Sakelakoak

emitikonoakBeste 157 emotikono, bidean


Ilegorriak, burusoilak, ile kizkurra dutenak, hotza adieraztekoak, beldurtuak, superheroiak, kangurua, inurria, hegazterrena, mapatxea, plater hegalaria... jite eta kolore ezberdineko 157 emotikono gehiago erabili ahal izango dira, aurki, sakelakoetan. Izan ere, 2018ko emotikono berrien zerrenda osatu du Unicode konpainiak, urtero-urtero ikono ezagunen zerrenda eguneratzen duen enpresak. Zehazki, berriak 77 emotikono dira. Haatik, emotikonoen azalaren koloreak aintzat hartuta, 157 dira guztira. Behin zerrenda osatuta, berrikuntzak erabilgarri jartzea falta da. Horretarako, ordea, zertxobait itxaron beharko da. Zenbait sare sozialek, Twitterrek, esaterako, nahiko azkar egingo ditu bere. Sakelakoetan, aldiz, beranduxeago erabili ahal izango dira. Applek eta Googlek, adibidez, beren softwareak eguneratzean barneratuko dituzte. Alabaina, hori uda ostean izango da, irailean edo urrian. Nolanahi ere, bitartean izango da zer erabili eta non aukeratu: gaur-gaurkoz, guztira 2.823 emotikono daude onartuta.