Bilbotik itsasora

bizi

Bizikletazaleen aspaldiko eskaera da: Bilbo eta Getxo lotuko dituen bidegorria egitea. Duela urte batzuk onartu zuten egitasmoa erakunde publikoek, baina gaur-gaurkoz ez da gauzatu. Hori dela eta, hilero, azken larunbatean, bizikleta martxa egin ohi dute Biziz Bizi elkartekoek, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza paretik abiatuta. Tarte hori bizikletaz egiteko moduan jar dezaten dute helburu. Hil honetako martxa berezia izango da, eta jai giroa nagusituko da, ekimenak bigarren urteurrena beteko duelako. Maider del Olmo

Itsasadarraren ondotik joanez, egin liteke Bilbotik Getxorako bidea bizikletaz. Errepidea laua denez, ez du aparteko zailtasunik. Halaber, ez da oso luzea: sei kilometro inguru dira, ibaiaren eskuinaldetik. Horrenbestez, Erandio, Leioa, Getxo eta inguruetako jendea bizikletaz hurrera liteke hiriburura, edo alderantziz, autoa lagata. Bilbotik itsasorako bidea motordun ibilgailurik gabe egin liteke. Hala, hondartzara bizikletaz joatea ederra litzateke. Aitzitik, egun, oso jende gutxik egiten du; izan ere, autoen joan-etorriak direla eta, arriskutsua da bi gurpil gainean mugitzea. Horrexegatik BI-711ko bidegorria egiteko eskaera.
Bilboko Hiri Txirrindularien Elkartea da Biziz Bizi. Hilaren 28an, larunbataz, errepidera aterako dira, ohi bezala. Beste behin, Bilbotik Getxora joango dira bizikletaz, bidegorria behingoz egin dezaten aldarrikatzeko: “Bizkaiko Foru Aldundiak, 2003-2016 epealdirako  bizikleta plana delakoan, bidegorria agindu zigun. Urteak dira plan hori ez dela gauzatzen ari. Bilbo Handiko mugikortasun iraunkorraren garapenean, oinarrizkoa izan behar zuen, baina ezerezean geratu da” diote elkartekideek.
Hori ikusita,  zapuztu  egin ziren Biziz Bizikoen esperantzak erakundeekiko, Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Arloko Plana, 2003an agindua, ez baitzen gauzatu. Ondorioz, martxak antolatzen hasi ziren, itxaroteaz aspertuta. Hasieran, tarteka elkartzen ziren; gerora, aski ez zela iritzita, martxa hilero egitea erabaki zuten.
Planak bata bestearen atzetik
Bestalde, iazko urtearen amaieran, hainbaten haserrea eragin zuen Imanol Pradales  Bizkaiko Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak esandakoak, alegia, hiru urte barru Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Arloko beste plan bat prest izango dutela. Biziz Bizikoen esanetan, “aurrekoa bete gabe, beste plan bat aurkeztuko dutela esaten ari dira. Ulertezina da”.
Ez dago sobera gogoratzea zein xede zuen duela 15 urte Bizkaiko Foru Aldundiak onartutako planak: jarraibide batzuk ezartzea Bizkaiko herritarren eguneroko joan-etorrietan bizikletazko mugikortasuna finkatzeko. Hau da, sare bat ezartzea zen helburua, lurraldea egituratuko duten eta udalerriak lotuko dituen bizikleta-bideena, hain zuzen. Gainera, bizikletaren inguruko udal planen garapena sustatzeaz gain, horietan lagunduko zuela hitzeman zuen Aldundiak. Egitasmoaren ardatzetako bat Bilbo eta Getxo arteko bidegorria zen, zeina, orduko hartan, 2003. urtean, ezinbestekotzat jo zen Bilbo Handiko mugikortasunerako.
Esan gabe doa urteak igaro direla eta bidegorriak egin barik jarraitzen duela; gainera, planaren betetze maila eskasa da, Biziz Bizikoen ustetan. Edozelan, jai giroan egiten dute hileroko aldarrikapen saioa, bizikletak eragiten dien pozaren erakusgarri. Gainera, arestian esan bezala, hil honetan beteko dira bi urte martxa egiten hasi zirenetik. Hala, apirilaren 28koan musika izango dute lagun, beraz, ohiko jai giroa are alaiagoa izango da. Goizeko 11:00etan abiatuko dira Foru Aldundiak Kale Nagusian duen egoitza paretik. Plaza eliptikoa igaro, eta Jesusen Bihotzeraino joango dira; jarraian, Euskalduna zubitik jaitsita, BI-711 errepidea hartuko dute, Lutxanan. Erandio, Leioa eta Getxo zeharkatu ostean, Areetara iritsiko dira. Antolatzaileek parte hartzeko deialdia zabaldu dute.


Hainbat abiaduratako desirak

Zorrotzaurre eta Abiadura Handiko Trena (AHT) dira Bilboko ikur berriak. Proiektu biek dute lotura estua hirigintza eta mugikortasun ereduekin; bada, ereduon arabera, Bilbon, non egunero  315.000 ibilgailu baino gehiago ibiltzen diren, bizikletak ia ez du lekurik izango. Hortaz, proiektuok ez dituzte lagun askoren nahiak eta beharrak aseko.
Lehenengoari dagokionez, Zorrotzaurre eta Deustuko erribera goitik  behera aldatuko ditu. Bertan, 5.500 etxebizitza egin nahi dituzte. Erakunde publikoek nahiz pribatuek osatzen dute hirigintza planeko batzordea; zehazki, hauexek:  Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala, Portuko Agintaritza, Inmobiliaria Margen Derecha SA eta Vicinay Cadenas SA. Zorrotzaurre uharte bilakatuta, 75 metroko zubia eraikiko dute hura eta ibaiertza lotzeko. Egitasmoak lau errepide aurreikusten ditu autoetarako, eta, zubiaren alboetan, bide bana oinezkoentzat. Horietako batek soilik izango du bizikletetarako bidegorria.
Bigarren egitasmoa AHT da. Sei kilometroko tunel batetik sartuko da tren lasterra Bizkaiko hiriburuan. Geltokia lur azpian egongo da. Haren sustatzaileek trafikoa murriztuko duela badiote ere, tren lasterraren aurkako mugimenduak 20 urte baino gehiago daramatza argudio hori zalantzan jartzen.
Bestalde, Bilbo 2018ko Europako hiririk onena izendatu izanak desadostasuna eragin du herritarren artean. Biziz Bizi elkartekoek, adibidez, zera diote: “Bilbok ez du eredugarritik ezer, mugikortasunari dagokionez. Hiri honetan, autoa da jaun eta jabe”. Horregatik ez zaie bidezkoa iruditzen Academy of Urbanism (Hirigintza Akademia) erakundeak Hirigintza saria eman izana Bilboko Udalari.