Bertsolaritza

bertsoTxapelketa Nagusiko uzta liburu batean bildu dute

Txapelketako 14 saioei buruzko kronikak, saio bakoitzetik hautatutako bertsoak, doinuen azterketak, partiturak, argazkiak... Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatutako 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiari buruzko liburua kaleratu berri du Bertsozale Elkarteak berak. Guztira, 492 orrialdeko liburua, CD batekin batera. Hala, bertsoak irakurri ez eze, entzun ere ahal izango dira. Guztira, 200 bertsoaldi, 700 bertso baino gehiago, jaso dituzte lanean. Horiez gain, hainbat adituk txapelketaren gainean idatzitako iritzi eta analisiak gehitu dizkiote liburuari, baita informazio orokorra ere: parte-hartzaileak, sailkapena, txapelketaren historia... Liburuaren salneurria 30 eurokoa da, Bertsozale Elkarteko bazkideentzat salbu: 25 euroan eskuratu ahal izango dute. Elkartearen egoitzan (Amasa-Villabonan) edota www.lanku.eus atarian eros daiteke.