Bisoiaren dilema

azurmendiNerea Azurmendi

Bisoi amerikarra iragan mendeko 80ko hamarkadan ikusi genuen, estreinakoz, Iberiar penin-tsulako ibaietan aske eta basati. Geroztik gertatu denaren errua, baina, ezin zaie amerikarrei egotzi: hemengoek ekarri zituzten 30 bat urte lehenago, haztegi handietan sartu eta larruzko beroki bilakatzeko asmoz, ahalik eta azkarren. Bekatuan, penitentzia? Kontua da animaliatxo hori (latinez Neovison vison izena duena), SEAL komandoak baino eraginkorragoa suertatu dela gure ibai-ibilguetako biztanleak (bertako bisoiak, batik bat) garbitzeko orduan.
Inbaditzaileak direnez hemengoak baino handiagoak, indartsuagoak, gosetiagoak eta zailtasunetara egokitzeko trebeagoak, gerra irabazten ari dira oraingoz: europar bisoiaren santutegian, non Euskal Herria ere sartzen den, 500 bat ale autoktono baino ez omen dira gelditzen; borroka piztu da bertakoak babesteko eta arrotzak suntsitzeko, baina momentuz ez da bermatu behin betiko emaitza lasaigarririk.
Bisoi amerikarrek ihes egin zuten (edo askatu zituzten) haztegietatik, han larruzko beroki garestiak egiteko erabili nahi zituzten eta. Metafora iturri bilakatuta, nik kasua birziklatu dut beste jarduera baterako, animalien aurkako krudelkeriatik aparte. Euskaldunoi inork ez digu esplikatu behar zer den bertako ahulagoa defendatzea kanpotik datorren indartsuaren aurrean: ‘euskaldun’ hitzaren definizioaren zati izan beharko luke. Askotan akordatzen naiz Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuorde ohiak maiz aipatzen zuen hizkuntza darwinismoaz. Orain gogoratu naiz joan den udan Gipuzkoan sorturiko ‘bloke antiespezista’-rekin, zeinak aldarrikatzen baitu gizakia ez beste animaliak interes propiodun norbanakoak direla eta errespetua merezi dutela. Ikuspegi horretatik, errespetagarriagoak dira Europako bisoien interesak Ameriketako bisoienak baino? Edo ororen gainetik jartzen ditugu neanderthal ustez ahulagoak ezabatu zituzten cromagnon ustez trebeagoen oinordekoon nahiak?
Zorionez, agortu dut karaktere kopuru baimendua, eta ezin ditut hedatu nire zalantza ugariak gizataldeen arteko harremanen eremura. Eztabaida eta sesiorako gairik behar izatekotan, honatx bisoiaren dilema.