Hernani – New York - Hernani

norkNork Zer?!
Nork Zer?!
Hainbat diskoetxe, 2017

Operazio zentroa Hernanin du Nork Zer?! talde gipuzkoarrak,  duela gutxi sortuak, nahiz eta taldekideetako batzuk beste zenbait proiektutan aritu izan diren orain arte. Gehienak Oi! eszenatik eta Bardulia mugimendutik datoz, baina talde berriak hardcore oldarkor eta pisutsua egiten du, ez oso azkarra (nahiz eta Gogor beti eta abiada handiko beste kantu batzuk eduki), baina bai indartsua, trinkoa eta oso erritmikoa. Niri NYHC-New York Hardcore ildoko talde batzuk ekartzen dizkidate gogora (mosh pasarteak, bereziki, Agnostic Front, SOIA eta antzeko taldeen zordun dira); hori bai, talde horietako batzuen metal kutsua albo batera utzita (eskertzekoa dena). Oraindik orain kaleratu duten estreinako disko honetan, Bolbok baterian egin duen lana iruditu zait nabarmentzeko modukoa. Javier Ruiz Arregi Txorik egin dien azala ere oso ona da, beti bezala.
Gotzon Hermosilla