Uriola.info, Bilbo inguruko albisteen ataria

uriola

Bilbon informazioa euskaraz eta auzolanean zabaltzeko asmoz, uriola.info komunikazio proiektua abiarazi dute Mahatserriko Berton aldizkariak, Deustualdeko Prest! aldizkariak eta Bilbo Hiria Irratiak, TOKIKOM toki komunikabideen bateragunearen laguntzarekin. Hedabide soila baino, plataforma da Uriola.info. Izan ere, erredakzioak landutako gaiez gain, Bilboko euskarazko hedabideen informazio bateratua eskaintzen du, eta, era berean, hiritarrek parte hartzeko eta informazioa helarazteko aukera.  Hala, dela plataformaren erabiltzaile bilakatuta, dela kide bihurtuta, egitasmoan parte hartzeko aukera izango dute Bilboko hiritar, elkarte, eragile eta bestelako taldeek. Erabiltzaile izanez gero, albisteetan erantzunak utzi ahal izango dira. Kide izanez gero, aldiz, atarian edukiak gehitzeko aukera izango da: argazkiak, artikuluak, iruzkinak... Izaera parte-hartzaile eta irekia lehenetsita, informazioa euskaraz emateaz gain, Bilboko euskaldunak aktibatu nahi ditu Uriola.info-k.