Bakoitza bere frikiak

Bakoitzak bere zoroa bizi duela dio esaera zahar batek. Alderantziz ere esan daiteke, alegia, bakoitza bere zoroak bizi duela. Horixe etortzen zait burura “urlia friki hutsa da” entzuten dudan bakoitzean. Eskerrak friki asko (eta oso frikiak) gabiltzala hor zehar solte, sarritan gure zaletasun bitxi horrek alaitzen baitigu eguna: gure futbol taldea ez dakit zeini gailendu zaiola, gure gogoko artista lan berria argitaratzekotan dela, soziolinguistikaren inguruko saio batek arrakasta lortu duela telebistan... Horregatik esan dezakegu lasai asko: bakoitza bere frikiak bizi du.
Bada esaten duenik euskaldun edota euskaltzale izatea ere oso frikia dela. Baduela joera eta gustu nagusienetik ihes egitetik, berezi sentitu nahi izatetik. Baliteke. Ikerlari burutsuenek ere lotu izan dute identitatea bilatzearekin... Baina gatozen harira: euskaraz jardutea frikia bada eta blog bat izatea ere frikitasunetik gertu badago... zer da, bada, euskarazko blog bat egitea?
Sarean apur batez saltsatan ibiliz gero, harrituta geratuko zarete euskaraz (ere!) zer-nolako gauzak aurki daitezkeen, eta benetan pozgarria da aukera gero eta zabalagoa dela ikustea: baditugu palindromozaleak, zientziazaleak, zientzia-fikziozaleak, euren lehenengo nobela blog formatuan idazten ari direnak, modari buruzko idazleak, fisioterapeutak, filologoak, filosofoak, futbolzaleak, musikazaleak, azpitituluak idazten dituztenak, bertsozaleak, bertsoak gustuko ez dituztenak... Gustu guztietarako gaiak aurki ditzakegu euskal blogosferan; hartu tartetxo bat eta harritu egingo zarete.
Eta harritu ezean, badakizue zer egin behar duzuen: sortu blog bat eta konpartitu zuen zaletasun eta gogoetak. Azkar baino azkarrago topatuko dituzue jarraitzaile (edo etsai) sutsuak! Bakarka edo lagunekin egin dezakezue. Gai bakar baten inguruan edo unean uneko ateraldien araberakoa... ez dago mugarik! Eta, gainera, ba al da hori baino ariketa gozagarriagorik idazmena landu behar duzuenontzat?

Loturak, estekak, linkak...

http://zerorajasoa.com
“Palindromoak eta hitzperimentuak”. Markos Gimeno jenialaren bloga. Kontuz, menpekotasuna sor dezake eta!
http://warp5.net
Warp Bortz blogean, Makilakixki jaunaren harrikadak topatuko dituzue. Zientzia-fikzioa gustuko baduzue, ezinbestekoa duzue blog hau.
http://eibar.org/blogak/antigona
Elena Laka eta Leire Narbaizaren bloga, moda eta estilo kontuen ingurukoa. Berandu baino lehen ikusiko duzue zeuen burua bertan islatuta.