Trenico-ren azken hasperena

trena

Garai ez urrun batean, Lizarraren eta Gasteizen arteko harremanak oso estuak ziren. 1927tik 1967ra bitartean, Vasco-Navarro trenak lotu zituen bi hiriak, eta horrek burdinbidearen alde bietako herrien arteko hartu-emanak sendotu zituen. Azpiegiturak garapenari zabaldu zizkion ateak Ega ibaiaren lurretan. Oso maitatua izan zen, eta maitasun hori garraiobideari jarri zioten izenak islatzen du: “Trenico”. Berriki, 50 urte bete dira trenak azken bidaia egin zuenetik; bada, urteurrenaren aitzakiarekin, Lizarrako lagun talde batek dokumental bat egin du trenaren memoria berreskuratzeko. Hala, luze iraungo du trenaren itzalak. Arkaitz Almortza Muro. Argazkiak: Sancho El Sabio Fundazioa.

Haizearen zurrunbiloarekin batera daude dantzan hostoak Zuñigako (Estellerria) tren geltoki zaharraren inguruan. Zuhaitzek eta sastrakek bere egin dute eraikina, eta ahanzturaren zulo beltzari aurre egiten diote. Garrasi isila egiten du geltokiak, bere harrizko horma grisek: Arren, ez zaitezte nirekin ahaztu! Alabaina, denboraren orratzak aurrera doaz, eta, emeki-emeki, eraikinaren argia itzaltzen ari da. Dagoeneko nekez irakurtzen da duela 50 urtera arte harro erakusten zuen herriaren izena; izan ere, malkoen antzera, hizkiak poliki-poliki erori zaizkio urteen joan-etorriarekin.
Zuñigako eraikinak, baina, gogotsu eutsi nahi dio herritarren oroimenari. Duela ez hainbeste, bizilagunen algarek geltokia alaitzen zuten, eguna goibel egon arren. Orduan, 1927tik 1967ra, Vasco-Navarro trenak Ega ibaiaren ertzetako herriak batzen zituen, Lizarra eta Gasteiz arteko burdinbidean. Adituen esanetan, garrantzitsuenetakoa izan zen Euskal Herriko trenen artean, eta Europan ohorezko lekua zuen modernoenen zerrendan. Estellerrian, zehazki, historiako kapitulu inportantea idatzi zuen.
1927an inauguratu bazen ere, lehen bidaiak Bigarren Industria Iraultzaren garaian egin zituen, Juan Jose eta Joakin Herran bankari gasteiztarren ametsetan. Garai hartan, Madril eta Hendaia bitarteko trenbidea eraiki berria zen (Gasteiztik igarotzen zen), eta Bilbo bidetik at geratu zen. Horrexegatik, bizkaitarrek bi euskal hiriburuak lotuko zituen burdinbidea eraikitzeko proposamena egin zieten arabarrei, baina bi Aldundiak ez ziren ados jarri, eta, horrenbestez, Bilbok Ebroko Mirandarako burdinbide baten bitartez egin zuen bat Madril eta Hendaia arteko bide nagusiarekin. Javier Suso arabarrak sakonki ikertu du Vasco-Navarro trenaren historia (aita Gasteizko geltokiko buru zuen), eta zera dio: “Juan Jose Herranek barkamena eskatu zion Bizkaiari Bilbo eta Gasteiz arteko bidea ez eraikitzeagatik. Hala irakur daiteke garai hartan idatzi zituen prentsa artikuluetan”.
