Etxetresnen matxinada

Errealitateak fikzioa gainditzen omen du, teknologiaren esparruan ere bai. Bestela, galdetu Estatu Batuetan Amazonen Echo bozgorailu adimenduen erabiltzaileei. Badakizue zer diren, ezta? Etxerako gailu txiki batzuk, ahozko galderei erantzuteko edota beste gailu batzuekin konektatu eta haiek ahots bidez kontrolatzeko balio dutenak. Badakizue: “Zer eguraldi izango da bihar?”, “piztu egongelako argia”, “jarri berogailua 20 gradutara”, eta abar...
Echo gailuak Alexa izeneko software batek kontrolatzen ditu, eta kontua da azken asteotan gauza beldurgarriak egiten ari dela. Echo asko, adibidez, barrezka hasi dira tupustean, inork agindu gabe. Pentsa zer izan behar den goizaldeko hiruretan lo seko egotea eta mesanotxeko bozgorailua zoro baten moduan barrezka hastea, besterik gabe!
Baina hori ez da larriena. Erabiltzaile batzuek kontatu dutenez, gailuek uko egin diote aginduak betetzeari: jabeak argia itzaltzeko eskatu, eta trasteak kasurik ez; jabeak azkenean argia eskuz itzali duenean, gailu zoroak berriro piztu du; jabeak berriz amatatu, eta makinak berriro piztu... eta, gainera, barrezka hasi! Erabiltzaile batzuek diotenez, azkenean erabat deskonektatu dituzte beren Echo gailuak, beldurraren beldurrez.
Alexaren jabeak, Amazonek, esan du arazoa software akats txiki bat dela. Orain arte, nahikoa zen gailu hauetako bati “Laugh!” (“Egin barre!”) agintzea trastea algaraka hasteko. Baina ahotsa ezagutzeko sistema ez omen dago nahikoa garatuta oraindik eta, Amazonen esanetan, batzuetan nahikoa zen zarata ozen bat (hozkailu baten motorraren zarata, txakur baten zaunka, kaletik pasatzen ari den  auto baten soinua) makinak “Laugh!” agindua ulertzeko.
Amazonek software eguneratze bat bidali die Echo gailu guztiei, barre egiteko agindua luzeagoa eginda (“Alexa, can you laugh?”) gaizki-ulertuak saihesteko. Tira, konforme; dena den, horrek ez du azaltzen argien kontua, ez eta etxe batean goizaldeko ordu txikietan musika topera jarrita eta algaraka topatu omen duten beste Echo gailuaren kasua ere...

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/alexa
Kasu bitxi hauei buruzko azalpen gehiago, Teknopataren Txokoan...

https://labur.eus/etorkizuna
Datozen traste berrien inguruko artikulua, Berrian.

https://labur.eus/echo
Amazon Echo-ren inguruko aspaldiko azalpen bat, Sustatu.eus-en.