Atx Teatroa, zilegizko mendekuaz

tomiris

Tomiris izeneko bakarkako antzezlana estreinatuko du Atx Teatroa taldeak, apirilaren 21ean, Gasteizko Baratza aretoan. “Zilegizko mendekuari” buruzko obra da, formatu txikikoa; indarkeria matxistan ardaztuta, errealitatea eta fikzioa uztartzen ditu. Iñaki Ziarrustak sorturiko antzerki taldearen lanaren emaitza da Ziarrusta bera aktore bakar duen obra. Apirilaren 21eko estreinaldiaren ostean, maiatzaren 18an Laudioko Kultur Etxean ikusi ahal izango da, eta maiatzaren 27an, berriz, Bilboko La Fundicion aretoan. Emanaldi gehiagoren berri izateko edota antzezlanaren xehetasun guztiak ezagutzeko, jo www.atxteatroa.com gunera.


emakumeAMATASUNARI aurre egiteko hiru modu azaltzen ditu Hiru emakume antzerki lanak. Iragan martxoaren 15ean Arriaga Antzokian estreinatua, Arriaga Antzokiak berak bultzatutako proiektua da. Mireia Gabilondok zuzendu du antzezlana, Sylvia Plath idazle eta poetaren Hiru emakume poema sortan oinarrituta. Gabilondoren zuzendaritzapean, Ylenia Bagliettok, Ane Pikazak eta Ainhoa Etxebarriak antzezten dituzte protagonisten rolak, Maria Berasarte abeslariaren kantek eta Ane Lopez kontrabaxu jotzailearen doinuek lagunduta. Harkaitz Canok egokitu du antzezlana euskarara. Loraldia jaialdiaren barnean aurkeztu zuten, eta, aurrerantzean ere, leku gehiagotan eskainiko dute, hitzorduak zehazteke badituzte ere.

 

 

 

 

 

LABURREAN

KOKAKLEKU berria izango du, aurten, kale kulturari eskainitako Break On Stage jaialdiak: Bilbon izan beharrean, Derion egingo da, kiroldegian. Apirilaren 21ean izango da hitzordua, eta, ohi bezala, kale kulturari loturiko hainbat adierazpide batuko ditu: breakdance eta urban dance txapelketak, BMX eta parkour erakustaldiak... Egitarau osoa www.breakonstage.com/eu/ gunean dago ikusgai.

AUPA ETXEBESTE! (2005) egin eta hamahiru urtera, haren zuzendari Telmo Esnal eta Asier Altunak pelikularen bigarren zatia filmatuko dute. Irusoin ekoizpen etxeak ekoitzia, udan grabatzeko asmoa dute, Berria kazetak iragarri duenez. Etxebeste familiaren gorabeherak ardatz, euskarazko zinemaren urte askotako isiltasunari amaiera eman zion Aupa Etxebeste! komediak. Bigarren zatia ere komedia izango da, eta familia bera izango du protagonista, jatorrizko istorioa gertatu zenetik hamabi-hamahiru urtera. Ondo bidean, 2019an estreinatuko dute filma.

mamiXAKE PRODUKZIOAK taldearen Mami Lebrun antzezlanak jaso du XVIII. Donostia Antzerki Saria. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak banatzen dute,  antzerki konpainia profesionalek azken urtean hirian euskaraz eskainitako helduentzako antzerki lan onenari aitorpena egiteko. Ikuslea hunkitzen duelako saritu du epaimahaiak Mami Lebrun, memoriaz, iraganaz eta heriotzaz diharduen lana. Baita sorkuntza lan eta energia handikoa delako ere.