Kultura

futbolaZinema eta futbola bat eginda

Seigarren urtez, Thinking Football Film Festival zinema jaialdiak zinema eta futbola, futbola eta zinema, batuko ditu Bilbon. Futbolak gizartean duen rolari buruzko gogoeta egitea du helburu nagusi Athletic Club Fundazioak BBK Sala aretoarekin batera antolatzen duen jaialdiak. Horretarako, hainbat film eskaintzen dituzte; aurten, guztira, nazioarteko 12 lan izango dira ikusgai. Euskarazko lan bat ere ikusi ahal izango da: Irene Herreroren Iragartze film laburra, 2017ko Thinking Football-Euskaltel lehiaketa irabazi zuen lana, hain zuzen. Euskarazko sorkuntza bultzatzeko sortu zuten, iaz, lehiaketa, eta aurten jarraipena izango du. Egitarauari dagokionez, Stewart Sugg-en Kenny pelikularekin hasiko da jaialdia, martxoaren 5ean. Ondoren, emanaldiak hilaren 6an, 12an, 13an, 19an eta 20an izango dira. Futbola ardatz, orotariko14 gaiak dituzte hizpide aurtengo filmek: salaketa soziala (The Workers Cup), talderik gabeko futbolarien egoera gogorra (Zweikampfer), arrazakeria eta indarkeria (Forever Pure), futbola eta homosexualitatea (Forbidden Games: The Justin Fashanu Story)... Emanaldi guztiak BBK Salan izango dira, doan. Hortaz, azti ibili eta aztertu lehenbailehen egitarau osoa www.thinkingfootballfilmfestival.com/ jaialdiaren webgunean!