Euskararen sareko erabilera, egonkor

mapa

2017ko datuak neurtu ostean, azken hiru urteetan euskararen erabilera Interneten egonkor mantendu dela ondorioztatu du PuntuEUS Behatokiak. PuntuEUS Fundazioaren ekimena da behatokia, eta euskararen egoera, Interneten, neurtzen du. Hirugarren urtez jarraian egin du azterketa, eta hiru urteotan datuak gutxi aldatu direla jakinarazi du. Josu Waliño PuntuEUS Fundazioaren zuzendariak azaldu duenez, horrek erakusten du Interneten hizkuntza ohiturak aldatzeko epe ertain-luzerako politikak behar direla. Datu gehiago ere azaleratu ditu azterketak. Esaterako, Euskal Herriko webgune guztien artean 26.663k dutela euskarazko edukia; hau da, guztien % 16k. .EUS domeinua duten webguneetan, ehunekoa handiagoa da: % 90ek darabilte euskara. Zehazki, .EUS domeinuari dagokionez, azken ekitaldian % 22 hazi da. Hala, egun 8.100 domeinu izen daude erregistratuta. Hain zuzen, .EUS domeinu izenen erregistroen bilakaera historikoa grafikoki erakusteko asmoz sortu dute .EUS mapa proiektua. Irontec enpresak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin garatua, mapa.domeinuak.eus/ helbidean paratu dute erabiltzaileen eskura.


fernandezEUSKARAZKO EDUKIAK nahierara ikusteko aukera eskaintzen du JarriON-ek, Codesyntax enpresak sorturiko aplikazioak. Hainbat kanaletan argitaratutako bideoak sakelakoan ikus daitezke, baita telebistan ere, Chromecast gailua erabiliz gero (telebista Internetekin lotzeko balio du, eta 39 € balio du). Hainbat hedabide eta gunetako edukiak ikusi ahal dira JarriONen bidez: Euskal Telebista, Hamaika telebista, Goiena Telebista, TBX.eus Youtubeko euskarazko bideoen batzailea, Berria TB, Gaztezulo TB, Dantzan, Infosare sareko telebistak (28 Kanala, Goierri Telebista, Erlo Telebista, Oizmendi Telebista), Xaloa Telebista, Bertsoa.eus, eta Aiora Probatxoa eta Nerea Alias youtuberren kanalak. Edukiok www.jarrion.eus atarian ere ikus daitezke. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako 2deo euskarazko ikus-entzunezkoen sormen laborategiaren barnean garatu dute JarriON, eta dagoeneko eskuragarri dago Android sistema eragilea darabilten segapotoetarako.

 

 

 

LABURREAN

euskaraldiaAZAROAREN 23tik abenduaren 3ra, Euskaraldia egingo da Euskal Herri osoan, hizkuntza ohiturak eraldatzea eta euskararen erabilera handitzea helburu. Ekimena hainbat erakundek eta elkartek sustatu dute, tartean AEK-k. Hain justu, Euskaraldiari beren-beregi eskainitako atala paratu du AEK-k bere webgunean (www.aek.eus), hainbat informazio bilduta: ekimenaren inguruko albisteak, AEK-AHIZEren prestakuntza eskaintzari buruzko xehetasunak, informazio orokorra... Dena den, ez ahaztu ekimenaren ataria ere eskuragarri dagoela: euskaraldia.eus.

ziurtagiriaGAUR EGUNGO bizimoduei eta kontsumo joerei egokitzeko xedez, esparru digitalera egin du jauzi Bai Euskarari Elkartearen ziurtagiriak: Bai Euskarari, Sarean izeneko ziurtagiria sortu du, zerbitzuak eta produktuak sarean eskaintzen dituzten webguneetarako. Horrela, sarean euskaraz jarduten duten denda eta webguneak balioetsi nahi ditu. Bi maila ditu ziurtagiri berriak: Euskararen Bidean-Sarean eta Zerbitzua euskaraz-Sarean. Euskararen presentziaren eta erabileraren arabera lortu ahal izango dira bata edo bestea. Ziurtagiria eskuratu nahi dutenek elkartearekin jarri beharko dute harremanetan: www.baieuskarari.eus.