Ttinka, lehen haurtzaroan ere euskaraz

haurtzaindegia

2019ko urtarrilean irekiko da Baxenabarreko lehen haurtzaindegi euskalduna, Ttinka izenekoa, murgiltze sistema eskaintzeko. Proiektuak denbora eman baldin badu ere gauzatzeko, bururaino eta osoki eramana izan da, eta laster euskarazko zaintza kolektiboa ahalbidetuko du hogei bat familiarentzat. Leire Bidart profesionalak, proiektuaren hastapenetik hor denak, azaldu digu zein ibilbide egin duten haurtzaindegi horren sortzeko eta nolako onura izan dezakeen haurrentzat eta familientzat ttipitik ingurumen euskalduna eskaintzeak. Graxi Irigarai.

2013an abiatu zen proiektua, profesional eta guraso batzuen eskuetatik. Leire Bidartek azaltzen du proiektua abiatu zela lurralde guzian izan zen mugimendu baten baitan. “Duela bospasei urte hasi zen dinamika hau Iparraldean. Xiberoan, Xübükota haurtzain-etxe euskalduna sortu zen; Hendaian, Angelun... ere sortu ziren. Gurea olatu berarekin abiatu zen, baina denbora gehiago eman du, guk ez baikenuen haurtzain-etxe bat nahi, baizik eta haurtzaindegi bat. Horretan gogor atxiki dugu”.
Haurtzaindegian harrera kolektiboa, arauak eta jende diplomatuak eskaini nahi zituzten, edonorentzat ekonomikoki eskuragarri. Haurtzain-etxe bat haurtzain liberal batzuen arteko juntatzea da, haurtzainek kontratua zuzenean gurasoekin dutelarik, prezio jakin batean. Haurtzaindegiek harrera kolektiboa segurtatzen dute, eta kudeaketa elkarte baten baitan da. Hemen, Euskal Hirigune Elkargoak delegatzen dio kudeaketa. Prezioa lansariaren arabera definitua da (CAF Caisse d’Allocation Familiale-k erabakitzen du prezioa; CAF organismo publikoa da, Familien Diru laguntza Kutxa, familia arloko eta gizarte arloko diru laguntzak kudeatzen dituena).
 “Guretzat garrantzitsua zen, hala ere, diferentzia handia baita prezioaren aldetik. Bakoitzak pagatzen du bere ahalen arabera; beraz, denen eskura emaiten duzu euskarazko harrera. Gutxi irabazten duen guraso batentzat garesti atera daiteke haurtzain bat, nahiz eta laguntzak izan”.
Bidartek zehazten du gogo horrek duela prozesua luzatu, baimen gehiago eskuratu behar izan dituztelako, beraz. Baina, baita ere, hautetsien sostengu ezinbestekoa lortzea luzea izan delako: “Prozesua askoz konplikatuagoa da, behar dituzulako baimen askoz gehiago: Hiri Elkargoarena, CAFena, Departamenduaren sustengua. Normala da luzeagoa izaitea”.
Zorionez, parada izan zuten  Gamarte eta Lakarra herrien arteko proiektu bati juntatzeko, 2012tik goiti haurtzaindegi baten irekitzeko gogoa zutelako bi herriek, herria dinamizatzeko eta lanbideak sortzeko xedearekin.
Herri Elkargoaren baimena ukaitea aski zaila zen bientzat; beraz, proiektuak juntatu ziren, bi herriak euskara hutsean egitearekin ados izaki. Proiektuari lotu zen, baita ere, herriko haurtzain liberal euskaldun bat, urtero familiak errefusatu behar zituena, leku eskasez. Prentsaurrekoa egin zuten joan den otsailean, eta izen emateak hasi dira ja.
Ipar Euskal Herriko kategoria sistema
Lehen haurtzaroaren euskarazko harrera dispositiboaren baitako (LEHA) B ereduari segituko dio Ttinka haurtzaindegiak: immertsio sistema. Duela urte zonbait, EEP Euskararen Erakunde Publikoak, euskarazko harrera segurtatzeko kategoria sistema bat abian jarri zuen, zonbait eredu  arautzeko. Ipar Euskal Herrian hiru mota daude: bi elebidunak (A eta C ereduak) eta B eredua euskaldun elebakarra. Kategoria horiekin hizkuntzaren tokia definitua da haurtzaindegiaren baitan.
A modeloan, gurasoek hautatzen dute zein hizkuntzaz mintzatuko zaion haurrari. Langile guziak elebidunak dira, eta haur batzuei euskaraz eginen diete; beste haurrei, aldiz, frantsesez. Langile berak biak egin ditzake. C modeloan, gurasoek ez dute hauturik, eta haur guziek entzunen dute euskara edo frantsesa, normalki erdi eta erdi, egunean zehar. Langile guziek ez dute, beraz, zertan jakin euskaraz.
B modeloa immertsioarena da; ondorioz, langile guziak euskaldunak dira. Langile guziak haur guziekin euskaraz mintzatzen dira, bai eta haien artean ere, denak euskaldunak direlako. Euskararentzat beste leku bat bermatzen dela ohartarazten digu Bidartek.
Ttipidanik euskaraz
Jadanik semea haurtzaindegian eman nahi duen guraso batek azaldu digu berari zergatik zaion garrantzitsua eredu hori eskaintzea: “Hain ttipi euskaraz mintzatzeak, edo bederen euskara entzuteak, sinpleki euskara bere ama hizkuntza izaitea ekarriko dio gure haurrari. Halere, pertsonalki, ez dut dudarik: haur batek berantago ere euskara ikasten ahal du, eta arras ongi menperatu. Haurtzaindegia osoki euskaraz izaiteak euskararen erabilera "normalizatzen" du; haurraren ingurumena osoki euskalduna izaitea baimentzen du, eta gure semea euskaraz bizitzen hasiko da ttipidanik. Hori izugarri polita atzemaiten dut”.
Bidartek ere azpimarratzen du euskara izanen dela haurtzaindegiko hizkuntza, eta denei galdeginen zaiela indar bat egin dezaten: “Hautua egiten dute haurra euskarazko harrera batean ezartzeko, eta behar diote erakutsi haurrari berek hautatu dutela, ados direla eta berek ere indar bat eginen dutela euskaraz egiteko. Hori biziki garrantzitsua da haurren begietan… Berentzat modeloa gurasoak dira, eta ikusten badute gurasoek ez dutela egiten, ez dute ulertuko zergatik egin behar duten”.
Biak ados dira, baita ere, euskararen hautua egiten duten guraso erdaldunentzat aukera dela ttipidanik euskara entzunarazteko haurrei, errazkiago berenganatuko dutela geroan: “Gure haurraren izena Lakarrako haurtzaindegian eman dugu, bereziki osoki euskaraz izanen den haurtzaindegia baita. Ene aldetik, ikasketa guziak euskaraz eramanik, logikoa iduritu zait haurrari ahal bezain goiz parada hori emaitea. Ene semearen aitak ez du xantza hori ukan, eta pentsatzen dut euskaraz ez jakiteaz dolutzen dela, ez duela nahi semeak egoera bera bizitzea”.