Motxila hartu, eta mandazainak gogoratu

mandazainak

XIX. mendera arte, Arabako Errioxako mandazainak Bermeoko portura joan ohi ziren garia, gatza, ozpina eta ardoa eramatera, eta, bueltan, arrain freskoa eta gazitua eramaten zituzten. Azken asteotan, bermeotar talde bat Ardoaren eta Arrainaren GR–38 ibilbidea egiten ari da, trukearen kultura eta historia berreskuratzeko asmoz. Oionen hasi zen txangoa, eta, zazpi etapa osatu ostean, Bermeon amaituko da ibilaldia, XXIV. Arrain Azokako igandean. Estitxu Ugarte.

Guardia, Albaina, Estibaliz, Legutio, Durango eta Mendata herriak zeharkatzen ari dira egunotan Bermeoko Sollube 707 mendizale taldeak bildutako lagun ugariak, bizkaitarrak zein arabarrak eurak. Mendizale taldearen ekimenez, antzinako mandazainen lanbidea nabarmendu nahi dute, bai eta Euskal Herriko barrualdea eta kostaldea lotzen zituen ibilbidea ezagutarazi ere.  Guztira, 169,1 kilometro egingo dituzte, hogei kilometro inguruko zazpi etapatan banaturik. Bermeon sartzen direnerako ongietorri berezia prestatzen ari direla jakinarazi du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek.
 Sollube 707 mendizale taldeak aurretik ere egin du ibilbidea. Orain dela hamar bat urte, osorik egiten saiatu ziren, baina arazo ugari izan zituzten eta hainbat aldiz galdu ziren, batik bat Bizkaia zeharkatzean. Sabin Bilbao Sollube taldeko kideak gogoratu duenez, orain asmoa kulturala da, paisaiaz gozatzeaz gainera: “Bermeon egiten den Arrain Azokaren harira zerbait berezia egin nahi genuen aurten, eta ibilbidea berriro egitea otu zitzaigun; ez genuke nahi bide hori galtzea, Errioxako alde hori eta kostaldeko Ondarroa, Lekeitio eta Bermeo lotu izan dituena, gure arteko harremanak sendotzeko ere balio izango duelakoan”.
Arroiabe mandazaina, gogoan
Arroyabe kontserba-etxearen laguntza jaso dute beharrezko guztia antolatzeko. Izan ere, Rufino Arroiabe Bermeoko Arroyabe kontserba enpresaren sortzailea, mandazaina bera, izango dute gogoan. Arroiaberen hereniloba Bittor Agirrek azaldu bezala, "herenaitona gasteiztarra zen, eta XIX. mendearen amaieran ardoa eta arraina trukatzen hasi zen,  Arabako Errioxatik Bermeorako bidea eginda".
Agirrek dioenez, eginbide horretan arraina kontserbatzeko teknikak ikasi zituen Arroiabek: "Orduan, gazitzea eta olio-ozpina erabiltzen zituzten". Bidaia haietako batean, Bermeon bizitzen geratzea erabaki zuen. Lehenengo, ardotegi bat ireki zuen herrian, eta geroago Arroyabe eskabetxera sortu zuen, 1989. urte inguruan, "hegaluzea eta gatzetan jarritako antxoa merkaturatzeko", herenilobak nabarmendu duenez. 60ko hamarkadan, ardotegia itxi zuen, eta ahalegin guztiak kontserba-etxera bideratu zituen.
Rufino Arroiabe bezala, XVI. mendetik XIX. mendera arte Euskal Herriko kostaldea eta barnealdea lotu zituzten pertsonak omenduko dituzte Bermeoko Arrain Azokaren XIV. edizioan, 2018ko maiatzaren 18an, 19an eta 20an (1994tik egiten da, eta Euskal Herriko zaharrenetakoa da). Bermeoko Arrain Azoka “erreferente” bilakatu nahi dute, eta, horretarako, elkarlanean dabiltza Bermeoko Udala eta herriko kontserba enpresak zein erakundeak.