Geroago, 1881ean, Herranek Gasteiz eta Lizarra arteko burdinbidea eraikitzeko proposamena egin zion Arabako gizarteari, eta, aldi berean, Gasteiz eta Durango lotuko zituen bidea egitekoa; izan ere, une hartan, Bilbo eta Donostia arteko trenbidea eraikitzen ari ziren, eta Anboto mendiaren magalean bi trenbideak batzea aurreikusten zuen. Ametsetatik errealitatera salto egiten hasi zen, baina Euskal Herrian ez zuenez inbertitzailerik aurkitu, kanpora jo behar izan zuen proiektua aurrera eraman ahal izateko. 1886an, Ingalaterrako enpresa baten babesa lortu ostean, The Anglo-Vasco-Navarro Railway Limited Company enpresa sortu zuten, eta urtebetera hasi ziren burdinbidea eraikitzen.
Gasteiz eta Gatzaga lotuko zituen zatiarekin hasi ziren. Alimaleko erronka izan zen. “Kudeaketa eta eraikuntza arazoak izaten hasi ziren. Hori gutxi balitz bezala, haien bazkide ingelesak porrot egin zuen, eta lanak bertan behera utzi behar izan zituzten” azaldu digu. Bi hamarraldian geldirik egon ostean, Estatuak bere gain hartu zuen burdinbidearen eraikuntza. Hala, 1914an ekin zioten berriro lanari, baina hastapeneko diseinuan aldaketa txiki bat eginda: Arabako hiriburua eta Bergara lotzea.
Eraikitze lanak amaitu bezain pronto hasi ziren Gasteiz eta Lizarra arteko bidea egiten, baita San Prudentzio eta Oñati lotuko zituen zatia ere. Estatuak Alejandro Mendizabal ingeniari gaztearen eskuetan utzi zuen proiektua. Hark Herran osaba-iloben proposamena moldatu zuen. “Aurreikusia zegoena baino modernoagoa eraiki zuen”. Urteetako lanaren ostean, 1927an inauguratu zen Lizarra eta Gasteiz arteko trenbidea. Hasieran, lurrunez funtzionatzen zuen trenak, baina handik gutxira argindarra baliatzen hasi zen. “Garai hartan, Espainiako modernoena zen. Geltokietatik automatikoki maneiatzen zuten dena, baita orratzen aldaketa ere”. Guztira, trenbide sareak 143 kilometro izan zituen Bergaratik Lizarrara; eta Gasteizek Debagoieneko industria gunearekin eta Ega ibarreko landa eremuarekin lotura zuzena izan zuen.
Garai modernoak
Trenak, zeharkatzen zituen haranetan, aro berri bati zabaldu zizkion ateak. Javier Susok argi du zein izan zen, bere irudiko, trenaren eragina: “Endogamia desagerrarazi zuen. Trena iritsi aurretik, herritarrak ez ziren beren ibarretatik ateratzen, beraz, herrikideekin ezkontzen ziren. Garraiobidea iritsi zenean, ordea, haraneko ateak ireki eta leku batetik bestera mugitzen hasi ziren”. Ega Ibarreko ekonomian iraultza eragin zuen: “Nekazariak beren produktuak urrutiago saltzen hasi ziren. Trena iritsi baino lehen, Lizarra eta Gasteiz arteko bidea 2-3 egunean egiten zuten; ondoren, bidaia 2 orduan baino gutxiagoan egin zezaketen”.
Araba Nafarroa eta Gipuzkoa batzen zituen trenak emakumeen aldeko apustu sendoa egin zuen. Izan ere, Alejandro Mendizabalek makina bat geltokitako buru izendatu zituen. Haren hitzetan, gizonak baino adeitsuagoak ziren: “Geltokietan, seme-alabekin egoten ziren, baratza zuten eta abereak (txerriak eta oiloak) bizirauteko; horrenbestez, ez ziren geltokietatik mugitzen” nabarmendu du Susok. 1933an, esaterako, 33 geltokitatik 14tan emakumezkoak ziren nagusiak. “Tamalez, gizonek baino gutxiago irabazten zuten”. 
