Parte hartzen duzue Errigoraren kanpainetan?

ikamika

Heldu da Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainaren 5. edizioa,  Nafarroako hegoaldeko nekazaritza ekoizpena eta euskararen aldeko lana uztartzeko. Batetik, ekoizleei zuzeneko salmenta ahalbidetuta, tokian tokiko produktuen ekoizpena indartzeko. Bestetik, Nafarroako hegoaldeko euskalgintzari laguntzeko: kanpainak emandakoa hainbat egitasmo babesteko edota sendotzeko baliatuko dute; esaterako, Erriberako AEK. Parte hartzeko aukera ugari eskaintzen dute Errigoraren kanpainek: behinena, produktuak erostea, baina sortak prestatzen, banatzen... aritzeko aukera ere izaten da. Modu batean edota bestean, parte hartzen duzue? Zer iruditzen zaizue Errigora egitasmoa? Tuterako Arrigarai AEK euskaltegiko B2 mailako iluntzeko taldea.

1. Miguel
Bai, urtero auzolanera joaten naiz, kutxak egitera; horrez gain, kutxak eta olioa erosten ditut. Ideia ikaragarria iruditzen zait hemengo ekoizleak erabiltzea euskara bultzatzeko, hemen biek behar baitute laguntza handia.
2. Natalia
Bai, ezagutzen dudanetik muntaketan laguntzera joaten saiatzen naiz. Oso polita iruditzen zait, denok elkarrekin lan egiten dugulako Nafarroako nekazaritza eta euskara sustatzeko.
3. David
Bai, urtero erosten dut kutxa bat, oso kalitate oneko produktuak baitira. Olioa ere erosi ohi dut. Horrez gain, azken bi urteotan Ablitasera joan naiz, kutxak prestatzera. Ideia polita iruditzen zait, egitasmo honetan parte hartzen duen guztiak irabazi egiten duelako. Hala ere, hasieran, ez nuen uste kutxa asko salduko zirenik. Beharrik, oker nengoen!
4. Goio
Bai. Urtero sortak erosten ditut, batez ere, bertako produktuak merke ateratzen baitira, eta Erriberako euskalgintza babestu nahi dudalako. Ideia eta ekimen izugarri ona da. Aldi berean lotzen dira Nafarroako hegoaldeko produktuak, elikadura burujabetza eta euskalgintza. Gainera, muntaketan giro apartaz goza dezakegu Tuteran. Zorionak, Errigora, zinez.
5. Josean
Bai, beti hartu izan dut parte, bai Ablitasko auzolanean kutxak prestatuz bai erosiz. Kontserben eta olioaren kanpainan ere parte hartu dut, kartelak paratuz, eskuorriak banatuz... Oso egitasmo garrantzitsua da, bai ekoizleentzat bai euskarak Erriberan duen egoerari aurre egiteko.
6. Juanjo
Bai, beti saiatu izan naiz parte hartzen, bai muntaketan bai erosiz. Egitasmoa zein muntaketa eguna bera oso ederrak dira. Hagitz polita da inguru honetan hainbeste jende euskaldun ikustea.