Aberastasuna, petrolio gorriaren bidean

Hainbat historialariren esanetan, ez da Ardoaren eta Arrainaren ibilbide bakarra izan barrualdea eta kostaldea lotzeko; dozenaka ibilbide egon dira, erromatarren garaitik, eta funtzio anitz izan dituzte: militarra, lurralde estrategiak finkatzekoa eta ekonomikoa, besteak beste.  XII. mendetik aurrera, merkataritza eta garraio sareak osatzen hasi zirenean, garrantzi berezia hartu zuen ardoaren eta gariaren ibilbideak, Arabako Errioxa eta Lautada Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldearekin lotzen dituen sareak, hain zuzen. Mende askoan, ardoa izan zen salgairik ohikoena eta preziatuena, baina garia, artilea, arraina, koipea eta Bizkaiko burdina ere eraman zituzten bide horretatik.
Bide sare horretan, Gasteiz izan zen ardoaren kontsumo gune nagusia XIV. eta XV. mendeetan (hogei mila inguru pegar kontsumitu ziren 1428an), bai eta Gipuzkoako eta Bizkaiko herriak hornitzeko lehen mailako banaketa gunea ere. Hala, “Erdi Aroko ardoaren autopista” moduko bat sortu zen Gasteiz eta Arabako Errioxa artean, dozena erdi adarrekin. Urte osoan, milaka zaldik gurutzatzen zuten Toloño-Kodes mendilerroa, petrolio gorriarekin zamatuta. Gasteiztik Bermeoko, Ondarroako eta Lekeitioko portuetara garraiatzen zuten ardoa, baita Gipuzkoako Deba herrira ere.
Zazpi mende inguru iraun zuen ardo lotune honen alboetan, dozenaka herri txiki sortu eta hazi ziren. Miguel Larreina ikertzaileak  jaso duenez, “ardoa norabide bietan garraiatzen laguntzen zuten herriak ziren; izan ere, Arabako Errioxak, ardo ona ekoizten zuen arren, gainerakotik oso gutxi zuen, eta Arabako herriek hornitzen zuten, batez ere Mendialdekoek eta Trebiñukoek, egurraz, ikatzaz, zaldiez, aleez, barazkiez...”.
Arabako Errioxako ikertzailearen arabera, mandazainen joan-etorriak aberastasun handia ekarri zuen eskualdeko herrietara: “Mende horietan eraiki ziren jauregiak, etxe handi dotoreak, elizak eta upategiz osatutako auzoak Bastidan, Eltziegon, Villabuenan, Navaridasen, Abalosen, San Vicenten, Lantziegon… Mendilerro inguruko etxe multzo sendoak ere ardoaren merkataritzatik sortuak dira”.
Petrolio gorriak, beraz, diru asko ematen zuen urtero, eta Arabak mendeetan atera zion probetxua milioi askoko negozio horri: “XIV.- XVI. mendeetako ardoekin, kontzejuek dirutza sartu zuten beren diru kutxetan, haiei baitzegokien zerga jasotzea”. Kontuan izan behar da, gainera, Gasteiz eta ingurua zirela, 50.000-60.000 biztanlerekin, Arabako Errioxako eta Goi Errioxako ardoen bezero nagusiak; “eta, Arabako biztanleria eta aberastasuna handitu ahala, Arabako Errioxako ardoaren eskaria ere handitu egiten zen; horrek mahasti gehiago landatzera bultzatzen zuen, eta ardo ekoizpena bikoiztu egin zen: hiru milioi litro beharrean, sei milioi litro ekoizten ziren, zehazki”.
Gero, XVII eta XVIII. mendeen artean, Bizkaia Araba baino gehiago kontsumitzera iritsi ei zen, biztanle gehiago zituelako eta aberatsagoa zelako. Guardiako 1715. urteko Udal Ordenantzen arabera, zeinak Larreinak berreskuratu dituen, Bizkaiko mandazainak ziren herriko ardoaren kontsumitzaile nagusiak. Halaber, Vizcainoek Arabako Errioxan izandako garrantziaz jabetzeko, Larreinak aipatu du Bastidan eta Guardian XVIII. mendearen hasieran hildakoen % 25 bizkaitarrak edo gipuzkoarrak zirela.

Zazpi oinkada

GR–38, Oionen hasita, iparralderantz abiatzen da, eta leku zoragarriak zeharkatzen ditu Araban; esate baterako, Toloño mendilerroa, Ihuda ibaiko haitzartea, Trebiñuko labar-elizak, Gasteizko mendi garaiak eta Uribarri Ganboako urtegia. Lehen etapak, Oiondik Guardiara bitartekoak, kultur eta natur interes handiko elementuak ditu, hala nola, Mantible zubia edo Guardiako aintzirak.
Arabako Errioxa eta bertako mahasti zabalak atzean utzita, eta Toloño mendilerroa eta Arabako Mendialdea zeharkatu ondoren, Trebiñun sartzen da bidearen bigarren etapa, Guardia eta Albaina artekoa. Etaparen amaieran, bailarako leku interesgarrienetako bat dago: Lañoko eremutarren koba.
Hirugarren etapak, Albaina eta Estibaliz artean, bi natura-gune oso berezi zeharkatzen ditu: Ihuda ibaiaren arroila eta Gasteizko Mendi Garaiak. Ondoren, Estibalizko santutegia eta Legutioko hiribildua lotzen ditu bideak; halaber, Arabako Lautada zeharkatuz bertako paisaiaren edertasunaz gozatzeko parada dago.
Bosgarren etapan, Arabari agur esan, eta Otxandiok Bizkairako ongietorria emango du. Urkiolako ingurune ikusgarrian gora egin ondoren, ibilbidea Durangoraino jaisten da, eta handik Oizko erliebeetaraino igotzen da. Urdaibaiko Biosfera Erreserbako lurrak zeharkatuta, bidea Bermeoraino iristen da, bidaiaren helmugaraino, hain zuzen.
Sabin Bilbao Sollube Mendizale taldeko kideak Arabako zein Bizkaiko herritarrak ekimen honetan parte hartzera animatu nahi ditu, eta bi herrialdeen artean izandako harremanak berreskuratzeko eta nabarmentzeko gonbita egin du: “Gustatuko litzaiguke Arabako Errioxako mendi taldeak eta bizilagunak gurekin batera sartzea Bermeon, maiatzaren 20an, Arrain Azokako igandean, gure arbaso mandazainei omenaldi txiki bat egitearren”.