‘Egunsentiak alperrentzat’, Morauren lan berria

morau

Morauren azken obrak, diskoaz gain, lana osatzeko behar izan duen prozesu osoaren kontakizuna ere badakar, Morau-enea blogean. Intimista eta pertsonala oso, lanaren jatorrian daude Alzheimerrak jotako amaren gaixotasuna eta hamar urtez harekin ia egunero egindako paseoen kronika. Hernaniarrak blogean bildu ditu ibilaldi haietan ateratako argazkiak, sortutako hausnarketak eta pasieran jasotako oharretatik jaiotako kanten hitzak, sentimenduz josiak. Autoekoitzitako disko fisikoak, berriz, hamahiru kanta eta Mattinek abesti bakoitzerako sortutako marrazkiak batzen ditu. Estalkia bera ere artisau lana da, banan-banan eskuz egina, auzolanean. Bostehun ale kaleratu ditu, zuzenekoetan eta www.morau.eus gunean salgai jartzeko. Egunsentiak alperrentzat dastatzeko hurrengo kontzertuak: apirilaren 20an Soraluzeko Herriko Tabernan, 21ean Urdazubiko Nikolaurenean eta 22an Berako Kataku ostatuan.


izaroIZARO Eason diskoaren aurkezpen biran murgilduta dabil buru-belarri, Galizian eta Katalunian egunotan. Donostiarekin hertsiki lotutako bigarren disko honetan, mallabiarrak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez osatu ditu hamar abestiak. Musikariak adierazi duenez, lan hau aurrekoa (Om) baino “kontzienteagoa” da. Kontatu nahi izan omen du nola "aurkitu" zuen bere burua, nola igaro zen galduta zegoela konturatzetik zoriontasunera. Zuzenean entzun nahi duenak aukera ugari izango du:  hilaren 20an, Getariako Balenciaga museoan; 27an, Hernaniko kultur etxean; 28an, Baliarraingo Lopetedi baserrian. Maiatzean, berriz, Azpeitian, Berrizen, Errenterian, Lemoan, Madrilen, Lekeition eta Tolosan. Eta ekainean, Igorren, Basaurin eta Arrasaten.

 

 

 

 

liherTENPLUAK ERRE
Liher
Autoekoizpena, 2017

Taldearen bigarren disko honetako soinuak aurrekoak baino gogorragoak eta astunagoak dira, erritmo aldaketez nahiz distortsioz josiak. Hamaika abestiei stoner borondatea darie. Norabide berean, Lidek berak ere kantaera oldarkorragoa eta urratuagoa landu du. Hitzak, berriz, ironiarako atea zabalik utzi arren, kritika zorrotzera hurbiltzen dira; hortaz, sistema sostengatzen duten egiturak salatzeko eta kiskaltzeko deia da disko berria, musikagintzan nagusitu den “sortu, saldu, ahaztu eta hil” logika eraisteko oihua.

skastiYE
Skasti
Baga-Biga, 2018

Talde zarauztarraren laugarren diskoak denetik dauka, baina, ororen gainetik, musika une dantzagarriak eta irudimentsuak: popa, indiea, erritmo beltzak, funkya, rocka...  era gardenean eskainitako rock alternatiboa. Konplexurik gabeko hitzekin datoz, garai zail batetik ateratzear gaudela esanez, edota egokiena dela ikasitakoa historian naturaltasunez txertatzea eta egunerokora ekartzea. Horixe gauzatzearen aldeko oihu ozena da diskoa, taldearen musika aldarrikapena. Izenburua, Ye, besteak beste, ingeleseko oh yeah esamoldearen laburdura da taldekoentzat.