“Nire asmoa ez da musika komertziala egitea”

libe

Libe Garcia de Cortazar (Bilbo, 1981), Libe musikaria, bakarkako bigarren diskoa aurkezten dabil bere bandarekin: Ilargia erori da (Bonberenea Ekintzak). Araba Euskaraz-eko aurtengo kanta, Irrikitan, berak egin du, Jon Basagurenen hitzekin. Lanera sartu aurretik harrapatu dugu elkarrizketarako, denboraz larri. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Lanera joan behar... Ametsa litzateke zuretzat musikatik bizitzea?
Izugarri gustatuko litzaidake, jakina, baina benetan eta erabat beteta abestiekin. Konposatzen hastean, ezin da erabaki zer atera nahi den; aldi berean, zerbait ateratzen denean, ezin da pentsatu nola moldatu jendeari gustatzeko, irrati guztietan entzuteko edo disko asko saltzeko. Nik, behintzat, ezin dut, neure buruarekin zintzo jokatu beharra dut. Ontzat emateko, abestiek zer edo zer mugitu behar didate barruan. Egiten dudan musika ez da dirua lortzeko bide bat, nire asmoa ez da musika komertziala egitea, edo entzule guztiei gustatzea, edozein preziotan.
Oso perfekzionista zara?
Bai, agian gehiegi. Batzuetan, arrazoirik gabe sufritzen dut. Ez dut edozein gauza ontzat ematen, eta, zenbaitetan, hori txarra izaten da, noski. Taldekideek esaten didate zerbait oso ondo dagoela, baina... noiz edo noiz haiei esker atera dira gauzak atera diren bezala, zeren eta, niregatik izan balitz, agian utziko nukeen ideia zokoratuta. Azkenean, hala ere, emaitzan nabaritzen da lan egin dugula eta perfekzionismo puntu bat badagoela. Azken batean, neuri gustatu behar zait, eta geuri. Izan ere, neu naiz Libe, eta neuk sortzen ditut ideiak etxean, neuk egiten dut hezurdura, nahiz eta gero guztion artean jantzi hezurdura hori eta denon artean sortu abestiak. Guztion lana da.
Gaur egun, zer da musika zuretzat?
Barnean daukadan guztia ateratzeko eta komunikatzeko modu bat, oso terapeutikoa, gainera. Honela ulertzen dut nik musika: bihotzez egindako abestiak sortzea, publikoaren aurrean merezi duten bezala defendatzeko.
Oñatiko gaztetxean emandako kontzertuan, arreta eta isiltasuna egotea eskertu zenuen. Ez da ohikoa?
Ez, taldekideok kontzertu batera joan, eta jendea ez bada isiltzen, haserretu egiten gara, errespetu falta handia delako. Zu hor ari zara abesten edo jotzen eta... Batzuetan, oso arraroa ere iruditzen zaigu, jendeak ordaintzen duelako sarrera gero hizketan egoteko, trago bat hartzen eta kasurik egin gabe. Beraz, eskertzekoa da jendea entzuten egotea, agertokian ematen ari zarenari adi. Dena den, lekuak eta lekuak daude.
Zergatik erabaki zenuen bakarka aritzea?
Hasieran, Neubat taldean egon nintzen; gero, Sorkunekin ere bai. Talde horietan, musika eta abestiak eginak zeuden, gutxi gorabehera, eta nik neure abestiak atera nahi nituen, niretzat horixe baita gauzarik ederrena. Izaki Gardenak taldearekin ere oso gustura jarduten dut, koroak egin eta teklatua jotzen dut, baina abeslariak ekartzen ditu beti bere ideiak eta ni horietara egokitzen naiz. Alabaina, Libe proiektua neu naiz, eta nire musikariekin batera egiten duguna. Oso desberdina da, neuk esaten dudalako zer eta nola egin nahi dudan, gero guztion artean osatu arren.
Bakarka egindako bigarren diskoa duzu hau. Bide beretik jarraitzeko berrespena izan da?
Momentuz, hauxe atera zait, edo zaigu, eta konforme nago. Ez dakit zer etorriko den etorkizunean. Adibidez, aurreko diskoan agertzen diren abesti batzuk orain ez nituzke onartuko; garai hartan, ordea, horrela atera ziren, horrelakoak dira. Etorkizunean, zer? Ez dakit, egin arte ez dago jakiterik, baina gustatzen zait bide hau, baita azken diskoan dagoen giroa ere.