Urte oparoak izan zituen garraiobideak. Datuen arabera, urtean 300.000 bidaiari eta 180.000 tona karga garraiatzera iritsi zen. Aitzitik, 1946tik aurrera, trenaren gainbehera hasi zen. “Gaizki kudeatu zuten. Jabetza Estatuarena izanik, guztia Madrilen zegoen zentralizaturik; beraz, edozer gauza egiteko, ate asko jo behar ziren”.  Trenaren mantentze lanak ere Madrildik agintzen ziren. “Pieza bat falta bazen, Madrilen eskatu behar zen; ez zen inolako inbertsiorik egiten, geltokiak nahiko hondatuak zeuden…”. Horrez gain, errepide bidezko garraioak eragina izan zuen. Zentzu guztietan, trena hiltzen utzi zuten. Lau hamarkadaz egunean hiru bider Gasteiz eta Lizarra arteko joan-etorria egin ondoren, 1967ko abenduaren 31n egin zuen azkeneko bidaia. “Oso gogorra izan zen langileentzat. Guztiek diote familia handi bat osatu zutela”.   
Ke amaigabea
Trenicok azken bidaia duela 50 urte egin bazuen ere, haren keak Estellerriko herriak besarkatzen ditu oraindik, lotsati. Lizarrako Jose Miguel eta Oskar Barbarinek, Sergio Casik, Carlos Etxabarrik eta Isidro Jimenezek dokumental bat egin dute trenaren lokomotorreko sua hauspotzeko. “Proiektua bere kabuz garatzen joan zen. Gure hasierako helburua zen 50. urteurrenaren harira erakusketa bat antolatzea, garaiko argazkiekin eta. Halakoak egin izan ditugu, baina, gaia ikertzen hasi ginenean, jendeak maitasun handiz oroitzen zuela ohartu ginen, eta zerbait berezia egitea erabaki genuen” diote irribarretsu. Lizarrako semeak dira, eta begiradan sumatzen zaie, gaiaz ari direla, zer-nolako estimua dioten sorterriari.
Ikuskizuna sortzeko, garraiobidearen berri ematen duten garai bateko eta egungo argazkiak, oroitzapenak eta trenaren erabiltzaileen testigantzak bildu dituzte. Olerki ederra da dokumentala, non iraganak eta orainak airetik hartutako irudien bidez bat egiten duten. Indusketa lanak ere egin dituzte; izan ere, Zufian trena kendu eta berehala bota zuten herriko geltokia. Bada, 50 urte geroago, Lizarrako lagun talde honek sasien artetik atera ditu haren aztarnak.
Trenak bultzada nabarmena eman zion Ega ibaiaren arroko hiriburuari. Baina, batez ere, inguruko herrietan garraiobideari dioten maitasuna nabarmentzen da. Hala antzeman dute dokumentala eskaini duten lekuetan. “Herrietako bizilagunak ziren trena gehien erabiltzen zutenak; inguruko jende askok Gasteizen, Oñatin edo Bergaran egiten zuen lan, eta hori trenagatik izan zen” diote Barbarin anaiek. “Jendetza gerturatu da emanaldietara, ez genuen inondik inora espero halako erantzuna izatea”, dio Etxabarrik.
 Azken 50 urte hauetan ezkutuan egondako maitasuna lau haizetara zabaldu dute Lizarrakoek, eta, haien lanari esker, etorkizuneko belaunaldiek ere trenera igotzeko aukera izanen dute. Nekez desegingo da, beraz, trenaren kea.

Geltokien xarma

Alejandro Mendizabalek diseinatu zituen geltokiak. Antza, inguruko parajeetan, etxeetan… oinarritu zen. Bakoitzak bere izaera du, eta guztiek zuten komuna, argindarra… Gaur egun, Nafarroako lurraldean, Lizarrakoa erabilera anitzeko eraikina da; Murietakoa eta Antzingoa herriko udaletxeak dira; Zubielkikoa eta Acedokoa, etxebizitzak; Zuñigakoa abandonaturik dago; eta Zufiakoa desagertu egin zen.