The Party

party

Zuzendaria: Sally Potter. Gidoia: Sally Potter. Aktoreak: Kristin Scott Thomas, Timothy Spall, Patricia Clarkson, Bruno Ganz, Cherry Jones, Emily Mortimer. Erresuma Batua, 2017.

Istorioa: Osasun ministro izendatu dute Janet. Hori dela eta, lagun taldea bildu da Janeten etxean. Ospakizun beharko lukeena, ordea, espero ez bezala amaituko da...
Ezaugarriak: Zuri-beltzean egina dago, iraupen laburra (70 minutu eskas) du, antzezlanaren tankera... Potterrek berak azaldu duenez, zineman nagusi diren zenbait arau urratzeko helburuaz egin du horrela filma. Testuaren erabilera zorrotzarekin batera, gaur egungo jendartean puri-purian diren hainbat gairi ezten zorroztuarekin heltzeko berariazko hautu eraginkorra.
Onena: Osasun sistema, boterea, alderdi politikoak, egungo jendartearen eta norbanakoen hamaika ezaugarri (edo arazo), matxismoa, feminismoa, kapitalismo basatia, familia... Inor gutxi libratzen da Potterren ziztadetatik, elkarrizketa arin, mamitsu zein gaiztoen eta aktore talde bikainaren ezinbesteko laguntzarekin.
Txarrena: Jomugatik kanpo ezer ez uzteko nahia sumatzen zaio, eta, ahalegin horretan, uneren batean irrist egiten du zertxobait. Labainkada bai, baina jausi eta zartakorik hartu gabe.
Eñaut Mitxelena