Zure proiektua da, baina abestiak ez dituzu zeuk idazten, zergatik?
Zerbait lokalera eraman aurretik, piano aurrean esertzen naiz, ea zer ateratzen zaidan. Berezia baldin bada, ahotsarekin probatzen dut, gutxi gorabehera, ezer esan gabe. Ondo badago, lokalera eraman eta ideia aurkezten dut, guztion artean lantzeko. Disko honetan, Jon Basagurenek idatzi ditu hitzak. Oso ondo ezagutzen nau, eta nire lekuan jartzen da. Hortik ateratzen dira hitzak. Aurreko diskoan, zer edo zer egin nuen, baina ez naiz batere trebea idazten, ez gaztelaniaz ez euskaraz. Musika oso landua zenez, hitzak ere halakoxeak izatea nahi nuen, poesia, baina nik ez dakit hori egiten; Jonek, aldiz, bai, eta oso ondo, gainera.
Zuk badakizu zer den euskara ikastea, eta begira noraino iritsi zaren. Zer esango zenieke orain ikasten ari direnei?
Oso hizkuntza polita dela. Nik ikasi nuen hasieran ibili nintzen taldeetan euskaraz egiten genuelako. Zoritxarrez, ikastetxean euskara ikasten genuen, baina ez genuen hitz egiten. Nik gerora ikasi nahi izan nuen, hemengo hizkuntza delako, geurea, altxorra. Lana eskatzen du, noski, baina gero oso polita da dena ulertzea eta hitz egitea. Oso hizkuntza melodikoa da, sonoritate polita dauka, eta izugarri gustatzen zait. 
Zaila izan zen zuretzat prozesua?
Batzuetan, bai. Euskaltegian egon nintzen, gero utzi egin nuen, berriro itzuli nintzen…  baina benetan heldu nionean, orduan lortu nuen. Esan bezala, lan egin behar da; gogoz hartuz gero, baina, ez da hain zaila. Oso bitxia da, adibidez, hitzak nondik datozen ezagutzea...
Nola hartu zenuen Araba Euskarazen kanta egiteko enkargua? Liberen estiloa eta euskararen aldeko jaiena ezberdin samarrak dira...
Oso pozik; batez ere, Argantzungo ikastola delako. Haren egoera beste ikastolena baino zailagoa da, Trebiñun dagoelako. Abestia sortzen jarri ginenean  ez genekien zer aterako zen, normalean egiten dugun musika lasaiagoa baita: azkenean, baina, oso abesti indartsua eta erritmikoa egin dugu. Irrikitan izenburuaz, mezu zoragarria du, Jon Basagurenen hitzekin. Helburuarekin guztiz bat egiten dugu, gainera.
Izaro, MICE, zeu... bada euskal emakume bakarlarien belaunaldi berria? Ala kasualitatea da?
Gero eta emakume gehiago gaude oholtza gainean, eta hori kontuan hartzekoa da. Kasualitatea den ez dakit... Sorkunek bide ederra egin zuen, Anarik ere bai, eta, agian, lehen emakumea ez geneukan hain presente musika munduan. Gaur egun, ordea, gero eta gehiago gaude, eta pozgarria da.
Emakume bakarra zara Libe proiektuan, baina zeu liderra. Aurkitu duzu trabarik musikaren arloan emakumea izateagatik?
Bai. Adibidez, behin Medina de Pomarrera (Burgos, Espainia) joan nintzen Neubat taldearekin jotzera, eta, kontzerturako denbora gutxi geratzen zela, antolatzaileak kezkaz galdetu zigun ea non zegoen falta zena, uste baitzuen ni taldekideen laguna-edo nintzela, ez taldeko partaidea. Garai hartan gertatu zitzaizkidan gauza batzuk ez nituen kontuan hartu, beharbada; oso gaztea nintzen, baina gaur egun ohartzen naiz. Leku batzuetan, emakumea zarelako, ez zaituzte serio hartzen. Nik badakit kableak ondo jartzen eta dena muntatzen! Hala ere, inguruan izan dudan jendea beti izan da oso kontzientea eta orekatua, baina beste leku batzuetan ez da berdin gertatzen, zur eta lur geratzen zara. Pena handia da, ez du zentzurik.
