bertsoak idazten eta Txapelketa egunean kantatzen; epaile lanetan; musika jartzea ere tokatu izan zaio, akordeoia bakarrik edo semearekin batera joz. “Inoiz, ipurdi batekin hiru zulo estali behar izan ditut. Iaz, esaterako, epailearena egin behar izan nuen, bai eta bertsolariarena eta musikariarena ere, ez zegoelako jende nahikoa”. Azkenean, familia plana bihurtu zaio Txapelketa: “Umeak txikitatik eraman izan ditut, eta beti gozatu izan dute. Poztasunez esan dezaket semeari trikitia ikasteko gogoa Txapelketa honetatik sortu zitzaiola; alabak ere eraman izan du panderoa”.
 Algortako Bertsolari Eskolan jasotzen dituzten 100 atsotitzetatik 20-25 aukeratu behar dituzte, bertakoen artean, bertsoak idazteko. Ematen duten jokoaren eta sasoiko kontuekin eduki dezaketen loturaren arabera hautatzen omen dituzte: “Beti edukitzen dugu kontuan giro soziopolitikoa. Neurriari dagokionez, berriz, zortziko edo hamarrekoak egiten ditugu, kopla laburregia delako eta bertso luzeetan errazagoa delako parte hartzaileak galtzea. Mezu garbia eman behar diegu, ezin dugu mezu lausoa eta nahasia bota, horrela ez delako ezer irabazten. Jendea gozatzera joaten da, eta gu ere bai. Gero, gura barik ere, beti izaten da bertso makurren bat, esanahia apur bat mozorrotzen duena. Horrelakoetan, tarteka entzuten dugu protestaren bat; dena den, batzuetan, erantzuna agerian egoten da, kar-kar! Zenbaitetan, errazago asmatzeko, esanahi aldetik baliokidea den beste esaera zahar bat ere erabiltzen dugu bertsoan”.
Goizeko saioa eta arratsaldekoa ezberdinak dira Landetarentzat, “bakoitzak bere xarma du. Goizekoa herrian egiten da, poteoa dago, eta finalerako motorrak berotzeko balio du. Bazkalondokoan, berriz, jendea berotuta egoten da, eta interes handiagoa du, hain zuzen finala delako. Gainera, bat-bateko bertsoak botatzen dituzte plazan buru-belarri aritzen diren bertsolariek. Haiek ere ondo pasatzen dute, eta harritu ere egiten dira, ez dutelako Txapelketa ezagutzen”.
Landetak berak “gero eta gehiago” erabiltzen ei ditu esaera zaharrak: “Ez dakit adin kontua edo zer den, baina gero eta gehiago jotzen dut horretara, bai kalean lagunekin bai ikasleekin. Azkenekoekin asko, gainera, intentzio osoaz, beren euskara maila aberats dezaten”. Izan ere, Landetaren aburuz, “atsotitzak hizkuntza aberasteko modu ezinbestekoa dira. Galduz gero, gure hizkuntza ez litzateke hain aberatsa izango, bere balioaren zati handi bat galduko luke”.
Aurten ere gustura joango da, “ea bertso eskolako jendea animatzen dugun, bai bertsoak egitera, beraientzat eskola ona izango delako, bai Txapelketara joatera”. Kezka du, halere, transmisioarekin, parte hartzen duen jendea gero eta beteranoagoa delako, “30 urtetik gorakoa”. Ea gazteagoak ere animatzen diren!