Batzuk ez daude alde, baina zuk doan eskaintzen duzu ekoizpena Interneten, zergatik?
Gaur egun, diskoak ez dira saltzen; baten bat bai, kontzertuetan, baina ez da duela hogei urte bezala. Halere, nik uste dut musika entzuteko dela. Deskargatzeko aukera ere ematen dugu, eta jendeak ordaindu egiten du; gutxi, baina erosi erosten da. Interneteko plataformetan libre jartzea gure musika hemen nahiz kanpoan zabaltzeko eta ezagutarazteko modu bat ere bada.
Nola ikusten duzu euskal musikaren panorama?
Denetik dago gaur egun, gero eta errazagoa da musika egitea, eta gero eta jende gehiago dago musika sortzen. Orain, oso modan daude, adibidez, Glaukoma, hip-hopa... Rock and rolla Euskal Herrian betidanik egin dela esan daiteke, baina duela gutxi ska taldeak eta horrelakoak egon ziren modan. Dena den, badaude oso gauza interesgarriak, eta gero eta talde gazte gehiago daude. Hori ona da. Rock and rolla ez da hil, Glaukomako Juantxo abeslariak elkarrizketetan esaten duen moduan, ez dut uste hori egia denik. Agian, orain gazteek gehiago entzuten dute hip-hopa, baina gure kontzertuetara jende gaztea ere etortzen da. Ez asko, baina etortzen da. Hori lortzeko, lan egin behar da, bide luzea da. Ez da erraza, gauzak ondo egin nahi badituzu, behintzat. Lan egin behar da, eta ondoko lagunak zaindu. Gaur egun daukaguna talde edo familia perfektua da niretzat, formula magikoa, oso ondo ulertzen dugulako elkar. Kontzerturik ez dugunean ere, elkarrekin ateratzen gara afaltzera eta garagardo batzuk hartzera. Ordu asko ematen ditugu elkarrekin. Urteek aurrera egin ahala, konturatu naiz alderdi hori oso garrantzitsua dela, musikan dena transmititzen delako, eta taldekideekin gustura ez bazaude...

KOLKOTIK  

Musikari bat?
Anari.
Non eta noiz eman zenuen lehen kontzertua?
Gasteizko txosnetan, orain dela 15 bat urte...
Musika tresna bat?
Pianoa.
Entzun duzun kontzertu gogoangarri bat?
Michael Kiwanuka, Manchesterren, pasa den urtean, ikaragarria!
Eta zeuk eman izan duzunean?
Bilboko Kafe Antzokian, aurreko diskoaren aurkezpen biran.
Non bilatzen duzu inspirazioa?
Ez dut bilatzen. Jon Basagurenek eta biok uste dugu inspirazioak berak harrapatzen zaituela. Saiatu izan naiz eseri eta abesti bat egiten, baina inoiz ez zait ezer ateratzen.
Nori edo zeri ez zenioke inoiz kanturik eskainiko?
Futbolari.
Agertokira igo aurreko maniaren bat?
Hortzak garbitzea, eta asko gustatzen zait oinutsik ateratzea.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan?
Sandwichak egiteko osagaiak, oso zalea naiz.
Larunbat gauerako planik onena?
Ardo pare bat bikotekidearekin eta afari goxoa etxean.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea?
Euskal Herriko agertokietan emakumezkoen eta gizonezkoen kopurua parekatua dela.
Zerk ematen dizu lotsa?
Kontzertu batean, bat-batean, abestiaren hitzak ahaztea. Duela gutxi gertatu zitzaidan, eta egundoko lotsa sentitu nuen.
Eta beldurra?
Bakarrik egoteak.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Arnasketak.
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru?
Ez dakit... Musikarekin jarraituko dut, baina ez dakit nola. 
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Albaitaria.
Eta orain, zer ez duzu izan nahi?
Abokatua edo... Ez nuke nahi halako lanbide batean jardun.
Bi hitzetan, nolakoa da Libe?
Oso sentibera, zalantzatia eta lotsatia.